“Etorkizun txarra ikusten diot baserriari, eta berandu gabiltza”

Eneritz Maiz Etxarri

Baserritarra da Agustin Artola (Amezketa, 1958). Amezketako Zuzitza baserrian jaio zen, kasko eder batean, Aralar mendikatea eta Txindoki mendia parez pare. Barru-barrutik bizi du baserria, eta, bizitzak baserritik kanpo lan egitera eraman bazuen ere, aukera izan zuen bezain pronto baserriko lanera itzultzea erabaki zuen. Haragitarako behiekin egiten du lan.

Baserrian jaio zinen.

Bai, eta leku oso gogorra zen bizitzeko. Orduan errepiderik ez genuen, eta Amezketako eskolara joateko lau kilometro egin behar izaten genituen oinez. 12 urte betetakoan, anaia zaharragoa lanean hasi zen, eta lehenik mandoekin esnea beheko errepidera jaitsi, etxera itzuli, eta gero joan behar izaten genuen eskolara.

Nolakoa zen zure ume garaiko baserria?

Oso ezberdina zen. Ganadu gutxi genuen, zortzi-hamar behi edukitzen genituen; idiak, hiru-lau txerri eta oiloak.Terreno aldetik askoz ere politagoa zen, eta garbiago mantentzen zen. Esnetarako behiak ziren, eta esne dezente ateratzen genuen. Garai hartan, berrehun litrora iristen ginen.

Gustuko lana zenuen?

Oso gustukoa nuen. Orain baino ganadu gutxiagorekin, gehiago maitatzen genuen ganadua, eta oso polita zen.

Belarretara joatea ere bai?

Eskuz egin behar izaten zen, eta gogorra zen, baina polita. Belarra bakarrik ez, udazkenean garo guztia ere bildu egiten zen azpietarako. Basoak garbi edukitzen ziren. Izugarrizko diferentzia dago gaur egunetik, eta egunero zegoen zerbait egiteko. Baserrian lana ez da behin ere bukatzen.

Gazte garaian zer bide hartu zenuen?

Nik eskola bukatu nuenean, nire atzetik zetorrena arreba zelako, beste bi urtez aritu nintzen baserrian lanean, 16 urtera arte. Anaia gazteagoa banuen; hura zegoen etxerako asmoan, eta, beraz, kanpoan hasi nintzen lanean. Asteburuetan-eta baserriko lanari eusten nion, ordea. Aita eta ama sasoiko zeuden garai hartan, eta guk ere laguntzen genien.

Soldata finko baten bila joan zinen kalera, ezta?

Bai. Gure etxean ume asko ginen, soldata bat behar zen, eta kalera joan ginen soldata horren bila. Baserrian soldata hura ziurtatuta egon balitz, seguru ez nintzela joango. Horrela tokatu zen, eta urte batzuk pasatu nituen kalean; baina aukera izan nuen bezala, bueltatu egin nintzen.

Baserritik bizitzea gustuko duzu, beraz.

Bai. Anaiak neska kaletarra bilatu zuen, eta hark kalera tira egin zion. Ni ordurako kalean bizi nintzen, seme-alabekin, baina kalea utzi eta baserrira etorri nintzen.

Badu zerbait, beraz, zuretzat baserriak.

Bai. Oso berezia da, eta nik gustukoa izan dut beti.

Orain baserria urte zailetan dagoela esaten da, baina atzera eginda ere urte zailak izango zituen, ezta?

Urte zailak baserriak beti izan ditu, baina nik uste dut urterik zailenak orain dituela. Orduan, baserri batean, hamar behirekin familia bat aurrera ateratzen zen. Gu hamar ume ginen, eta baserritik hazi ginen. Gaur egun, baserri batetik hamar ume ez dago hazterik. Gaur egun, ehun behirekin ere ezin da.

Zer gertatu da bidean?

Orain 30 urte, gaur daukan prezio bera zuen haragiak, eta esnea ere halatsu zegoen. Pentsua eta beste hainbat produktu nola garestitu diren ikusi, eta haragiaren eta esnearen prezioa bere horretan nola gelditu den ikusita… Tarterik ez dago. Eta gauza bera gertatzen da lege aldetik ere. Baserriari ez zaio behar denik lagundu, ezta gutxiagorik ere.

Zergatik erabaki zenuen haragitarako behiekin lanean hastea?

Baserri bat husten den bakoitzean izugarrizko pena hartzen dut. Beti izan dut gustukoa, eta nik hemen jarraituko dut. Seguru nago.

Txekorrak gizentzeaz gain, baserrian bada lanik, ezta?

Bai, bai. Belarrak egin, bazterrak garbitu, baratzea… Lana nahi beste edo gehiago dago. Zenbat eta gehiago egin, orduan eta lan gehiago ikusten da. Inoiz ez da bukatzen.

Urte sasoiaren arabera, lan karga ezberdina izango da, noski…

Bai. Azaroan, esaterako, behiak barrura sartzen ditugu. Barruko lana izaten da, eta bazterrak txukuntzea. Baina neguan jana izateko, udaberrian eta udan lan asko egin behar da. Behiak kanpora ateratzen dira, baina belarretan ere hasi behar izaten dugu. 50 bat hektarea ditugu, eta lan ugari dago egiteko.

Zeruari asko begiratzen diozu?

Bai, izugarri. Egunero. Gure lanean ezinbestekoa da. Eguraldiaren mende egin behar izaten dugu lan. Udaberrian eta udan gehiago, belarra moztu edo ondu behar denean.

Zer da baserrian lan egitetik gehien baloratzen duzuna?

Beste inork ez dizula agintzen. Norberak agindu behar dio bere buruari nora joan behar duen eta nola antolatu behar duen. Beste inork ez dizu esaten hori, eta gehiena horixe gustatzen zait. Batzuetan tokatzen da gustuko ez duzun lana egin behar izatea, baina inork ez du agintzen; norberak egin behar izaten du, obligazioz.

Eta zer da gutxien gustatzen zaizuna?

Adibidez, neguko egun txar horietan behietara-eta joan behar izatea. Paper kontuak entzun ere ez ditut egin nahi. Txarra naiz, eta galdu egiten naiz, eta andreak eta alabak eramaten dizkidate kontuak.

Inoiz pasatu zaizu burutik baserria erabat uztea?

Ez. Ez. Inoiz ez.

Zure ukuilura sartuz gero, zer ikusiko litzateke?

Hogei bat txahal daude, gizentzeko. Beste hamabost bat behi ere badaude, umeak izanda, txahal txikiekin. Eta behi antzuak eta umeak egitekoak ere bai. Bi ziklotan banatuta dauzkagu erditzeak: erdiak irail aldera jaiotzen dira, eta beste erdiak, udaberri aldera.

Atseden egunik baduzue baserrian?

Urtean pare bat egun-edo hartuko ditut azokara joateko; bestela, batere ez.

Egunero jaten dutelako behiek, ezta?

Bai, eta horiei eman egin behar izaten zaie. Nik, andreak edo alabak, baina norbaitek bai. Nik egun bat jai hartuz gero, beste batek eman behar izaten die. Hemen ezin da atea itxi eta alde egin.

Haragitarako txekorrek urte zailak bizi dituzte. Garai batetik asko aldatu al da egoera?

Izugarri aldatu da. 32 urte pasatu dira aitak lanak niri utzi zizkidanetik, eta gogoan dut kiloa 650 pezetan saldu nituela lehen txekorrak [3,9 euro]. 32 urte geroago, lau euro eta zentimo gutxian ari gara saltzen kiloa. Zentimo batzuen aldea baino ez dago. Bizi kalitatea bikoiztu egin da, eta pentsua hirukoiztu. Hori da zaila. Duela 32 urte hamar behirekin bizi bazinen, soldata hura lortzeko 50 behi behar dira orain; eta horrela ere ezinezkoa da ia-ia.

Etsigarria izango da, ezta?

Bai, baina asko gustatzen bazaizu, eutsi egiten diozu.

Txekorrak behin hazita, saltzea komeniko da, ezta? Erraz saltzen al dituzu?

Ez. Lehen, nahiko ondo saltzen genion harakin bati, baina hura erretiratu zen, eta ez da erraz saltzen. Gero eta zailagoa dago haragia saltzen.

Harakinen aldetik bada bertako haragia saltzeko interesik?

Batzuek badute, baina gutxi batzuk dira. Hemen inguruan hiru-lau harakin baino ez ditut ezagutzen bertako haragiarekin bakarrik lan egiten dutenak.

Kanpotik etortzen da haragia?

Bai. Gehienek saltoki handietako haragiarekin egiten dute lan.

Haragi gorriaren kontsumoa zalantzan jarri da azkenaldian. Ez dela jasangarria, txarra dela osasunerako, eta planetari ere kalte egiten omen diete behiek.

Hegazkinek ez dute kalterik egiten, behiek bakarrik. Jaio ginenetik, egunean bi aldiz haragi gorria janez bizi gara gu. Oraindik bizi gara, eta, oraingoz, ondo gaude osasunez. Ez dakit noren kontuak diren horiek, baina aurreragoko lanak badituzte hori esan dutenek.

Kaltea zuek jasango duzue, noski.

Horiek hegazkinak eta autoak eta… defendatzeagatik, guk daukagu kaltea, bai.

Uste duzu baloratzen dela baserritarrek egiten duzuen lana?

Ez; ez da baloratzen. Kaleko jendeari ez zaio erakutsi baserriak zer lan duen eta nolako lana den. Esnea eta haragia biltegi batean sortzen direla-edo iruditzen zaie.

Gizarteari esan egin behar zaio mendiak, landa eremuak eta paisaia zuek mantentzen dituzuela?

Esan egin behar litzaieke eskolatik hasita, eta berandu baino lehen, gainera, hau luzatzen ari da eta. Bakarrik geratuko dira kalean, inora ateratzen ez direla, sasiak hartuta, eta orduan konturatuko dira baserria zer den.

Lehen sektorea bazterrean dagoela sentitzen duzu?

Bai, oso baztertuta dago. Hasi nintzenetik, atzeraka goaz pixkana-pixkana.

Etiketa txar bat edukitzea da baserritar izatea?

Kaleko jendearentzat uste dut hala garela: etiketa txar bat. Ematen du hemengo kalte guztia guk egiten dugula. Eta gu ari gara eremu guztia garbitzen, baserriko lanak eginez. Belardi, mendi eta bazterrak baserritarrak garbitzen ditu ganaduarekin, eta, hala ere, ematen du kalte egiten dugula.

Erakundeek egiten dute ezer baserriaren alde?

Ezer gutxi. Askoz gehiago egin beharko lukete. Oso berandu gabiltza. Lehen garbi zeuden terrenoak zikintzen ari dira denak; sasiak hartzen ari dira, eta oso-oso zaila da horri buelta ematea. Eta gaurko gazteei ez esan halakorik; tarterik balego, agian, bakarren bat hasiko litzateke horretan, baina ez dago tarterik. Oso zaila da.

Etorkizunik ikusten diozu baserriari?

Etorkizun oso txarra ikusten diot. Etxetik ikusten dut. Kanpora joanda, etxeko soldataren bikoitza irabazten dute. Asteburuak, ostiralaz gero, libre dauzkate. Etxetik ari naiz ikusten oso zaila dela.

Lehen sektoreak iraungo badu, beharrezkoa da garaian garaikoa eta bertakoa kontsumitzea. Uste duzu gaur egun gizarteak begiratzen diola horri?

Gutxi batzuek bakarrik. Merkea izateari begiratzen zaio, ahalik eta dirurik gutxien gastatuta jateari. Kalitateak ez du inporta. Ez du asko axola zer jaten den; oporretara joateko behar da dirua.

Ezkor zaude…

Bai. Iloba asko ditut, eta etxetik ikusten dut joera hori.

Laguntzen dizute gazteek?

Zortea dut etxean, seme-alabek eta emazteak asko laguntzen didatelako. Anaiak ere baditut asko laguntzen didatenak, eta, alde horretatik, zortea dut. Baserrian, zenbat eta esku gehiago, orduan eta hobeto; asko estimatzen dut.

Zer esango zenioke lehen sektorean lanean hasi nahi duen gazte bati?

Asko gustatzen bazaio, aurrera egiteko esango nioke. Gustatu egin behar du, asko.

Herrian emakume pare bat animatu dituzu pausoa ematera.

Bai. Niri gustatu egiten zait baserriko mundu hori, eta bakarren bat etortzen bazait esanez gustatzen zaiola eta ikasiko lukeela… nik beti animatu egiten dut. Diru gutxiagorekin bizi daiteke, gustukoa baduzu. Gustuko lekuan ez omen dago aldaparik.

Alabak ere txerriak jarri ditu, ezta?

Bai. Berari bururatu zitzaion zerbait egin behar zuela. Muntaketa lanetan lagunduko niola esan nion, baina gero berak egin beharko zuela aurrera. Oso gustura ari da, eta baita ni ere bera horrela ikusita.