“Inoizko esperientziarik politenetakoa izango da”

Unai Zubeldia

Ohorea sentitzen dut, harrotasuna”. Xabier Gaztelumendik “esker ona” besterik ez dauka Gipuzkoako Bertsozale Elkartearentzat. Bertsozale gisa biziko du bihar arratsaldeko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, umetatik baita bertsozalea. “[Xabier] Amurizaren 1980ko eta 1982ko txapelen garaitik, bereziki”. Baina aita eta txapel jartzaile gisa ere biziko du finala —Beñat eta Unai Gaztelumendiren aita da—. “Sentimendu asko pilatuko zaizkit egun guztian, eta ez da erraza izango denak kontrolatzea. Baina inoizko esperientziarik politenetakoa izango da, ziur”.

Nolabaiteko omenaldia izaten da txapel jartzailearen aukeraketa, eta Gaztelumendik, “neurri batean”, hala ulertu du aurtengo izendapena ere. Hori bai, “erabat ezustean” jaso zuen albistea. “Joxe Mari Altunak deitu zidan telefonoz [Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea], Gipuzkoako Bertsozale Elkartean arazo txiki bat zeukatela-eta nirekin bilera txiki bat egin nahi zutela esanez”. Koldo Tapiaren deiari erantzunda, 2002tik 2010era Euskal Herriko Bertsozale Elkartean diruzain lanetan aritu zen Gaztelumendi, eta idazkari kargua hartu zuen 2011tik 2018ra. Iazko martxoan utzi zuen kargu hori. Bazkide izateari utzi ez dion arren, jada aldenduta dago elkartearen eguneroko dinamikatik. “Eta misterio pixka bat sortu zidan deiak. Baina, tira, arazoren bat konpondu nahian konfiantzan ari zirela pentsatu nuen”.

Beñat semeari galdezka ere ibili zen tartean, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko zuzendaritzako kide baita hura. “Eta bizpahiru kontu aipatu zizkidan, elkartasun kutxa eta bat eta beste, baina ezer argirik ez. Beñatek ere, artean, ez zekien ezer, noski”. Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariarekin batera azaldu zen Altuna hitzordura. “Eta hantxe bota zidaten, zapla: ‘Aurten zuk jarriko diozu txapela irabazleari’. Susto eta bertigo handiarekin jaso nuen albistea, eta baietz esan nuela, horixe bakarrik daukat gogoan, elkarteari inoiz ez diodalako eman ezezkorik”.

Xabier Gaztelumendiri txapela jartzeko ardura emanda, “itzaleko lana argitara ateratzea” izan da Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen helburua, baina zer dago itzaleko lan horren atzean? “Ez dakit… Plazagizonak izaten dira batzuk, baina beste batzuk ez ginen jaio plazagizon izateko. Mikrofonoek eta horrelakoek kalanbrea eman izan didate beti, eta errespetu handiarekin aritu izan naiz jendaurrean hitz egin behar izan dudanetan”. Ekonomialaria da Gaztelumendi, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun Sailean aritzen da lanean. “Elkartearen izenean, batzuetan, hitz egin behar izaten nuen Batzar Nagusietan-eta, kontuen berri emateko, eta lotsa edo erreparo pixka batekin aritu izan naiz lan horietan”.

Gaztelumendik azaldu du “oso kolektibo zabala” dela Bertsozale Elkartea. Bertan, soldatapean ari dira batzuk lanean, eta borondatezko lanean aritzen dira beste batzuk. “Bigarren multzo horretakoa nintzen ni, beste asko eta asko bezala”. Elkartean “hamaika batzorde” daudela azpimarratu du: “Txapelketako batzordea, epaileena, gai jartzaileena, genero batzordea, transmisioarena, sustapena, ikerkuntza… Jende anonimo asko ibiltzen da lanean, ahal duen ekarpena eginez bakoitza”. Alde horretatik, txapelketa bera eta biharko Illunbeko finala “izozmendiaren punta” direla azaldu du txapel jartzaileak. “Batzordeetan inor jabetu gabe lanean aritzen den jende hori ez balego ez bailitzateke egongo ez txapelketarik eta ez Illunberik”.

Bihar iluntzean, Xabier Gaztelumendi igoko da oholtzara irabazleari txapela jartzera. “Baina argi daukat jende asko igoko dela nirekin batera. Ni ez naiz igoko neure burua ordezkatuz, batzorde horietan isilean lanean ari diren guztiak ordezkatuz baizik”.

Gozatzeko aholkua

Onartu du Beñat semearentzat ez dela oso erosoa izango aurtengo txapel jartzailea aita izatea. “Bestela ere zaila izango da finalistaren galtzetan sartzea, eta, aita hor dagoela jakinda, are burrunba edo zarata handiagoa izango du inguruan. Baina, tira, hori administratzen ere asmatu beharko du”. Semeari txapela janztea “oso polita” litzatekeela onartu du. “Zortzi aukeretatik bat badago horretarako, eta bera da egungo txapelduna. Baina niretzat ohore handia izango da beste zazpi finalistetako edonori txapela janztea. Inork ez dezala morborik bilatu, behintzat, kontu horrekin”.

Finalak “polita izateko baldintza guztiak” dauzkala uste du txapel jartzaileak. “Parekidea izango delako, batetik, eta zortzi bertso proposamen ezberdin egongo direlako, bestetik; zirtolariagoak batzuk, arrazoizaleagoak beste batzuk, esplosiboagoak, diskurtsiboagoak… Aniztasun handia egongo da, eta aberasgarria da hori”. Bertsozaleei “gozatzeko” aholkua eman die Gaztelumendik. “Festa handi bat izango da, baina ez dezagun pentsatu bertsolaritza hori bakarrik denik; lan asko dago atzean”.