Lehen aldiz, lau gizonezko eta lau emakumezko izango dira Gipuzkoako finalean

Lehen aldiz, lau gizonezko eta lau emakumezko izango dira Gipuzkoako finalean

U. Zubeldia

Maiatzaren 4an hasi zen aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Gipuzkoa Bertsotan atariko kanporaketekin. 84 bertsolarik parte hartu zuten udaberriko lehen fase hartan, eta hamalau kanporaketa jokatu zituzten guztira. Nolabaiteko beroketa lana izan zen hura, final-zortzirenetarako prestaketa. Txapelketak irailaren 14an ekin zion azken faseari, Oñatin, eta, koska guztiak gaindituta, zortzi bertsolari ariko dira bertsotan biharko finalean, Donostian, Illunbeko zezen plazan (17:00): Agin Laburu, Alaia Martin, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Beñat Lizaso, Jon Maia, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren hamahirugarren finala izango da biharkoa. Euskaltzaindiak antolatu zituen lehen laurak, 1959koa, 1962koa, 1964koa eta 1967koa; eta Euskal Herriko eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteek 1999tik gaur egunera artekoak. Bada, finalisten batez besteko adina kontuan hartuta, orain arteko finalik zaharrenetan hirugarrena izango da biharkoa. 34,1 urteko batez besteko adina daukate biharko finalistek; batez bestekoa 36,6 urtekoa izan zen 1959an, eta 36 urtekoa 1962an. Gazteena, berriz, 2003koa izan zen: 26,2 urte.

Finala, bi zatitan

Biharko finalaren lehen zatian hamabosna bertso puntuagarri kantatu beharko ditu bertsolari bakoitzak: binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso; bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, hiruna bertso; binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso; eta bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Lan horiek amaituta, puntu gehien pilatzen duten bi bertsolariak igaroko dira buruz burukora, eta beste hamar bertso puntuagarri kantatu beharko ditu bakoitzak: binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean, hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian, puntutan, zortzi bertso osatu arte; eta kartzelako lanean, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Ion Zalduak eta Itziar Etxezarretak egingo dituzte finaleko aurkezle lanak, eta Amaia Otxotorena, Eneritz Azkue, Maite Sukia, Mikel Beloki, Mikel Lersundi eta Zigor Leunda ariko dira epaile lanetan. Aurretik bukatzen ez badira, bihar 13:00ak arte erosi ahal izango dira finalerako sarrerak, www.bertsosarrerak.eus webgunean. Txarteldegiak 15:00etan irekiko dituzte, Illunben.

Leave a Reply

Your email address will not be published.