28 urteko espetxe zigorra Izarren aitarentzat

28 urteko espetxe zigorra Izarren aitarentzat

Miren Garate

Valentziako Probintzia Auzitegiak ontzat jo zuen fiskaltzaren eta akusazio partikularraren tesia: umearen amari —Saja Majarenasi— min egiteko eraso zion Stytianos Messinezisek Izar alabari. Eraso matxista bat izan zen. Auzitegiak bi delituren egiletzat jo zuen Messinezis: alde batetik, Izar alaba hiltzen saiatzea egotzi zion, eta, bestetik, Majarenasi lesio psikikoak eragitea. Hala, 28 urteko zigorra ezarri zion —fiskalak eta akusazio partikularrak 30 urteko kartzelaldia zuten eskatua—.

2017ko urtarrilaren 15ean gertatu zen Izarren aurkako erasoa, akusatuak Benifaio herrian (Herrialde Katalanak) zuen etxean. Umeak 2 urte eta hamar hilabete zituen, eta Sara Majarenas amarekin bizi zen Picassenteko kartzelan, baina asteburuak aitarekin egiten zituen. Baimen horietako batean, Messinezisek bi labankada eman zizkion alabari, eta etxetik alde egin zuen, haurra hilda zegoelakoan. Labankaden ondorioz, Izarrek lesio larriak izan zituen urdailean, esofagoan, biriketan eta bihotzean.

Epaiaren arabera, erasoa “basatia” izan zen, eta nabarmendu zuen akusatuak berak pentsatu zuela alaba hil egin zuela, hala jakinarazi ziola segituan Majarenasen aitari telefonoz, hala aitortu ziela udaltzainei erasoaren egunean, eta hori berretsi zuela epaiketan. Izarren aurkako erasoarekin lotuta, bi larrigarri ezarri zizkioten, senide izatea eta genero aldagaia, eta aringarri bat onartu zioten, egindakoa aitortu izana.

Madrilgo Probintzia Auzitegiak, bestalde, espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarri zion gizonezko bati, Rakel Lopez eta haren semea hiltzea leporatuta. 2017ko maiatzaren 2an aurkitu zituzten ama-semeen hilotzak, Alcobendasen (Madril), beren etxean. Andrazkoak 44 urte zituen —Eibarkoa zen sortzez—, eta haren semeak, 12. Sententziak larrigarritzat hartu zituen ahaidetasuna eta “genero motiboek bultzatuta” jardutea. Hala, 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten andrearen hilketagatik, eta zigor iraunkor berrikusgarria haren semearenagatik.

Espainiako Auzitegi Gorenak 2011ko abenduko gertaera bat izan zuen aztergai. Antiguako etxe batean labankada baten ondorioz hilotz agertu zen J. S. 13 urteko mutikoa. 2017ko ekainean, Donostiako Auzitegiak hemeretzi urteko zigorra ezarri zion aitari; semea egun batzuk lehenago dibortzioa eskatu zion emazteaz mendeku hartzeko hil zuela ebatzi zuen. Aurtengo urtarrilean, Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen bikotekidearekiko “mendeku” gisa hil zuela gizonezkoak.

Bestalde, epaiketa amaituta, Donostiako tatuatzaile bat epaiaren zain dago. 2018ko otsailaren hasieran, emakume batek tatuatzaile horrek egindako erasoa salatu zuen sare sozialen bitartez, eta, horren ondorioz, Udaltzaingoak gertatutakoa aztertzeko ikerketa abiatu zuen. Gertakariak oihartzuna izan zuen hedabideetan, eta salaketak bata bestearen atzetik etorri ziren. Hamabi emakumek ezarritako salaketengatik epaitu zuten azkenean tatuatzailea; haien arabera, sexu ukituak eta iruzkin sexistak egin zizkien tatuajeak egin bitartean. Epaiketaren amaieran, 28 urteko zigorra eskatu zuen fiskaltzak, eta absoluzioa defentsak. Epaiketa hasi aurretik, urte eta erdi egin zuen preso behin-behinean gizonezkoak; alabaina, epaiketa amaitutakoan, epaia iritsi artean aske uztea erabaki zuen epaileak. Kontrol neurriak jarri zizkion.

Donostiako jaiak

Donostian bertan, Donostiako Piratek aurrez inoiz hartu gabeko erabaki bat hartu zuten jaietan: bertan behera utzi zuten abuztuaren 14ko egitaraua, aurreko egunetan gutxienez 11 sexu erasoren berri izan ostean. “Festetan parte hartzen dutenen %50en segurtasuna eta askatasuna bermatu ezin badira, ez dago festarik”, esan zuten. Programatuak zituzten ekitaldien ordez, manifestazio bat egin zuten arratsaldean hiriko erdiguneko kaleetan, eta jende ugari bildu zen protestan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.