Adostu direnak eta ez direnak

Miren Garate

Korapiloak askatu gabe jarraitzen dute Gipuzkoako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako lan gatazkan; are, inoiz baino estuago dagoela dirudi. ELAk deituta, greba hasi zuten abenduaren 13an, eta, aurrez akordiorik lortu ezean, urtarrilaren 10era arte iraungo du protestak. 2018ko irailetik 149 greba egun pilatuta dauzkate jada langileek, eta 179ra iritsiko lirateke urtarrilaren 10ean. Horrez gain, LAB sindikatuak beste hemezortzi greba egun egin ditu 2018ko irailetik. Lan baldintzak duintzeko eta zerbitzuaren “kalitate eskasa” hobetzeko eskatzen dute. Azaroaren 8an akordio bat hitzartu zuten enpresek UGT sindikatuarekin, langileen soldatak hobetzeko, baina gainerako sindikatuek gogorarazi zuten gatazka “hori baino zabalagoa” zela, eta mobilizazioekin segitzea erabaki zuten. ELAk ordezkatzen ditu langileen %60, eta LABek %20.

Enpresei ez ezik, langileen ordezkariek Gipuzkoako Foru Aldundiari ere etengabe eskatu diote “erantzukizunez” jokatzeko. Itunpekoak dira zentroetan eskaintzen diren lekurik gehienak, eta erakunde publikoaren erantzukizuna ezinbestekoa dela diote. Horixe aldarrikatzen dute egoiliarren senitartekoek ere, eta elkarretaratzeak egiten ari dira astero diputazioaren aurrean, konponbide eske.

Urratsen bat egiteko asmoz, ELAk Lan Harremanen Kontseiluan biltzeko deia egin zien aldundiari, egoitzak kudeatzen dituzten enpresei eta sindikatuei. Abenduaren 10erako jarri zuen hitzordua, baina LAB eta CCOO sindikatuek eta Matia eta Adegi patronalek soilik erantzun zioten ELAren deiari; aldundia ez zen agertu bilerara.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak elkarrizketa batean esan zuen mugimenduak egiteko prest dagoela, eta negoziazio mahaian eseri eta negoziatzeko eskatu zien sindikatuei eta patronalei. Azaldu zuenez, ordea, diputazioaren lehentasuna “zahar etxeetan bizi direnen ongizatea” da, eta horregatik eskatu zion Eusko Jaurlaritzarik %80ra igotzeko greba egunetako gutxiengo zerbitzuak; aurrez ere %50etik %70era igo zituen, eta ELAk helegitea jarri zion erabakiari. Langileen eskari guztiak onartzeko asmorik ez duela ere gehitu zuen diputatu nagusiak: “Mugitzeko prest gaude, baina luzera ere begiratu behar da; eskariak onartuz gero, arazoa konponduko genuke luze gabe, baina luzera ito egingo litzateke sistema”.

Grebaren ondorioak jasan arren, zaharren egoitzetako erabiltzaileek hileroko kuota berdin ordaindu dute denbora askoan. Senideen elkarteak hilabeteak zeramatzan aldundiari eskatzen zerbitzurik eman ez zuen orduen ordaina itzultzeko, eta aldundiak, azkenean, onartu egin du eskaera hori.

ARTE GRAFIKOAK

Hiru hilabeteko negozioazioan Adegik soldatak KPIra egokitzea baizik ez zuela eskaini iritzita, grebara jo zuten sindikatuek Gipuzkoako arte grafikoen sektorean ere. “Soldatatik gaindi doazen gaiak” ere kontuan hartu behar zirela zioten langileek eta euren ordezkariek. “Urte zailen ondoren sektorea ongi dagoelako, lan karga garrantzitsuekin”. Zortzi egunetan egin zuten lanuztea, eta beste bost egitekoak ziren azaroaren hasieran. Bigarren greba hasi baino egun batzuk lehenago lortu zuten, ordea, akordioa.

LABek eta UGTk eman zioten oniritzia patronalaren azken proposamenari, eta hitzarmenarekin lortutakoak nabarmendu zituzten: KPIaren gainetik zeuden soldata igoerak; bi kategoria baxuenak kentzea eta 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea; eta Estatuko hitzarmenak lehenasunik ez izatea, besteak beste. ELAk, berriz, aldarrikapenetatik urrun dagoen hitzarmena sinatzea egotzi zion LABi, sektorean gehiengoa duen sindikatuari —langileen %52 ordezkatzen ditu LABek, %46 ELAk, eta %2 UGTk—, bai eta “borroka presaka utziz” jada fruituak ematen hasia zen gatazka bat desaktibatzea ere. 1.300-1.400 langile inguruk osatzen dute Gipuzkoako arte grafikoen sektorea, tamaina txikiko 140-150 enpresak, gutxi gorabehera.

GARBIKETA

Bederatzi hilabeteko greba eta mobilizazioen ondoren sinatu zuten akordioa Gipuzkoako epaitegietako eta ertzain etxeetako garbiketa langileek eta Garbialdi enpresak. Azken horrek kudeatzen du garbiketa zerbitzua Gipuzkoako epaitegi eta ertzain etxeetan, Eusko Jaurlaritzak esleituta. Akordioan jasotakoaren arabera, kale garbitzaileekiko duten soldata arrakala %70 murriztu zaie. Horrez gain, Garbialdik aitortu die baldintza toxiko eta lan nekagarrietan aritzen direla; ondorioz, soldata osoaren %20 besteko plus bat izango dute.

Sindikatuek salatu zutenez, hitzarmenaren aurretik, eraikin judizialetako langileek kaleko garbitzaileek baino %7 gutxiago irabazten zuten, eta polizia etxeetakoek, %13 gutxiago. Kalekoen aldean, epaitegietakoa eta ertzain etxeetakoa “sektore feminizatuagoa” dela nabarmendu zuten langileen ordezkariek: %95 dira emakumeak; kalean, berriz, %80 gizonak. Grebak iraun zuen artean, sakon garbitu gabe egon ziren Gipuzkoako ertzain etxeak eta epaitegiak.

Aitzitik, eraikin eta lokalen garbitzaileek protestan jarraitzen dute. 5.000 inguru dira, gehienak emakumeak, eta kale garbitzaileek baino %28 apalagoa dute soldata. Lanaldi partzialak izatea oso ohikoa da sektorean, bai eta lanaldi osoa osatu ahal izateko langile bakoitzak kontratu bat baino gehiago izatea ere. Horrek ia egun osoan lanean aritzea eskatzen die langileei, lantoki batetik bestera joateko ere denbora behar dutelako.

UBIK

Luze joan zen Donostiako Tabakalera kultura garaikideko nazioarteko zentroko Ubik liburutegiko langileen lanuztea ere. 2018ko abenduaren 22an hasi zuten greba, zerbitzua kudeatzen duen Sedena enpresa azpikontratatuari lan baldintzak salatzeko eta soldata hobeak eskatzeko. Zazpi hilabete iraun zuen protestak, eta tarte horretan itxita egon zen Ubik.

Hitzarmen berria 2019tik 2022ra arte izango da indarrean, eta soldatak %32 handitzea, lanaldia urtean 97 ordu murriztea eta aurretik ez zituzten plusak jasotzea adostu dute; halaber, igande eta jaiegunetako plusa, prestutasun plusa eta antzinatasun plusa ere lortu zituzten langileek. Neurri ekonomikoez harago, kontziliazioari dagokionez ere hobekuntzak hitzartu zituzten; tartean, “egutegi jasangarriago eta ordenatuago bat” eta asteburuetan librantza gehiago izatea. Uda garaian oporrak hartzeko aukera ere edukiko dute.