Espero direnak eta galdera markak

Espero direnak eta galdera markak

Miren Garate

Euskaraldiaren urtea izango da 2020a, greba orokor bat egingo da, eta Gipuzkoako zenbait kirolari Tokioko Olinpiar Jokoetan lehiatuko dira. Aurrez aipatutako epeak betetzen badira, Cristina Iglesiasek Donostiako itsasargiko proiektua amaituko du, Deba eta Mutriku lotzen dituen errepidea zabalduko dute, eta Zubietako errauste planta bete-betean funtzionatzen hasiko da. Zahar etxeetako lan gatazka konpontzea lortuko duten ikusi egin beharko da, ikusi egin beharko den bezala Hondarribiko gazte talde batek egindako eskaerak inolako ondoriorik duen alardean. Urteurrenei lotutako kultur ekitaldiak ere izango dira: Jose Mari Iparragirre jaio zenetik bi mende beteko direlako, eta hamarkada bat Xabier Lete hil zenetik. Gertaera horiek eta askoz gehiago ekarriko ditu 2020. urteak Gipuzkoara.

A.
ARIGUNEAK
Lasai hitz egiteko guneak

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da bigarren Euskaraldia. Bi ardatz izango ditu: herritarren arteko hizkuntza ohituretan eragitea eta entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera hazteko neurriak bultzatzea. Hala, belarriprest eta ahobizi rolak ez ezik, ariguneak ere izango dira aurten. Euskaraz lasai hitz egiteko modua jartzen duten lekuak izango dira ariguneak, izan entitate barruan edo entitateak herritarrekin duen harremanean.

B.
BIDESARIAK
Garestiago

Urte aldaketarekin batera, salneurriak ere aldatu egiten dira, eta bidesarien prezioa da ia urtero garestitzen diren horietako bat. Gipuzkoan, ordainpeko errepide guztiak garestitu dira 2020an sartzearekin batera. Abiatu gailua erabiltzen dutenek ordaindu beharreko gehieneko prezioa ere %2,25 igo da: hilean 31,53 euro zen iaz, eta 32,24 euro aurten.

C.
CRISTINA IGLESIAS
Legegintzaldiko “proiektu garrantzitsuenetako bat”

Finkatutako epeak betetzen badira, Cristina Iglesiasek landu duen Santa Klara irlako itsasargiaren proiektua udazkenerako jarrita eta ikusgai egongo da. 2017ko apirilean aurkeztu zuen egitasmoa Donostiako udal gobernuak, eta legealdiko “garrantzitsuenetakotzat” jo izan du. Hustu egingo dute itsasargia, eta artistaren brontzezko pieza bat jarriko dute barruan. Iglesiasek sorterrian izango duen lehen obra publikoa izango da. Santa Klara irlako proiektua, ordea, ez da herritar guztien gustukoa. Besteak beste, Haritzalde, Bizilagunekin eta Ekologistak Martxan taldeek ingurumenean izan ditzakeen ondorioez ohartarazi dute, irlan turismoa areagotzeko arriskua ikusten baitute.

D.
DEBA-MUTRIKU LANAK
Otsailean amaitzekotan

Mutriku eta Deba lotzen dituen bide bakarretakoa da GI-638 errepidea. Egunean 6.000 ibilgailu inguru pasatzen dira handik. “Segurtasuna eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko”, iazko urtarrilean hasi ziren errepidea berritzen, eta hilabete batzuetan guztiz itxita egon da. Bi puntu ziren bereziki konplikatuak. Alde batetik, 106 metro luze den Alkoleako tunela; eta, bestetik, Hondarbeltz inguruan dagoen Ipitxarriko obren zatia. Azken fasean sartuta daude lanak, eta otsailerako amaitzea kalkulatzen dute.

E.
ERRAUSTE PLANTA
Martxan jartzear

Arazo teknikoak zirela medio, Zubietako erraustegia martxan jartzeko egutegia lau hilabete atzeratu zen iaz. Azaroaren 28an hasi ziren estreinakoz Gipuzkoako zaborrak erreko dituzten bi labeak berotzen, eta proba fasean dago azpiegitura. Aurreikuspenen arabera, martxorako bete-betean funtzionatuko du. Kezka sortzen du azpiegiturak ingurumenean eta inguruko herritarrengan izango duen eraginak. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren asmoa da azpiegiturak zabalduko duen kutsaduraren kontrol independentea egitea urtero.

F.
FAMILIA
Haurrak, nork hartuko zain

Harrerako familia baten zain jarraitzen dute dozenaka haurrek Gipuzkoan. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak azaroan emandako datuen arabera, 79 haur bizi dira zentroetan gaur egun. Horietako 35 familia boluntarioek har ditzakete, eta 44k familia espezializatuak behar dituzte. Kualifikazio espezifikoa eta erabateko prestutasuna eskatzen duen harrera modalitate hori indartzea da aurtengo helburuetako bat. 345 adingabe bizi dira harrera familiatan, eta beste 60k familia horiekin jarraitzen dute 18 urte beteak izan arren.

G.
GREBA OROKORRA
Aldarrikapen ugari protesta bakarrean

ELA, LAB eta beste hainbat sindikatu eta eragile elkartzen dituen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak greba orokorrerako deia egin du, urtarrilaren 30erako. Pentsio duinen aldeko borroka, kalitatezko enpleguaren aldekoa eta eskubide sozialen aldekoa uztartu nahi dituzte mobilizazio berean. “Egungo egoera ikusita, erantzunak eta alternatibak hainbat sektoretatik bideratu dira: pentsiodunetatik, feminismotik, ekologismotik eta lan baldintzen aldeko borroketatik”, esan zuten mugimenduko kideek deialdia egitean. 2009tik, bederatzigarren greba orokorra izango da.

H.
HONDARRIBIKO ALARDEA
Egoera bideratzeko deia

Hondarribiko alardearen inguruan dagoen gatazka konpontzera eta emakumeen parte hartzea bideratzera deitu zuen herriko gazte talde batek iazko urrian, manifestu baten bidez. Andreak soldadu gisa onartzen ez dituen desfilearen bueltakoak ziren gazte horiek: alardean ateratzen diren gizonak, kantinera izandako emakumeak eta desfilea espaloitik ikusten dutenak. Aurreko astean, berriz, beste agerraldi bat egin zuten, herritarren aurrean taldea formalki aurkezteko. Eskaera zehatz bat ere egin zuten: elkarrizketa mahai bat sor dezatela alardearen gatazka konpontzeko. Jakinarazi zutenez, alardeko eragile guztiekin bildu dira dagoeneko: Alarde fundazioarekin, Hondarribiko Emakumeak taldearekin, udalarekin eta Jaizkibel konpainiarekin. Ikusi egin beharko da talde horren egitasmoak eraginik baduen aurtengo ekitaldian.

I.
INGURUMENA
CO2 isurketak

Atzerako kontua hasi da autogileentzat. Aurrerantzean, Europako Batasunean saltzen dituzten ibilgailu arinek, batez beste, ezingo dute 95 gramo CO2 baino gehiago sortu kilometroko. Araua betetzen ez dutenek zigor ekonomiko handiak jasoko dituzte. Urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean araudia, eta hiru urteko epea dute enpresek egoerara egokitzeko. Araudi horren eraginak agerikoak izan dira azken hilabeteetako matrikulazioetan.

J.
JOSE MARI IPARRAGIRRE
200 urte jaio zenetik

Abuztuaren 12an 200 urte beteko dira Jose Maria Iparragirre (1820-1881) abeslari eta olerkaria jaio zenetik. Gitarra lagun, oraindik ere abesten diren kantu ugari sortu zituen. Harena da, esate baterako, Gernikako arbola ereserki ezaguna. Urteurrena ospatzeko eta Iparragirreri “XXI. mendeko leihotik” begiratzeko, Urretxuko Udalak hainbat jarduera antolatuko ditu urtean barrena: Angelita, Iparragirreren bertso askea Iparragirreren figura Angela Kerexetaren begietatik helarazten duen antzezlana, hari buruzko film dokumentala, Bertsoaren harria liburua, Iparragirre literatur sariak…

K.
KOTE CABEZUDO
Epaiketaren zain

Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiak uztailean amaitu zuen Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako auzi nagusiaren instrukzioa, eta epaiketaren zain dago kasua. Modaren arloko argazkiak egin zituen hainbat hamarralditan Cabezudok, eta, instrukzio epailearen arabera, kasu gehienetan kontratu bat sinatzen zuen modeloekin. Saioetan, biluzarazi egiten zituen, hitzemanez irudietan organo sexualak ez zirela azalduko. Gero, argazki horiek ordainpeko webgune pornografikoetan jartzen zituen, emakumeen baimenik gabe. Hala, 47 delitu leporatu dizkiote. Oraindik ez dago zehaztuta zer egunetan hasiko den auzi nagusia, baina otsailean beste epaiketa bat izango du argazkilariak. Bi kontratu faltsutzea eta epaiketan dokumentu faltsuak erabiltzea egozten diote; fiskalak zortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du kasu horrengatik. Gaur egun, espetxean dago Cabezudo.

L.
LILATOIA
Gero eta indar handiagoa

Urtez urte indarra hartzen ari da berdintasunaren aldeko herri lasterketa hori. 30 urte bete zituen iaz, eta eguna iristerako agortuta zeuden dortsalak. 5.500 emakumek egin zuten lasterka elastiko urdinak soinean zituztela eta espaloietatik zetozen animo oihuak lagun zituztela. Aurtengo data ere zehaztuta dago jadanik: martxoaren 1ean izango da, eta izena emateko epea zabalik dago. Super-emakumea izeneko abestiak girotuko du lasterketa.

M.
METROA
Aldaketak zirkulazioan

Metroa egiteko obren arrastoak agerikoak dira Donostian, eta are handiagoak izango dira laster, batik bat trafikoari dagokionez. Otsailetik aurrera, San Martin kaleak bide bakarra izango du Urbieta eta Hondarribia kaleen artean, eta garraio publikoko ibilgailuek, larrialdikoek, taxiek eta motorrek bakarrik izango dute handik pasatzeko aukera. Uztailean, berriz, erabat itxiko dute kale hori: udalaren kalkuluen arabera, urtebeterako. Easo kaletik desbideratuko dute trafikoa Askatasunaren hiribidera, eta han jarriko dituzte San Martin kaleko geltokiak.

N.
NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA
Zahar etxeak eta beste

Ez da lan gatazkarik gabeko urterik, eta 2020a ere ez da salbuespena izango. Zahar etxeetako eta eguneko zentroetako hitzarmena da sindikatuek eta patronalak negoziatu beharko duten horietako bat. Gaur-gaurkoz, erabat korapilatuta dago gaia. ELAk deituta, greban daude langileak, hain justu gaur arte, eta hura amaitzen denerako beste hilabete bateko lanuztea erregistratu du jada sindikatuak. 2018an hasi zituen protestak, eta dagoeneko 180 egun inguru egin dituzte greban. %60ko ordezkaritza du sektorean ELAk, eta %20 ingurukoa LABek. Azken horrek ere hainbat mobilizazio egin ditu, baina bakoitza bere aldetik ari dira protestan. UGTk, berriz, akordioa sinatu zuen azaroan enpresekin.

O.
OLINPIAR JOKOAK
Tokiorako prestatzen

Olinpiar Jokoen urtea izango da 2020a, eta Tokio begiz joa dute hainbat kirolari gipuzkoarrek. Sailkapena lortu nahian ari dira batzuk oraindik, eta beste batzuek jadanik ziurtatua dute Japonian izango direla. Hori da, esate baterako, Maialen Chourraut eta Ander Elosegi piraguisten kasua. Laugarren Olinpiar Jokoak izango dira batarentzat zein bestearentzat.

P.
PENTSIOAK
Gehiago lan egin behar

65 urte. Horixe da denbora askoan erretiroarekin gehien lotu izan den adina. Alabaina, krisi garaian egindako erreformak direla medio, egoera aldatzen ari da, eta atzeratzen ari da pentsio osoa kobratuz erretiratu ahal izateko adina. Aurten, 65 urte eta hamar hilabete izan beharko dituzte erretiroa hartu nahi dutenek. 2013tik 2018ra bitartean, urtero hilabete atzeratu zen adina, eta ordutik, bi hilabete atzeratuko da urtero, 2027ra arte (orduan, 67 urtean finkatuko da erretiro adina). Adinaren aldagaia ez ezik, kotizatutako urte kopurua aldatzea ere ekarri dute erreforma horiek. 2012an, erreforma indarrean jarri aurretik, 35 urtean edo gehiagoan kotizatu zutenek kobratzen zuten pentsio osoa; urtez urte, hiru hilabete gehituz joan da kopuru hori, eta aurten 37 urte kotizatuak izatea eskatuko da. 2027an, 38 urte eta sei hilabete kotizatzea izango da baldintza.

R.
REALA
Urrezko danborra ere bai

Urte ahaztezina izan zen 2019a Realaren futbol eta hockey taldeetako neskentzat. Espainiako Kopa irabazi zuten lehenek, Atletico Madril mendean hartuta, eta Europako Lauko Finala jokatu zuten bigarrenek —finalean 7-0 galdu zuen, Amsterdamen kontra—. Lorpen horien aitortza gisa, 2020ko Urrezko Danborra jasoko dute urtarrilaren 20an.

S.
SAHARA
Elkartasun karabana

Otsailaren 29an abiatuko da Donostiatik Saharara elkartasun karabana. Bederatzi kamioik osatuko dute aurten, eta alferrik galtzen ez diren elikagaiak eta sendagaiak eramango dituzte errefuxiatuen kanpamentuetara. Irauteko behar dituzten produktuez hornitzeaz gain, beste helburu batzuk ere baditu egitasmoak; hala nola, Marokoren okupazioa salatzea eta sahararren aldarrikapenei babesa ematea.

T.
TURISMO TASA
Nahia badago

Eusko Jaurlaritzak adierazi du ez duela turismo tasarik aplikatuko Euskal Autonomia Erkidego osoan, baina ez duela eragotziko udalerriek halako tasa bat jartzea. Gipuzkoako Diputazioa eta Donostiako Udala dira tasa horren alde hitz egin izan dutenetako batzuk. Neurri hori etorriko dela dirudien arren, oraindik ez dago argi zeini dagokion zerga martxan jartzeko eskumena.

U.
UNION ARTESANA
150 urte

Elkarte gastronomikorik zaharrena da Donostiako Union Artesana: 150 urte beteko ditu aurten. Urteurren hori ospatzeko, egitarau zabala antolatu dute urte osorako: su artifizialak, bertso saioa, jardunaldiak Michelin izarrak dituzten sukaldariekin, eta abar. 2021eko urtarrilaren 20ra arte iraungo du ospakizunak; hain zuzen, egun horretan, urketari emakume baten eskultura jarriko dute Sarriegi plazan. Gaur egun, danbor jotzaile gizonezko baten eskultura dago, eta haren ondoan jarriko dute. San Sebastian egunean “sorpresak” izango direla iragarri du elkarteak.

V.
VILLABONA-AMASA
Kilometroen eredu berria

Beste eredu bat hartuko du Kilometroak jaiak aurten. Gipuzkoako ikastolen aldeko ekitaldi horren asmoa da bi jaialdi mota antolatzea aurrerantzean: batetik, jaialdi txikiak, eskualde mailakoak eta Gipuzkoako ikastolen laguntzaz antolatutakoak; bestetik, herrialde mailako jaialdia, ikastola baten ardurapean egingo dena. Villabona-Amasako Zubimusu ikastolak antolatuko du lehena, eta urriaren 4an izango da. Korri, punpa, ttak leloa aukeratu dute.

W.
WISLA PLOCK
Bidasoa, Txapeldunen Ligan

23 urteren buruan, Bidasoa Txapeldunen Ligarako sailkatu zen berriz ere, eta emaitza oso onak lortu ditu orain artean. Txapeldunen Ligako multzoen fasea gaindituta —partida bakarra galdu du fase horretan—, final-zortzirenetarako sailkatzeko atariko kanporaketa jokatuko du. Zein izango duen aurkari ere badaki: Wisla Plock Poloniako taldea. Otsaileko azken bi asteburuetan jokatuko dituzte joan-etorrikoak: lehena, Plocken, otsailaren 22an (15:00), eta bigarrena, Irunen, otsailaren 29an (16:00).

X.
XABIER LETE
Hamar urte hil zenetik

2010. urteko abenduaren 4an hil zen Xabier Lete olerkari, kantari eta euskal kulturak 1960ko hamarkadan izan zuen pizkundearen eragileetako bat. Aurten izango da, beraz, haren heriotzaren hamargarren urteurrena. Hori baliatu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak sortzaile ez ezik diputazioko Kultura zuzendari eta Kultura diputatu ere izan zenari omenaldia egiteko. Besteak beste, honako egitasmo hauek iragarri ditu: orain lau urte eskuratu zituen artistaren funtsetan oinarritutako erakusketa bat, Leteren gaineko dokumental bat, eta poesia eta musika uztartuko dituen ekitaldi bat. Aurten beteko dira, halaber, hamar urte diputazioak Xabier Lete poesia saria abian jarri zuenetik. Bi urtetik behin antolatzen du, eta martxan dago aurtengo deialdia ere. Abendu hasieran amaitu zen lanak aurkezteko epea, eta martxoan jakinaraziko dute zeinek irabazi duen.

Y.
EUSKAL Y-A
Geltokia, lizitatuta

Eusko Jaurlaritzak Donostiako abiadura handiko trenaren geltokia egiteko lanen lizitazioa abiatu zuen abenduan, Euskal Trenbide Sarearen bidez. Lanak apirilean hastea da asmoa, eta, azaldu dutenez, 42 hilabete iraungo dute; beraz, 2023. urterako amaituta behar lukete. Proiektuak 97 milioi euroko aurrekontua du, baina inbertsio osoa 101,5 milioikoa izango da. Ezustekorik ezean, Donostiakoa izango da AHT abiadura handiko trenak Hegoaldean prest izango duen lehen geltokia. Obrak hiru ardatz nagusi izango ditu: geltokiaren gainean, Tabakaleraren parean, ia 6.000 metro koadroko plaza bat egingo dute; trenbidearen azpitik igarotzen den Egiako pasabidea zabaldu egingo dute; eta gune intermodal bat jarriko dute, autobus geltokia eta AHTaren eta aldiriko trenen geltokia batuko dituena.

Z.
ZALDUNBORDA
Merkatariak, kezkatuta

Gaintxurizketa mendatean dago Zaldunborda, Jaizkibel mendiaren magalean, eta Hondarribiko Udalak ekainean baimendu zuen han outlet edo “merkataritza herrixka bat” egiteko egitasmoa, hain zuzen ere Eusko Legebiltzarrak merkataritza gune handiak mugatzeko legea onartu bezperan. Higertoki SL da sustatzailea, eta, aipatu izan dituen datuen arabera, 28.000 metro koadro hartuko ditu guneak. Ehun denda baino gehiago jarri asmo dituzte, 2.000 aparkaleku, gasolindegi bat… Alabaina, proiektua geldirik dago oraingoz, Hondarribiko Udalak saltokia baimentzen zuen dekretua eten zuelako abenduan. Zehaztu zuen arrazoi administratiboengatik utzi zuela bertan behera; hain zuzen, enpresa sustatzaileak plan partzialean ez zituelako zuzendu udal arkitektoak atzemandako akatsak, eraikigarritasunaren betetze mailari buruzkoak eta eremuaren antolamendu urbanistikoaren ingurukoak, besteak beste. Erabaki horrek nolako ondorioak izango dituen ez dago argi. Proiektua defendatu duten bakarretakoa izan da Hondarribiko Udala, Gipuzkoako Diputazioak berak ere esan izan baitu ez dela bere “gustukoa”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.