Hotza, ohe hutsak eta ajea

Leire Narbaiza

Hotz, hotz egiten du azken boladan. Ordurik epelenetan eta eguzkitan egon arren, izozte sentsazioa bizi-bizia da. Askok esango didazue neguan gaudela, eta sasoiari dagokiona dela. Egia da. Esango nuke, hala ere, aurtengoa ez dela beste negu batzuk bezalakoa, bariatuagoa delako hemen urtaro ez-udatiarra.

Eurite, fronte eta tanta hotzak saldoka eta sailean etorri ondoren, egun argi hauek arintze bat ziruditen. Baina ez da hala izan, nire iritziz. Monotonia eta betikotasun itogarria iruditzen zaizkit niri, egun bustiak baino gehiago, ironia badirudi ere. Hotza, ia izotzik barik. Eguzkia, bero gabe. Continuum etsigarria. Monotonia arraroa.

Hotz amaigabe bat baino latzago. Horrela sentitu ditut Gabon hauek. Artikulua argitaratzen denerako, ahaztuta izango ditugu opor egunak, baina idazten jarri naizenean, Hegoaldean umeak oraindik ez dira eskolara itzuli. Beraz, niretako orainaldia dira Eguberriak. Orainaldia burutu bihurtuko dena laster. Gaurkotasun ia iraungia, gorputzaldi eskasa laga didana. Izan ere, urteko sasoi honetan barrua hutsik sentitzen dut. Grinch samarra izan arren —zirkunstantziek bultzatuta—, Gabonak “behar den moduan” egitea tokatzen zait. Gurpil zoroan erdi murgilduta, igeri egin nahian banabil ere, korronteak naroa zeri oratu topatu ezinda.

Aje moduko bat sentitzen dut egunotan, damu txikiek eraginda, seguruenera: opor egunak aprobetxatu ez ditudalako, egin beharreko guztia egin barik geratu zaidalako. Asmo eta planak difuminatu zaizkit otordu prestaketa, otoruntza eta harriko lanetan. Beti hotzetik.

Gainera, ohe hutsak nonahi ditugu, samina zabaltzen. Batzuk taupada bihurtu zaizkigu, besteak gomuta, baina falta dira, berdin-berdin. Aulki hutsak dauzkagu mahaietan, eta platerik ez jarri arren, presentzia ukigarria dira ia-ia. Egun hauetan inoiz baino presenteago daude horiek guztiak, eta giro hotz eskasari gehigarri bat eransten diote.

Ohe huts larregi ditugu, bai, dena hitsago bihurtzeko. Baina ohe bako pertsona gehiegi ere badaude kale bazterretan, kutxazain automatikoetako behegain hotzetan lotan, heriotzak harrapatu arte. Kaleko argiek berotasunik ez diete ematen. Led bonbillen argitasunak ez du fokua jartzen gizarte honen marjinetan bizirauten dutenen gainean, eta gehiegikeria erregea den egunetan Heriok ez du txanda-pasarik egin, berdin zaio. Zorionik ez da batzuendako, ezta “zorionak” nonahi opatzen digutenetan ere.

“Zorionak!” dakusagu kale eta dendetan, argiz eta espumilloiz lagunduta. Baina zer da zoriona? Badirudi musika ergelek eta irribarre faltsuek egunerokotasunaren gurpil zoroa eraldatu nahi dutela optimismo eta begirada inozo batekin. Posible balitz, sikiera! Ospakizun egunak zirenak muntaia erraldoi bihurtu dituzte/ditugu. Asmakeria hutsa. Ilusio faltsuak azalutsa den eta plantak egiten dituen gizarte baten isla, gure irudirik okerrena.

Eta hala bueltatuko naiz beharrera, hotza barruan sartuta. Diru gutxiago patrikan, kilo gehiago aldean, eta aje erraldoia soinean. Parranda osteko biharamunekin legez, “ez dut berriro egingo” proposatuko ote diogu geure buruari? Beteko ote dugu? Noizko ganorazko negua? Noizko elurra?