Mendia eta yoga, loturik

Imanol Garcia Landa

Goza ezazu mendiaz modu kontzientean”. Esaldi horrekin aurkezten du Edurne Torok (Donostia, 1977) orain gutxi martxan jarri duen www.pirineonorth.com webgunea. Bertatik eskaintzen ditu bere zerbitzuak, elkartuta bizi dituenak: mendia, eskalada eta yoga.

Torok txikitatik izan ditu mendiarekiko eta autoezagutzarako joerak. Torok 9 urte zituela, Donostiatik Ibarrara lekualdatu zen familia, eta ingurukoekin hasi zen mendiarekin lotura izaten, gaztetatik hainbatetan Pirinioetara joan baitzen. “Mendiak igotzen nituen, sakanak egin, eskalada eta iraupen eskia ere bai… Betidanik egon izan naiz lotuta mendiarekin. Tolosako Oargi eta Alpino Uzturre taldeko kideekin ibiltzen nintzen batera eta bestera, normalean ni baino zaharragoak zirenekin”, ekarri du gogora.

Meditazioarekiko eta yogarekiko lotura “nahiko autodidakta” izan zen hasieran. “Berezko zerbait izan zen. Txikitatik gustatzen zitzaidan meditazioa. Nire aitaren liburu batzuk topatu nituen yogari eta erlaxazio teknikei buruzkoak, eta neure kasa egiten hasi nintzen”. Ondoren, 19 urte zituela, Huescan (Espainia) dagoen Panillo herriko zentro budistara joatea erabaki zuen, eta bi urte egin zituen han. “Meditazio budista ikasi nuen bertan, eta tibetera hizkuntza ere bai. Ahal izan nuen gehiena praktikatuz igaro nuen egonaldia”. Sukaldaritza ikasketak eginak zituen aurretik, eta sukaldari moduan aritu zen lanean han.

Mendian zein meditazio eta yoga tekniketan sakonduz joan da Toro pixkanaka, eta hainbat prestakuntza eta titulu ere baditu. Besteak beste, UIMLA agiria, erdi mailako mendietan nazioarteko gidari moduan aritzeko titulua. Horrez gain, iraupen eskiko eta eskaladako ikastaroak emateko prestakuntza ere badu. Panillon zegoela zabaldu zituen yogari buruzko ezagutzak, eta orain urte gutxi atera du irakasle titulua.

“Hori guztia integratuz joan naiz”, azaldu du Torok. “Hau da, yogan eta meditazioan ikasiz joan naizen guztia mendiko hainbat teknika eta alorrekin uztartu dut”. Bide horretan argi du buruaren helburuak ez duela lainotu behar zentzumenen helburua, edo beste modu batera esanda: “Sentsazio guztiak lortu ahal izatea norbere buruak oztoporik jarri gabe”. Adibide bat jarri du: “Pertsona batek oso ondo eskiatu nahi du, baina denbora guztian hori buruan edukitzeak blokeatu egiten du lehen oinarriak ikasteko, eta oinarri horiek beharrezkoak dira gero hobetu ahal izateko”. Torok gaineratu duenez, lehen oinarri horiek ikastean orainean jarriz gero arreta, oso ondo eskiatu nahi duzula pentsatu gabe eta desio horrek sortzen duen blokeo hori gabe, “askoz azkarrago” lortzen da hobekuntza.

Udan Alpeetara joaten da normalean, eta negua Pirinioetan igarotzen du, Benasque inguruan (Huesca, Espainia). Egun duen www.pirineonorth.com atariko eskaintza pixkanaka joan da osatzen. Mundu osoan eskaintzen du ikastaroak eta espedizioak egiteko aukera. Esaterako, Bhutanen trekkingak gidatu izan ditu, Himalaia mendikatean dagoen Jomolhari mendiaren inguruan. “Bertakoari buruz ezagutza badudanez, jendearekin hara joatean hango historiari, filosofiari eta budismoari buruz ere hitz egin dezaket”, azaldu du. Horrez gain, Indian ere gidatu izan ditu zenbait trekking.

Horrelako bidaia edo espedizioetara joaten direnek yoga eta meditazioa egiteko aukera izaten dute, beraz. “Hainbat egun irauten duen trekking batean yogaren teknikak txertatzen ditugu, bai posturak eta bai arnasketak eginez, eta, horrez gain, egunerokoa meditazioaren zein yogaren tekniken bitartez nola bizi daitekeen lantzen dugu”, zehaztu du. “Egiten ari zarenari buruz kontzienteago izatea dute helburu praktika horiek, eta hori errazago lortzen da gustuko leku batean”.

Bestalde, Torok gaineratu duenez, mendiko ikastaroetan edo espedizioetan parte hartzen dutenek ez dute nahitaez interesik izan behar meditazioaren edota autoezagutzaren munduan: “Ez dago horretarako inolako obligaziorik. Gauza ezberdin bat eskaintzen dut nik, bide hori aukeratu dudalako, eta teknika horiek aplikatzen ditut, jendeak gehiago goza dezan, eta ikastaroetan edo trekkingetan parte hartzen dutenak kontzienteago izan daitezen inguruan dutenaz”.

Kontzentrazioa lantzen

Torok dio mendizaletasunak eta norbere burua ezagutzeak badutela loturarik. “Bakoitzaren gaitasunek ematen dute modua mendian ohiko jardunetik kanpo dauden gauzak egiteko; esaterako, pareta oso zailak modu askean eskalatzea. Hortik aurrera, dituzun gaitasunez aparte kontzentrazioa ere lantzen baduzu, horrek ere laguntzen du. Kontzienteago izanez, askoz azkarrago lortzen da kontzentrazioa, eta, beraz, burua ez bazaizu batera eta bestera joaten, modu eraginkorragoan iritsiko zara nahi duzun helburura”.

Yogak eta meditazio teknikek horretan laguntzen dutela uste du Torok: “Kontzienteago bihurtuz zein eraginkorrago izanez, eta baita esperientzia osoagoa izanez ere, buruko zalapartetan erori gabe; horrek eragiten digu buruko dispertsioa, eta eragiten du une honetan bertan ez egotea”.

Halako esperientziak edukitzeko, inguruneak, naturak eta oporretan egoteak asko laguntzen dutela gaineratu du Torok: “Kasu horietan ez duzu hainbeste pentsatzen zer egin behar duzun, zein den zure betebeharra, baizik eta unean bertan zaude, eta sentitu besterik ez duzu egin behar”.