Olaia Irulegi: “Diseinugileen rola lehen baino askoz zabalagoa da”

Olaia Irulegi: “Diseinugileen rola lehen baino askoz zabalagoa da”

Miren Garate

Mugak Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko II. Bienalaren testuinguruan, Orain diseinua! Euskadi eta industria erakusketa dago ikusgai Donostiako Tabakaleran —otsailaren 9ra arte—. Erakusketa horren harira, jarduera osagarriak egiteko premia ikusi zuten, eta horietako bat izango da Orain diseinugileak! Erronka berrietarako profesionalak mahai ingurua. Euskadiko Diseinugileen Elkarteak (Eide) eta Tabakalerak antolatuta, “diseinuaren euskal ekosisteman” parte hartzen duten hainbat eragile bilduko dituzte, lanbideak izandako bilakaeraz eta etorkizuneko erronkez hitz egiteko, besteak beste. Ostegunean izango da, eta Olaia Irulegi (Lasarte-Oria, 1981) diseinatzaile, Diaradesign enpresako zuzendari eta Eideko zuzendaritzako kideak moderatuko du mahai ingurua.

Mahai inguruan, besteak beste, azalduko duzue zer den diseinatzaile bat eta zer rol duen produktu baten sorreran edo enpresa baten arrakastan. Oraindik ere kosta egiten da diseinatzaileen lana ikusaraztea?

Diseinatzaileak aspalditik gaude, aspalditik lan egiten da diseinuan, baina iruditzen zaigu oraindik beharrezkoa dela diseinatzaile baten eginbeharra zein den edo zer egin dezakeen azaltzea; are gehiago gaur egun, diziplina berriak ari baitira sortzen. Produktuaren diseinua edo diseinu grafikoa zer den errazago ulertzen du jendeak, baina zerbitzuen diseinatzaileak, esperientzien diseinatzaileak, mundu digitaleko diseinatzaileak eta abar ere badaude orain. Mundu honetan gabiltzanok badakigu zer diziplina berri dauden, baina gizarteari oraindik ere esan egin behar zaio diseinatzailea ez dela produktu diseinatzailea edo diseinatzaile grafikoa bakarrik, beste eremu batzuetan ere egiten ditugula proiektuak eta eman ditzakegula erantzunak.

Bi bloke nagusi izango ditu mahai inguruak. Aurrenekoan, diseinatzaileen profil profesionalaz ariko zarete. Zer gai landuko dituzue?

Diseinatzailearen profila aldatuz joan da; lehen, babes edo euskarri tekniko bat ginen, eta, orain, estrategian ere sar gaitezke. Bilakaera edo egokitzapen horrek merkatuarekin batera joan behar du, eta, horregatik, oso garrantzitsua da entzutea gizarteak, administrazioek eta enpresek zer behar dituzten, gure profilak ere egokituz joateko. Lehen bloke horretan, diseinatzaileek gaur egun duten rolaz, eskatu izan zaizkien zereginek izandako bilakaeraz eta abarrez hausnartuko dugu.

Asko aldatu da diseinatzaileari eskatzen zaiona?

Bai. Adibidez, 1980ko hamarkadan, diseinatzaile batek bizikleta bat diseinatu behar bazuen, material bat eta erabiltzailea zituen; hau da, gauza oso konkretu bat eskatzen zitzaion. Diseinatzailearen rola lehen baino askoz zabalagoa da orain. Adibidez, ospitale bateko zerbitzu bat diseinatzea izan daiteke zerbitzuen diseinatzaile baten lana, eta erabiltzaileak zerbitzu horrekiko zer pauso ematen dituen ikusi beharko du, zer harreman duen, espazioak hartu beharko ditu kontuan, komunikazioa, produktuak… Diziplina anitzeko taldeetan lan egiteko ahalmena ere eskatzen zaio diseinatzaileari, erantzun holistikoak emateko gaitasuna.

Bigarren blokean, erronkez ariko zarete, gizartearen eta enpresen erronken aurrean diseinuak eman ditzakeen erantzunez, alegia.

Enpresek, gizarteak, administrazioak eta abarrek zer erronka edo proiektu estrategiko dituzten ikusi nahi dugu, diseinuak horiei nola lagun diezaiekeen jakiteko. Adibidez, hiriak aldatzen ari dira, eta diseinatzaileek ere azter dezakete nolakoa izango den mugikortasuna etorkizunean, erabiltzailearen ikuspegitik. Enpresek ere erronka ugari dituzte, lehiakortasunaren arloan, enpleguaren arloan eta abar; horiei nola lagun diezaieke diseinuak? Beste herrialde batzuetan, Ingalaterran kasurako, diseinatzaileak administrazioan bertan daude lanean. Hemen, oraindik urrun ikusten da hori, baina utopia bat da ala gerta daiteke hemen ere? Halako gauzak landuko ditugu. Horrez gain, diseinatzaileek berek dituzten erronkez ere ariko gara, mundua aldatzen ari baita eta guk ere egokitu egin behar baitugu.

Ana Malagonek (La Personnalite), Eneko Muruzabalek (Prosumerlab), Iñaki Remirok (Bellota), Leire Francesek (Tecnum), Itsaso Gonzalezek (DBZ-MU) eta Amaia Martinezek (Spri) hartuko dute parte mahai inguruan. Zer bilatu nahi izan duzue askotariko profilak dituen jendea bilduta?

Euskadiko Diseinugileen Elkartearen helburua, azken urteotan, traktore lanak egitea izan da, eta horrek esan nahi du ekosistema osoa izan behar dugula kontuan. Ez du zentzurik bakoitza bere aldetik joateak; horregatik, elkartearen roletako bat da espazio komun horiek sortzea, gogoetarako balioko dutenak, eta mahai inguru hau ere hortik sortu da. Arlo ezberdinetako ordezkari batzuk aukeratu ditugu, denon artean gogoeta egiteko.

Tabakalerako erakusketa, produktuaren ikuspegitik dago bideratuta. Mahai inguruan, berriz, diseinatzaileak izango dituzue ardatz.

Iruditu zitzaigun erakusketaren osagarri izan behar zuela mahai inguruak, eta balioa eman behar geniola diseinatzaileari ere, azken batean produktu horien atzean diseinatzaileak daudelako. Horrez gain, esan nahi dugu hemen ere diseinatzaile asko ditugula, eta nahikoa gaitasun dugula hemengo eta atzerriko enpresekin lan egiteko.

Prestakuntzarako aukeren kontua nola dago Euskal Herrian?

Mondragon izan zen diseinua erakusten hasi zen lehen unibertsitatea. 1996koa da lehen promozioa, baina ordutik eskaintza asko zabaldu da, eta Euskal Herriko ia unibertsitate guztietan dago diseinu industriala ikasteko aukera. Produktu eta zerbitzuen diseinu estrategikoa ikasteko masterrak ere baditugu.

Noiz esaten da diseinu bat ona dela?

Erabiltzailearen beharrak eta desioak era arrakastatsu eta natural batean asetzen dituenean. Horretarako, hasieratik lan egin behar da dineinatzaileekin, merkatuak eskatzen duena ulertu eta ondo bideratutako erantzun lehiakor eta jasangarriak emateko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.