Berezko izaera indartuta

Berezko izaera indartuta

Unai Zubeldia

Joan den asteburuko beroketa lanen ondoren, astelehenean danbor soinuekin indarrak ahitu arteko atsedenik ez dute izango, asteburu luze honetan, Donostian, Antiguako jaietan. “Oso giro onean joan da lehen asteburua, jende dezente inguratu da, eta ez dugu izan gorabehera berezirik”, adierazi du Asier Garikano Antiguako jai batzordeko kideak. “Bereziak dira festa hauek, donostiarrentzat, eta, batez ere, antiguatarrentzat, San Sebastian eguna delako urteko egunik bereziena. Autogestioaren bidetik, auzoan oso giro polita eta sanoa sortzen da urtero, Parte Zaharreko saturaziorik gabea”.

Egutegiak hala markatuta, aldaketa batzuk egin behar izan dituzte aurten. “Normalean, poteo elegantea izaten dugu lehen asteburuan, ostiralean, baina astebete atzeratu behar izan genuen, auzolanean prestatzen dugun herri bazkaria lehen asteburura pasatu genuelako”. 590 lagun elkartu ziren larunbateko bazkarian. Elektrotxaranga ere izan zuten, puzgarriak, kontzertuak, Txillardegiren omenez egindako ekitaldia, bertso sariketa… “Barne hausnarketa eginda, txupinazoa da hobetu beharreko ekitaldi bakarrenetakoa; ez dugu asmatzen gauza bereziagoren bat egiten, baina saiatuko gara hurrengo urterako horri buelta bat ematen”.

Aste guztian gorputza bere onera ekarrita, Antiguan poteo elegantearekin berrekingo diete, gaur, sansebastianei. “Hamabost-hogei urte badaramatzagu jada, eta ostirala oso egun berezia izaten da antiguatarrentzat”, aitortu du Garikanok. “Donostiako hainbat auzotatik etortzen zaigu jendea, dotore jantzita, eta oso festa polita izaten da, mozorrotuta ibiltzen garelako, azken batean”. Behin poteo elegantea eginda, auzoko eta inguruko talde apalei oholtzara igotzeko aukera eskaintzen diete urtero, Auzo-rock jaialdiarekin. Pilotalekuan izango da jaialdi hori, 22:30ean, eta Silicier Grizzlies, Kontrabando eta Khatxis taldeen emanaldiekin gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek.

Jai batzordeko kideak azpimarratu duenez, biharko Antiguarock jaialdiaren atarikoa izango da gaurkoa, “larunbatean garrantzi berezia hartuko baitu musikak”. Alde batetik, Jotakie eta Plan B taldeen emanaldiak izango dira Txantxarreka gaztetxean, 20:00etan, eta, bestetik, Lisabo, Mursego eta Telmo Trenor DJen saioa izango da pilotalekuan, 22:30ean. “Musikaz asko dakiten taldeak dira guztiak, eta aukera polita izango da”. Bi gune horiez gain, Doka kafe antzokian ere kontzertuak izango dira bihar, 20:00etan, Kaos Urbano eta The Guilty Brigade taldeen eskutik.

Lau hilabeteko itzaleko lana

Joan den asteburutik ospakizun giro betean murgilduta dabil Antigua, baina Garikanok onartu du “lau bat hilabeteko lana” dagoela jaien atzean. “Ez da erraza izaten dena ondo lotzea, beti izaten delako aldaketaren bat edo beste”. Eta, horrez gain, itzaleko lanaren parte izaten da komertzioetara eta auzoko eragileengana joatea eta laguntza eta inplikazioa eskatzea. “Hori bai, Antiguak berezkoa du auzo izaera hori, eta jende asko inguratzen da antolaketan laguntzera. Gehienek badaukate ardura hori”.

Gaurko eta biharko ez dago eguraldi oso ona iragarrita. “Baina horrekin ez gara gehiegi kezkatuko. Urtarrila izanda, ohituta gaude dagoeneko, eta mentalizatuta gaude. Igande gaua eta astelehena libratuz gero, nahikoa izango da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.