Kamisete(ki)n historia idatziz

Kamisete(ki)n historia idatziz

Beñat Alberdi

Oroitzapen gisa eros daiteke kamiseta bat; kontzertu batekoa, kasurako. Baina, finean, elastikoa bera bilakatzen da gogorapen edo bertara heltzeko kanal. Beste kontu bat da kamiseta horrek non bukatu duen; pijama gisa askotan. Iker Barandiaran kazetari arrasatearrak gordeta dauzka kamiseta gehienak, eta hari gisa hartu ditu Twitterren #kontamisetak eta #kamitales traolekin. Elastikoa bitarteko gisa hartuta, harekin lotura zuzena duten gertakariak kontatzen ditu sare sozial horretan, izan kontzertu bat, musika talde baten konturen bat, edo pasadizoren bat.

Zerbait kontatu ahal izateko, dena den, zer kontatua behar da lehenengo. Barandiaranek musikaren munduan murgilduta jardun du denbora askoan. 1972an jaioa da, eta 80ko hamarkadako punkaren azken garaiak bizi izan zituen, baina ez zuzenean. “Gurasoek ez zidaten uzten gauez kontzertuetara joaten, eta ez nien esaten arratsaldea gaztetxean pasatzen nuela”, argitu du kazetari arrasatearrak.

Bestelakoa izan zen 90eko hamarkada, Arrasateko ospitale zaharra okupatu baitzuten gazteek, egun Kulturate dena. Bertan jardun zuen Barandiaranek, kontzertuak antolatzen. “Internetik gabeko garai haietan, telefono finkoa zen kontakturako bidea”, nabarmendu du. “Eta musika taldeek nire gurasoen etxera deitzen zuten”.

Zortziehun pertsona sartzen ziren gaztetxean, nahiz eta orduan, kazetariaren esanetan, hainbeste ez arduratu lokalaren mugak. “Hamaika taldek” eskatzen zuten bertan jotzea, “izan Espainiakoak, Alemaniakoak edo AEBetakoak”. Euskal Herriko makina bat taldek ere jo zuten bertan: Su Ta Garrek, Etsaiak-ek, MCDk, Soziedad Alkoholikak eta abarrek.

Barandiaranek 2000. urtean utzi zion hain modu zuzenean kontzertuak antolatzeari, eta hainbat komunikabidetan idatzi izan du gerora: Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIA-n, esaterako, musikaren inguruan betiere. Gaur egun Argia astekarian kolaboratzen du.

Barandiaranek edukiz josten ditu tuitak, eta haren ibilbidearen ondorio dira bilduta dauzkan kamisetak ere. Bere burua ez dauka bildumazaletzat, “memoria oneko pertsonatzat” baizik. Eta sorta hori ez dute osatzen elastikoek bakarrik; arrasatearrak batuta dauzka bestelako materialak ere, hala nola fanzineak.

Jendeari erakusteko beta

Barandiaranek urte askoan izan ditu gordeak kamisetok gurasoenean, bere etxean eta beste ganbara batean, baina jendeari erakustea hobea zela bururatu zitzaion halako batean. “Aitak beti esaten zidan eramateko traste horiek etxera”, azaldu du Barandiaranek. “Uda aurretik hil zen aita. Begira hasi nintzen, eta kamisetak testutxo batekin publikatzea polita izan zitekeela iruditu zitzaidan”.

Ideia bururatu… eta gauzatu. Egunean behin argitaratzen hasi zen. Hala ere, erritmoa jaitsi, eta astean bi publikatzen hasi zen, handik gutxira kamisetarik gabe geldi zitekeelako, besteak beste. “Bizi izan duguna gogoratzeko modu bat da, ospatzekoa, eta hemen gaudela esatekoa; luzerako, gainera. Gertatutakoa kontatzeko bide bat da, kamisetek lotura zuzena baitute jazotakoarekin”.

Entretenimendurako bide gisa deskribatu du arrasatearrak jendeari kamisetak erakustearena, baina baita memoria historikoa lantzeko bide gisa ere. “Hobeto izango da gure historia guk geuk kontatzea beste norbaitek kontatzea baino”. Hori bai, ahal duen guztietan Arrasaterekin lotura egiten saiatzen da Barandiaran.

Baina zer kontatzen du? Musikarekin lotura daukaten kamisetak dauzka gehienbat, eta, ondorioz, musikarekin lotutako pasarteak izaten dira gehienak. Edukiari dagokionez, “anarkiko samarra” dela zehaztu du. Kamiseta bakoitzak gogorarazten edo pentsarazten dizkionak idatzi ohi ditu kazetariak. “Inon ez dut kontsultatzen datuak guztiz zuzenak ote diren, eta inoiz zuzendu izan didate Twitterren argitaratutakoa. Azkenean, nirea ez da Wikipedia”. Adibide gisa, gertatu izan zaio urtez nahastu izana eta Twitterreko beste erabiltzaile batzuek zuzentzea.

Ez du zehatz-mehatz definitua izaten zer kontatu behar duen, baina hainbat istorio kontatu ditu dagoeneko; esaterako, 80ko hamarkadaren amaieran, Arrasateko Udalaren eta gaztetxearen arteko harreman txarra zela eta, La Polla Recordsen kontzertuan argindarra aizkorakada batekin moztu zutenekoa. Hainbat hausnarketa ere egiten ditu; Zea Mays taldea adibide gisa hartuta musika talde batek arrakasta lortzeko jarraitu beharreko bideari buruzkoa, kasurako.

Ez da kasualitatea izan Twitter aukeratu izana. Arrasatearra ez da asko barneratu sare sozialen munduan, eta, “erosotasun aldetik”, argi dauka nahiago duela Twitter erabiltzea. “Jakina da horrelako ekintza batek harrera hobea izango lukeela Facebooken edo Instagramen, baina ni eroso nago Twitterren. Adinaren kontua izango da”.

Jasotako harrera

Barandiaranek Twitterren bertan jaso ditu erantzunak eta atsegin dutela adierazten duten klikak, eta, dagoeneko, jende askok ikusi du argitaratua. Feedback klasikoak martxan jarraitzen du, hala ere; kalean gelditu izan dute gaiari buruz hitz egiteko. Bi belaunaldirentzako baliagarria izan da, gainera, bizi izan zutenentzako eta ez zutenentzako: “Garai hartako jendeak esan izan dit: ‘Egia da, kontzertu hori eman zuten eta bertan egon nintzen'”. Belaunaldi berriei, berriz, iragana ezagutzeko balio die. Oraindik badauzka kamisetak, eta, beraz, oraingoz, ez du etenik egingo.

Leave a Reply

Your email address will not be published.