Gorka Larrañaga: “Itzaleko Mexiko basati eta iluna islatu dute artista askok”

Unai Zubeldia

Balak, pistolak, perdigoiak, kolpekariak, pistolen danborrak… Suzko armak hartu, biluzi, landu, eta hausnarketa eragiteko erronka daukate Gorka Larrañaga Azkoitiko artista plastikoak (1974) eta Mexikoko hainbat artistak, Calibre 16 erakusketarekin. Larrañaga hamahiru urtez bizi izan da Mexikon, eta han sortu zuen harremana Taco arte garaikideko lantegiarekin —Casa Galeria lantegiaren zuzendaria izan zen—. Joan den ostiralean ireki zituen ateak Eibarko Portalea kultur etxeko erakusketak, eta lanak datorren otsailaren 9ra arte egongo dira ikusgai. “Pentsarazi egiten du obra bakoitzak; hausnarketa eskatzen du. Inor ez du utziko indiferente”.

Calibre 16 erakusketa zabaldu berri duzue Eibarren. Armak eta Eibar. Ez da kasualitatea ez gaia eta ezta aukeratutako tokia ere, ezta?

Nik lehendik ere ondo ezagutzen nuen Portalea, Mexikora joan aurretik hiru urtez bertan lan egin bainuen irakasle gisa. Taco galeria Mexikon arte garaikidearen alorrean egiten ari den lanaren erakusgarri txiki bat Eibarrera ekartzea pentsatu nuen. Eibarrek daukan arma tradizioa kontuan hartuta, zenbait hausnarketa egitea erabaki genuen; armagintzak gizarte bat nola eraiki zuen, gizarte horrek ondoren bere burua nola berrarmatu behar izan zuen… Ideia horiei heldu, Mexikoko esperientziekin trukatu, eta proposamen bat prestatu dugu.

Mexiko, Euskal Herria, Taco, zu zeu… Guztiak elkarrengana bilduz joan zineten pixkanaka, ezta?

Bai… Casa Galeria izeneko arte proiektu bat neukan nik Mexiko Hiriaren hegoaldean, eta inguru horretan lan egiten dute Tacoko kideek ere. Ideologikoki eta filosofikoki nahikoa parekoak ginen bi proiektuak; biok ulertzen genuen artistaren rola komunitate baten parte gisa, eta hortik tiraka hasi ginen elkarlanean. Niri asko gustatzen zait Tacon nola lantzen duten artista gazteen eta beteranoen arteko dinamika, nola sortzen duten komunitate izaera hori, eta nola elkar elikatzen dituzten euren lanak.

“Armak fabrikatzen dituen tailer batetik gizarte bat armatzen duen tailerrera pasatzerakoan dagoen aldaketaren berri eman nahi du erakusketak”. Baina nola egin daiteke bide hori?

Ikertzen hasi zirenean, Mexikoko artistek ikusi zuten nolakoa izan zen Eibarren historia. Erdi Arotik XX. mendera arte armagintzaren industrian oinarritutako gizarte bat izan zela jabetu ziren, baina gerraostean industria hori krisian sartu zela. Gizarteak berak berrarmatu egin behar izan zuen bere burua, armagintzatik ateratako teknologia guztia beste errealitate batzuetan aplikatuz. Armak duen konnotazio gogor horri helduta, armaren irudia desmuntatu, eta gaur egun armek Mexikon sortzen dituzten egoeren inguruko hausnarketa planteatzen duten lanak sortu dituzte, kutsu komunitario horri eutsita. Nolabait esatearren, artista bakoitzak elikatu egin du bestearen lana. Arma hartu, desarmatu, eta berriz armatu dugu, beste esanahi batzuk emanez eta gogoeta eginaraziz.

Lantalde handia dago Eibarren ikusgai dagoen erakusketaren atzean. Nola aukeratu edo banatu dituzue lanak?

Gehienetan dinamika bat baliatzen dute Tacoko kideek: hitza hartu, hitzari bere esanahia hustu, eta hitza berriz armatu edo eraikitzen dute, esanahi berriekin. Hamazazpi artistaren lanak daude ikusgai Eibarren, eta lau artistaren artean egindako lan kolektiboa da horietako bat. Artista bakoitzari zozketa bidez tokatu zaio armaren zati bat, eta bakoitzak era desberdinean planteatu du ariketa. Guztiz planteamendu formala egin dugu batzuek. Pistolaren danborra tokatu zait niri, adibidez, eta danborraren beraren forma hartu dut oinarri gisa; enbor baten zati bat hartu dut abiapuntu gisa, eta enborra zena ebakitako buru baten gisan irudikatu dut.

Askoz kontzeptualagoak dira beste lan batzuk, eta memoria hartu dute oinarri beste batzuek; lan gogorrak sortu dira tartean. Elizabeth de Jesus datorkit burura, esaterako; zazpi mihise egin ditu berak, arrosa kolorez margotuta. Tiro batek zulatuta daude mihiseak, eta oso gogorra da irudia bera, oso gordina. Beretik sortu du bakoitzak. Askotan, Mexikoren alde polit hori hartzen da amu gisa, México lindo y querido delako hori [Mexiko ederra eta maitea], baina itzaleko Mexiko basati eta iluna islatu dute artista askok.

Hausnarketarako erakusketa da agian, gozamenerako baino gehiago? Pentsaraztea baita erronketako bat, ezta?

Erakusketaren beraren planteamendua ez da negatibotasun horretan sartzea; gizarte bat armatzeko gaitasun hori hartzen du sostengu gisa, baina egia da artista bakoitza lanean hasi denean, eta bakoitzaren esparrua kontuan hartuta, oso hausnarketa ilunak daudela atzean. Nahiz eta oso erakusketa gogorra izan, oso freskoa da aldi berean. Mexikon gaur egun duten egoera sozioekonomiko larriaren berri ematen du erakusketak, baina, era berean, badu Latinoamerikak duen freskotasun horren presentzia ere. Bi polo horietan mugitzen da erakusketa: estetika eta planteamendu oso freskagarri eta latinoak batetik, baina Latinoamerikan bizi diren identitate eta arazo guztiak biolentzian eta egoera gordinetan amaitzen direla irudikatzen duten lanak bestetik.

Erakusketa honetan, Mexikoren errealitatea Euskal Herrira ekarri duzue. Izango al da aukerarik alderantzizko bidea egiteko?

Tira… Hazia jarrita dago jada. Sergio Ricaño Tacoko zuzendariak hala esaten du beti: “Ea zer datorren orain”. Prozesu bidez landutakoak dira lan guztiak, denborarekin landuak, eta polita litzateke hemen sortu den hazi hau Eibar edo Euskal Herriko artista batzuk elkartzeko erabiltzea, lan horiek, ondoren, Mexikon erakusteko. Ea zer datorren, ba, gero…

Erakusketa otsailaren 9ra arte egongo da zabalik. Hasiera eta bukaera daukan proiektua da, edo bere bidea egin dezake gero?

Mexiko Hirian jaioa da Erika Servin artista, baina Newcastlen [Erresuma Batua] bizi izan da urte askoan; klaseak ematen ditu bertako arte eskolan, eta galeria bat ere badaukate han. Lotura horiek baliatuta, Newcastle aldera eramango dugu erakusketa gero, hiri horrek ere baduelako tradizio bat armagintzan; Bigarren Mundu Gerran arma asko egin omen zituzten han. Prozesu ireki eta dinamiko honetan gauza asko daude zehazteko, eta ikusiko dugu erakusketak zer bide egin dezakeen gero.