Plazan abestu eta betikotu

Plazan abestu eta betikotu

Asier Zaldua

Bertsoari harria, bertsolariari omenaldia. Koldo Izagirre idazle pasaitarrak lotura horretatik sortu zuen, iazko ekainean, Bertsoaren harria liburua, eta Urretxuko Udalak herrira eraman du proiektua, Joxe Mari Iparragirre musikaria jaio zenetik berrehun urte betetzear direla —aurkezpen ekitaldiak eta bertso saioak egiten ari dira liburuan aipatzen diren bertsolarien herrietan—. Bertako eta kanpoko eragileen laguntzarekin, urte guztian hamaika ekitaldi antolatuko ditu udalak, eta horietan lehena izan da Izagirreren liburuaren aurkezpena. Urtarrilaren 14an egin zuten aurkezpena, eta bertan izan ziren Iñaki Murua eta Maialen Akizu bertsolariak.

Bertsolarien eskulturak aitzakia hartuta, bertsoak eta eskulturak sortutako ondarea ezagutaraztea eta bertsolarien gertaerak berreskuratzea da helburua. 21 bertsolari ageri dira liburuan, plazetan aritu ondoren betiko plaza batean gelditu diren 21 bertsolari, eta hamalau dira gipuzkoarrak: Fernando Bengoetxea Altuna Pernando Amezketarra, Ramos Azkarate, Iñaki Eizmendi Basarri, Indalezio Bizkarrondo Bilintx, Ereñotzuko bertsolariak, Pedro Jose Elizegi Pello Errota, Joxe Mari Iparragirre, Juan Inazio Iztueta, Jose Migel Iztueta Lazkao Txiki, Pedro Mari Otaño, Jose Manuel Lujanbio Txirrita, Juan Jose Alkain Udarregi, Manuel Olaizola Uztapide eta Juan Frantzisko Petriarena Xenpelar.

Hauek dira beste zazpi bertsolariak: Felipe Arrese —Durangon eta Otxandion ditu eskulturak—, Balendin Enbeita (Bilbo), Jean Etxamendi Bordel (Luzaide), Etxahun Iruri (Iruri), Manuel Lasarte (Leitza), Mattin Treku Mattin (Ahetze) eta Fernando Aire Xalbador (Urepele).

Bilintxena da eskulturarik zaharrena, 1885ekoa. Berriena, berriz, Xenpelarrena da, 2014koa. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan egin zituzten gehienak; garai hartan, goraldi bat izan zuen bertsolaritzaren ikonografiak, Jose Lopetegi eskultore donostiarraren eskutik, batez ere. Bertsolariak hil ahala egindakoak dira beste eskultura batzuk, Xalbadorrena, Mattinena eta Basarrirena, esaterako. Garai ezberdinetakoak izanik, estilo ezberdinak islatzen dituzte eskulturek: errealismoa, abstraktua, alegorikoa…

Proiektua, Lankuren bidez

Gipuzkoaren presentzia handia da, ezinbestez. Izan ere, herrialde hori izan da bertsolaritzaren habia eta harrobia historikoki. Bertsolarien modu berean, gipuzkoarrak dira eskulturen egileetako asko: Tomas Ugartemendia, Juan Lope, Jose Lopetegi, Remigio Mendiburu… Lankuk argitaratu du liburua, Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren azpiegitura indartzeko sortutako kultur enpresak. Izagirrek bere proiektuaren berri eman zien Lankukoei, eta begi onez ikusi zuten haiek, transmisioa lantzeko. 316 orrialde ditu, eta 22 euroan dago salgai, www.lanku.eus webgunean eta ohiko liburu dendetan.

Iparragirreren omenez hainbat ekitaldi izango da Urretxun hurrengo aste eta hilabeteetan: bisita gidatuak; antzezlanak; Iparragirre bertsopaper, poesia eta narratiba sarien banaketa; Euskal Herriko haur abesbatzen topaketa; hitzaldiak; kontzertuak; Angela Kerexeta Iparragirreren emaztearen erraldoiaren aurkezpena; Iparragirreri buruzko dokumentalaren aurkezpena…

Urretxutik kanpo ere izango dira Iparragirre jaio zeneko 200. urteurreneko ekitaldiak: Bilboko eta Donostiako jaietan eta Donostiako Euskal Astean, esaterako, eta baita Madrilgo kultur astean ere. Izan ere, Urretxuko olerkaria han bizi izan zen hainbat urtez, eta han kantatu zuen lehenengoz Gernikako Arbola.

Leave a Reply

Your email address will not be published.