“Zorionekoa naiz mundu honetan egonkortasuna lortu dudalako”

“Zorionekoa naiz mundu honetan egonkortasuna lortu dudalako”

Beñat Alberdi

Aktore baten helburua ei da ahalik eta erregistro gehienetan lan egiteko gai izatea, baita rol jakin batengatik oroitua ez izatea ere. Kepa Errasti (Aretxabaleta, 1981) markatu egin zuen ETBn Goenkale telesailean egindako lanak. Harrezkero ere jarraitu du ikuskizunen munduan lanean, antzerkian gehienbat, eta jada gainditzen ari da gehienek Goenkale-ko rol harekin lotu izana.

14 urterekin antzeztu zenuen lehen lana, Arrasateko Amaia antzokian. Txikitatik al zetorkizun zaletasuna?

Betidanik gustatu izan zait antzerkiaren mundua. Ez dakit noiz sortu zitzaidan zaletasun hori. Zinemarako zaletasuna eduki izan dut beti, eta horregatik eman nuen izena antzerki tailerrean.

Lehen urrats haiek eraginik badute gerora jarraitu izanarekin?

Egia esanda, tranpa eginda hasi nintzen antzerkiaren munduan. Arrasate Euskaldundu Dezagun antzerki taldean, berez, 16 urtean zeukaten jarrita muga, eta gezurra esan nien. Oso esperientzia polita izan zen, eta oroitzapen ona daukat. Oso berezia izan zen 14 urterekin jendaurrera irtetea. Gainera, adin desberdineko jendea geunden antzerki tailerrean, eta asteburu oro elkartzen ginen. Pare bat urte egingo nituen haiekin.

Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean egin zenituen aktore ikasketak, baina, aurretik, Kazetaritza ikasketak egin zenituen Leioan. Nolatan?

Etxean bertigo pixka bat ematen zien antzerkia ogibide moduan ikasteak. Esaten zidaten ea zergatik ez nuen egiten beste zerbait. Betidanik izan dut idazteko zaletasuna, eta horregatik aukeratu nuen kazetaritza.

Kazetari lanetan jarduna zara?

Oso gutxi. Praktikak egin nituen, eta urtekari batzuk osatzea ere tokatu izan zait. Kazetaritza ikasten hasi aurretik, aurkezle jardun nintzen Goiena-n, 16 urterekin.

Ba al zeneukan gaitasunik kameraren aurrean jartzeko?

Bai. Lotsa gutxi edo ez dakit zer zen. Gaitasuna edo narrua izango da.

Kameraren aurrean jartzeko gaitasuna ez al antzeztearen parekoa? Hau da, gaitasuna daukazu, edo ez daukazu.

Uste dut ikasi ere asko ikasten dela. Berezko gaitasun bat eduki behar duzu edo gustuko izan behar duzu mundu hori, baina asko ikasten da gero. Nik asko ikasi dut lanean eta eskolan.

Kazetaritza ez zen zure bidea, beraz?

Ez. Konturatu nintzen ez zela nire bidea. Gogoko dut idaztea, baina iruditzen zait lanbidea bera ez dudala gustuko. Erantzukizun handiko lana da. Azkenean, gertakizun batzuk kontatu behar dizkiozu publikoari, edo, elkarrizketa bat idazten duzunean, ahalik eta ondoen azaldu behar duzu esan dizutena. Ez ninduen asko erakarri kazetari izate horrek.

Zer ikasten da Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean?

Ikasgai ezberdinak daude eskola horretan, baina interpretazio lana ahalik eta ondoen egiteko bideratuta daude denak, izan gorputz espresioa, ahotsa edo euskara bera. Hemen elebidun eskaintzen dira lanik gehienak, eta euskaraz ez dakitenek ere aukera izaten dute euskara ikasteko eta euskaraz jarduteko.

Aktoreek erregistro asko menderatu behar omen dituzte…

Hala komeni da, bai. Beti ez da erraza izaten, baina horretan saiatzen gara.

Erronka polita al da erregistro desberdinak barneratzea?

Bai. Lehen kolpean adierazi edo espresa ditzakezun erregistroak ematen ditu antzerkiak. Norberaren itxuraren edo energiaren arabera, aktoreak beti sailkatzen dira profil zehatz batean. Baina nire ustez aktorearen ametsa da, lehenik eta behin, aktore lanetik bizi ahal izatea, eta, hori lortu eta gero, ahalik eta erregistrorik gehienetan mugitzea, ahalik eta erregistro gehien egiteko deitzea.

Madrilen zeunden Goenkale-tik deitu zizutenean. Aukera gehiago al daude Madrilen?

Ni, momentu honetan, hemen ari naiz lanean, Euskal Herrian, eta ez daukat inolako asmorik Madrilera joateko. Deituz gero, aukera bat sortuz gero, joango nintzateke, baina orain nire ametsa ez da hori. Gazteagoa nintzenean, agian, idealizatuta neukan pauso hori. Ez dakit aukera gehiago dagoen Madrilen, aktore gehiago dagoelako han, eta lehia oso handia delako. Entzuna daukat Euskal Herrian giro sanoagoa daukagula.

Zertan? Lehiakortasun gutxiago dago Euskal Herrian?

Bai. Eta desberdina da talde izaerari eta lan harremanei dagokienez. Oso gustura nago hemen.

Nolakoa da Euskal Herriko errealitatea?

Konpainia dezente daude, baina herrietan programatzen dena ez da konpainiek eskaintzeko daukatena bestekoa. Herri batean urtean, sei antzerki programatzen badira, ez dakit zenbat talde geldituko diren kanpoan. Ez da erraza. Jendeak galdetzen du: “Zenbat irauten du antzerki batek karteleran?”. Bada, ahalik eta gehien. Bilbon, aurreko astean itxi genuen bat, pena handiarekin. Baina oso emanaldi gutxi egin ditugu urtebetean. Gerta daiteke lanen bat estreinatzea eta urtebetean zazpi emanaldi eskaintzea; baina, akaso, lehen hilabetean eskainiko dituzte h iru emanaldi, eta handik lau hilabetera beste bat. Oso nekagarria da.

Aktore profesionala izateko bidean, lehen urratsa izan al zen Goenkale?

Nire kasuan, bai. Hamahirugarren denboraldian hasi nintzen ni Goenkale-n, aurretik kapituluren bat edo beste egina neukan arren. Aldaketa handia izan zen urte hartan, hamabi aktore atera zirelako eta hamabi sartu ginelako. Aukera izugarria iruditu zitzaidan ikasteko eta neure burua ezagutarazteko.

Zer-nolakoa iruditu zitzaizun aktoreen bizimodua?

Amets baten modukoa izan zen, laino batean egotearen modukoa; gustuko zerbaitetan lanean jardutea zen, azkenean. Gainera, izugarrizko giroa lortu genuen taldean, eta horietako askorekin harreman estua daukat oraindik.

Goenkale-n aritu zinelako al zara, oraindik, ezaguna?

Etxe askotan ikusten zen telesaila, baina, orain, egia da asko pozten naizela jendeak beste lanen batengatik ezagutzen nauenean. Hasierako lan horiei meriturik kendu gabe, baina gauza asko egin ditut jada. Hala ere, oraindik jende askok esaten dit “zu Goenkale-n ibili zinen”.

Nolakoa zen egunerokoa?

Testuak ikasten genituen, eta, norberari tokatzen zitzaionean, sekuentziak grabatzen genituen. Zortzi orduko lana izaten zen, 07:00etatik 15:00ak arte.

Asteko plana izaten zenuten?

Bai. “Hurrengo astean egun hauetan daukazu lana, eta sekuentzia hauek grabatu beharko dituzu”, esaten ziguten. Urteetako esperientziari esker, nahiko dinamika azkarra zeukan Goenkale-k. Makina baten modukoa zen.

Ikusleek barre egiten dute aktoreek grabatzean egindako hanka-sartzeekin, baina zuek nola bizitzen dituzue une horiek?

Une horiek barre egiteko aukera ematen dute batzuetan, baina luzatzea izaten da arazoa. Oso urria izaten da denbora, telebistan batez ere. Ez dago arazorik bi hutsegite badira, baina testuarekin behin eta berriz trabatzen bazara… Nik ez daukat gogoan nire larritasun handirik, baina beste batzuenak bai.

Aktore lanaz gain, gidoilari gisa ere aritu zinen Goenkale-n. Hori al zen beste helburuetako bat?

Lau urtez aritu nintzen aktore lanetan, eta beste bost urtez gidoilari gisa. Atzera begira jarrita, Goenkale-ren historiaren heren batean jardun nintzen, era batera edo bestera, lanean. Kasualitatea izan zen hori ere. Kazetaritza ikasketak egin nituenez, erraztasun pixka bat baneukan idazteko. Film labur bat idatzi nuen aktore gisa aritu nintzen azken urtean, eta grabatu egin genuen. Goenkale-n elkarrizketak idazten zituen lankide batek utzi egin zuen lana, eta froga egitera animatu ninduten. “Zergatik ez?”, esan nuen.

Alde galanta egongo da, dena den, aktore izatetik gidoilari izatera, ezta?

Aukeran, nahiago dut aktore lana, baina amaitu egin zen bide hori, denak daukalako epemuga bat, telebistan, batez ere. Beste lan bat zen gidoilariarena, eta, hainbeste interpretazio lan ez neukanez, heldu egin nion horri ere. Nahiko lan erosoa zen, etxetik aritzen nintzelako. Diziplina handia behar da lan horretan, baina nik badaukat, zorionez.

Garai hartan buruan zeneukan ikuskizunaren munduko beste hainbat alor ere ezagutzea?

Mundu honetan, garrantzitsua da urte osoan egonkortasun ekonomikoa izatea. Nik argi neukan zorionekoa nintzela egonkortasun hori neukalako. Zenbatek esan dezake hori? Milatik batek? Beste gauza batzuk probatu behar nituela erabaki nuen; niri asko gustatzen zait istorioak kontatzea, eta argi neukan beste ate batzuk zabaldu behar nituela.

Goenkale amaituta, antzokietara salto egin zenuen. Alde handia al dago bien artean?

Goenkale-ren garaian jada hasi nintzen antzezlan batzuekin, eta oso desberdinak dira bi lanak, bai. Bat-batekotasuna dauka antzerkiak, publikoaren erantzun zuzena, eta asko betetzen du horrek; egindakoa beste distantzia batetik ikusteko aukera ematen du telebistak. Estilo aldetik ere lan egiteko beste modu bat da antzerkiarena, beste erregistro bat da.

Gehiago entseatu behar izaten da antzerkian?

Bai, eta interpretatzeko orduan ere bai. Antzeztean, adibidez, antzerkian baino leunagoa, sotilagoa izan behar duzu zineman. Leun jardun behar da zinema pantaila erraldoi batean, lehen planoan. Batean edo bestean ohituz gero, kosta egiten da aldatzea. Motz geldi zaitezke erregistro batean, eta pasatu egin zaitezke bestean; zaila da neurria hartzea.

Unean bertan transmititu behar izaten da antzerkian, ezta?

Bai, eta distantzia batera. Demagun Amaia antzokian zaudela, zortziehun ikuslerekin baino gehiagorekin. Azken ilaran dagoenak ere ikusi, entzun eta sentitu egin behar zaitu. Ez da gauza bera zineman eta lehen planoan adierazpen txiki bat egitea edo areto handi batean aritzea.

Xake konpainia kudeatzen duzu egun, beste kide batekin batera. Antzezlanak ekoizten hastea al zen azken urratsa?

Gure proiektuak gauzatu ahal izateko sortu genuen Xake konpainia; ez dauka handinahi berezirik. Bi lankide gara. Bion lan nagusia ez da konpainiakoa; guk beste lan batzuk dauzkagu, eta nolabaiteko lasaitasuna ematen digu horrek: ez dugu ibili behar izaten urtero-urtero estu-estu zerbait ekoitzi beharrean.

Batean eta bestean arituta, zuzendari izatea bakarrik falta zaizu.

Errespetu handia ematen dit horrek. Nik zalantzak izaten ditut erabaki bat hartu behar dudanean, eta zuzendari batek segurtasuna erakutsi behar du beti. Oso gardena naiz ni, eta kosta egiten zait segurtasuna erakustea. Zuzendariak argi eduki behar ditu gauzak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.