“Gurasoen tragediaren ostean, beste bat naiz, birsortu egin naiz”

“Gurasoen tragediaren ostean, beste bat naiz, birsortu egin naiz”

Kerman Garralda Zubimendi

“Oso gustura” bizi da Itxaro Mendizabal (Ordizia, 1977). Gaztaro gogorra izan zuen, baina egoera irauli du: Ordiziako Jakintza ikastolako IKT arloko dinamizatzailea —Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak— eta Ttiklik elkarteko kudeatzailea da egun.

Nolakoa izaten da zure egunerokoa?

Lanaldi erdian ari naiz Jakintza ikastolan, eta goizean edo arratsaldean joaten naiz hara, beharraren arabera. Beraz, lanean ari ez naizen uneak aprobetxatzen ditut Ttiklik elkarteko lanak egiteko, udaletxean izaten ditudan eginbehar batzuk egiteko, bestelako proiektuak gauzatzeko…

Lanaldi erdia daukazu, beraz; baina lana sobera duzu.

Ordenagailuarekin egiten dudanez lan, ez dut izaten amaitzeko ordurik. Informatikarion bizitza ez da denda batekoaren modukoa; ordua heltzean, pertsiana jaitsi, eta lana amaitu egiten da han.

Diziplina handia behar al da etxetik lan egiteko?

Senarrari eta bioi izugarri gustatzen zaigu informatikari lana, eta, egunerokoa alde batera uzteko, diziplina behar izaten dugu. Lanak ezin amaituta ibiltzen gara.

Nola hasi zinen IKTen munduan lanean?

Ingeniari informatikoa naiz. Urte askoan autonomo gisa aritu izan naiz lanean, Ttiklikekin uztartuz. Baina oso lan lotua da, hitzaldi eta tailer guztietara joatea gustatzen baitzait. Distantzia apur bat jartzeko eta burua beste gauza batzuetan izateko, egun erdiko lanaldiren baten bila hasi nintzen iaz, eta hala suertatu zen aukera.

Bokaziozko lana al da zurea?

Nik argi neukan Ingeniaritza Informatikoa ikasi nahi nuela. Nire adinekoek gerora ezagutu genituen ordenagailuak, baina betidanik gustatu izan zait terminalekin edo kontsolekin jolastea eta saltsan ibiltzea.

Zer lan egiten duzu Ttiklik elkartean?

Gurasoei eta hezitzaileei pertsona hobeak hazten laguntzeko baliabideak ematen dizkiegu guk. Ikastaroak eta tailerrak antolatzen ditugu, eta horiek antolatzen ditut nik.

Informatika kontuekin ez du zerikusi handirik, ezta?

Hezkuntzaren inguruko gaiak eta kezkak jorratzen ditugu guk. Lehendabizikoz ama izan nintzenean, duela bederatzi urte, blog bat sortu nuen amatasunaren inguruko jakinduria trukatzeko. Izan ere, ez neukan gurasoen laguntzarik eta erreferentziarik sortzen zitzaizkidan zalantzak argitzeko. Gainera, haurren elikaduraren inguruko master bat egiten ari nintzen orduan, eta ikasitakoa zabal nezakeela pentsatu nuen; blogari izaera fisikoa ematea erabaki nuen azkenean, eta hortik sortu zen Ttiklik.

Ttiklik ez da bokaziozkoa, beraz.

Behar batetik etorri zen Ttiklik. Halere, gustura ibiltzen naiz antolaketan, eta ez naiz damutzen.

Gurasoekin tragedia bat bizi izan zenuen zuk.

Auto istripuz hil ziren biak, 50 eta 51 urte zituztela. Hiru ahizpa gara, eta 23, 21 eta 16 urte genituen orduan. Erabat eta bat-batean galdu genuen erreferentzia hori.

Ama izan zinenean sumatu zenuen bereziki erreferentzia falta hori?

Beti sumatu izan dut gurasoen falta, baina, ama izan nintzenean, are gehiago. Zalantzak ezin nituen gurasoekin argitu, eta txikitako Itxarorekin alderatu nahi nituen nire alabak. Baina ez neukan nori galdetu “nik ere hori egiten nuen?”, “noiz hasi nintzen hau egiten?”…

Zuretzat esanahi berezia izango du gurasoekin eta hezitzaileekin batera lan egiteak, ezta?

Ttikliken bidez, eskura ez dituzten tresnak ematen dizkiegu gurasoei, hezitzaileei eta umeei. Emozioak lantzen ditugu, sukaldaritza ikastaroak egin, antzerkia, yoga… Norbera egoera onean badago, familia ere hobeto egoten da.

Emozioak, sukaldaritza, yoga… Elkarren artean oso desberdinak dira arlo horiek guztiak.

Gurasoen beharren arabera sortzen dira proposamenak. Alaba txikiagoak nituenean, masajeen edo kasketen inguruko hitzaldiak antolatzen nituen, eta, orain, koskortu direnean, sexualitate tailerrak egin berri ditugu. Gainerako gurasoek ere, kezken arabera, proposamenak egiten dituzte.

Gurasoek nahi izaten dituzte halako ikastaroak?

Batzuetan oso galduta senti zaitezke guraso gisa, eta eskertzen da norbaitekin hitz egitea eta ondo egiten ari zarela jakitea. Euskal Herri osotik etortzen zaizkigu gurasoak.

Gezurra al da amek sen berezi bat izaten duzuela momentu bakoitzean zer egin jakiteko?

Gauza batzuk barrutik irteten dira, baina mila zalantza izaten ditugu guk ere. Ni Ttikliken hasi nintzenean, alaba zaharrenak alergia asko izan zituen, eta sarean ez nuen topatzen informazio askorik. Horregatik hasi nintzen elikaduraren inguruko masterra egiten eta blogean idazten. Jabetu nintzen guraso asko zeudela nire antzeko egoeran eta galdera asko zituztela haiek ere.

Zer sentitu zenuen ama izatean?

Ikaragarrizko poza, baina, aldi berean, galduta sentitu nintzen. Segituan ikusi nuen ingurukoen beharra neukala.

Ttiklikera nortzuk joaten dira gehiago: amak ala aitak?

Amak, edo bikoteko bi kideak. Aitak, normalean, amek ezin dutelako etortzen dira eurak bakarrik. Oso nabarmen ikusten da zaintza lanak emakumeen esku uzten ditugula. Gero eta gehiago arduratzen dira aitak ere, baina lan asko dugu egiteko.

Non ibiltzen zara gusturago, Ttiklikeko antolatzaile lanetan ala IKT arloko dinamizatzaile gisa?

Biak gustatzen zaizkit, baina nahiago dut antolaketa lana. Asko gustatzen zait webguneak eta aplikazioak sortzea, baina askotan oso teknikoa izaten da dinamizatzailearen eginbeharra.

Nola ematen zaio buelta 21 urterekin gurasoak galtzeari?

Kostata. Gainera, anorexiarekin gaixo nengoen orduan. Sendagiria jaso nuen egunean hil ziren, eta gaixotasunean erori nintzen berriz. Beraz, nola ematen zaion buelta? Bada, zartakoka. Aurre egin behar zaio, eta barrutik indarra atera aurrera egiteko. Ttikliken gisako proiektuek lagundu didate erabat sendatzen eta bizitzeko beste ilusio bat izaten.

Beti esan ohi duzu idazteak ere lagundu dizula barrenak husten eta egoera gainditzen.

Goiberri-n, BERRIA-n, Naiz-en, Guraso.eus-en… idazten dut. Betidanik idatzi izan dut, baina niretzat. Orain konturatzen naiz barrena husteko modu bat izan dela idaztea. Eta dena botatzen dut; ez dut ezer uzten gordeta.

Noiz idazten duzu normalean?

Gorputzak eskatzen didanean. Baina bakarrik nagoenean eta goizeko ordu txikietan beti; garrantzitsua da idazteko une egokia topatzea, buruari kalte gehiago ez egiteko.

Gertatu izan zaizu idazten hastea eta ezin jarraitzea?

Gurasoei buruz idazten dut askotan, eta kosta egiten zait. Haiei buruz ari naiz orain, ondo nagoelako, baina bestela ezingo nuke.

Ona al da dolua norberarentzat gordetzea?

Edonori gomendatzen diot idaztea. Zer sentitzen duzun ikusten duzu idaztean, eta perspektiba ematen dizu.

Idazten duzun guztia irakurtzen al duzu? Ez al du bertigorik ematen?

Beti irakurtzen dut dena. Egia da oso une gogorrak daudela tartean, eta kosta egiten dela horiek gogoratzea. Baina poza ematen du gainditu ditudala ikusteak.

Gurasoei gutuna lehiaketa ere antolatzen duzu.

Gurasoen heriotzaren hamabosgarren urteurrenean, haiei idazteko beharra nuen, baina ez zitzaidan ezer ateratzen. Idazlan lehiaketa bat sortzea pentsatu nuen, errazagoa izango zelakoan. Azkenean, hirugarren aldian hartu nuen parte lehen aldiz. Ez nekien jarraituko nuen, baina, jendeak beharra zuela ikusita, eutsi egin diogu proiektuari, eta zazpi aldi daramatzagu jada.

Nork hartzen du parte?

Nahi duen orok. 7 urtera arte, marrazkiak egiten dituzte; eta, hortik aurrera, idazlanak.

Zer esaten du, normalean, jendeak?

Denetik. Tratu txarrak jasan dituzten seme-alaben eskutitzak ere egoten dira tartean. Batzuek barkatu egiten diete, eta besteek baztertu egiten dituzte. Eskertzeko idazten dute beste batzuek, edo gaixo dauden gurasoei idazten diete. Gurasoei kargu hartzen dieten eskutitzak ere egoten dira.

Errazagoa izaten da idaztea aurrez aurre esatea baino?

Benetako beharra izaten dute batzuek, eta horiek erraz idazten dute. Gertatu izan zait eskutitzak jasotzea eta barrenak husteko soilik idatzi dutela esatea, azpimarratzea ez dutela lehiaketan parte hartu nahi. Orokorrean, errazago idazten diegu hilda dauden gurasoei, errazagoa baita gauzak gordin esatea.

Ezer positiborik atera daiteke tragedia batetik?

Erresiliente izaten ikasten da. Beste pertsona bat naiz orain; birsortu egin naiz, eta beste sentsibilitate bat dut, badakidalako edozein unetan dena gal daitekeela.

Anorexia ere gainditu duzu.

Sendatuta nago orain: ondo sentitzen naiz nire gorputzarekin, ondo jaten dut… baina arriskua beti dago hor. Jateari uzten badiot, berriz eroriko naiz.

Anorexiari aurre hartzerik badago? Posible da?

Horretan saiatzen gara Ttiklik-en: haurrei autoestimua ematen diegu elikadura arazoak ekiditeko. Bakoitza bere buruarekin ondo badago, ez du bere kontra egingo.

Autoestimua da gakoa, beraz?

Autoestimua eta emozioak kudeatzen jakitea da gakoa. Nik ez nuen hori ikasteko aukerarik izan. Bullying egin zidaten 7. mailan, eta, hain gaizki sentiarazi ninduten, ezen arazo guztiak hortik etorri zaizkit. Nire errua zela uste nuen, eta nire burua zigortzen nuen.

Egoera hobetu al da? Egun irakasten da emozioak kudeatzen?

Informazio gehiago dugu, eta gehiago dakigu. Baina, halere, lan asko dago egiteko oraindik.

Eskola jazarpena sufritzen dute zuenera etortzen diren umeek?

Gutxiengoa dira; saihesteko etortzen dira, normalean. Haurrak hobeto sentitzen direla eta gustura daudela ikusten dutelako etortzen dira asko.

Eta larderiatsuak etortzen al dira?

Gabezia berak ditu bullying egiten duen pertsonak: autoestimu baxua du, ez daki emozioak kudeatzen, eta besteei erasota asetzen du bere ezinegona. Lanketa eginez gero, ez du beharrik izango gainerakoak jipoitzeko.

Zer aholku emango zenioke autoestimu arazoak dituenari?

Oso zaila da aholkuak ematea. Pentsa zenbat landu dudan nire burua, eta, halere, zalantzak izaten ditut. Ez dago formula magikorik, baina, txikitatik hasten bagara sentimenduei izenak jartzen eta adierazten, aurrerapauso handia emango dugu. Beharra badute, profesionalengana joateko esango nieke. Psikologoarengana edo psikiatrarengana joatea ez da txarra.

Kirola tresna ona izan daiteke autoestimua hobetzeko?

Txikitan esan zidaten ez nuela balio kirola egiteko, eta berrogei urtez egon naiz praktikatu gabe. Korrika egiten hasi naiz orain, eta amorrua ematen dit lehenago hasi ez izanak: asko gustatzen zait, eta ongi sentiarazten nau. Gainera, ahaldundu egiten zaitu, sekulako indarra ematen dizulako zeure buruari jarritako erronkak gainditzen dituzula ikusteak. Marimurumendi mendi maratoia amaitu nuen iaz, eta Zegama-Aizkorrin eman dut izena aurten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.