Klima aldaketaren arrastoan

Klima aldaketaren arrastoan

Unai Zubeldia

Klima aldaketari parez pare begira jarriko dira datorren astean Donostian. Aranzadi zientzia elkarteak antolatuta, XVIII. Arkeologia Jardunaldiak egingo dituzte otsailaren 4tik 6ra, San Telmo museoan, Aldaketa klimatikoak Historiaurrean gaia aztergai hartuta. “Gaur egungo gizartean klima aldaketak zenbateko arreta lortzen duen ikusita, atzera begiratu bat egitea pentsatu dugu, azken batean klima aldaketek baldintzatuta egon baita beti giza jardueraren garapena”, azaldu du Juantxo Agirre Aranzadi zientzia elkarteko idazkari nagusiak.

Arkeologiaren bitartez, historiaurreko klima aldaketen eragina gaur egunera ekarriko dute San Telmo museoko jardunaldietan, iraganeko gertaerak aztertuta etorkizunean gerta litekeenari begira jartzeko. Peru Bilbao Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) geologoaren hitzaldiarekin hasiko dira jardunaldiak, asteartean; Kosta lerroa, beti egon da hor? gaia landuko du durangarrak. Hark azaldu duenez, “txandaka, garai hotzagoak eta beroagoak” izan ziren Kuaternario garaian —duela 2,59 milioi urtetik hona—, eta orduko klima aldaketek itsas mailan izan zituzten ondorioak aztertuko ditu, lehen egunean —19:00etan hasiko dira hiru egunetako ekitaldiak, eta ez da sarrerarik ordaindu beharko—. “Itsas mailaren aldaketen eraginez, mugitu egiten da kosta lerroa bera ere, itsasoak eta lurrazalak bat egiten duten muga, eta horrek esan nahi du itsasoan gaur egun baino kilometro batzuk barnealderago egon zitekeela kosta lerroa. Horren eraginez, noski, garai bateko paisaiak ez luke zerikusirik izango gaur egungoarekin”.

Garai bateko itsas maila

Geologoak azpimarratu du itsas mailaren aldaketak “moldatu eta eraldatu” egin duela gaur egun itsaspean dagoen plataforma bera ere. “Bestalde, kontuan hartu behar dugu itsas maila beherago zegoen garaietan ibaiek, adibidez, euren bidea egiten jarraitzen zutela, ubideak sortuz. Gaur egun urpean daude ubide horiek guztiak. Kosta lerroa, beraz, irregularra izan zitekeen tokiaren eta garaiaren arabera”. Hain zuzen ere, itsas mailaren kurbak eta itsas azpiko mapak uztartuta, garai bateko itsas maila zein zen eta kosta lerroa non zegoen ikertzen ari da Bilbao. “Horri esker, antzinako paisaia nolakoa zen jakin ahal izango dugu”.

Ildo horretan, Bilbao gai horri lotutako “lehen kartografia” egiten ari dela azpimarratu du Aranzadiko idazkari nagusiak. “Bermeo, Hendaia edo Donostiatik itsasora begira jarri, eta beti esan izan da ‘hemendik zazpi kilometrora zegoen itsasertza, hemendik hamar kilometrora zegoen’… Baina, EHUko Geologia sailarekin batera, Bilbao lehen aldiz ari da ikertzen garai batean gure kostaldea benetan noraino iristen zen”.

Azken urteotan itsas maila nabarmen ari da gora egiten, eta Bilbaoren esanetan igoera horrek eragin nabarmena izango du Gipuzkoako hainbat gunetan. “Itsas mailaren igoerak kostaldearen atzerapen bat ekar dezake, eta kosta lerrotik oso gertu dauden eraikuntzei ere eragin diezaieke”.

Lehen eguneko hitzaldiaren ondoren, Pedro Castaños paleontologoaren txanda iritsiko da asteazkenean. Kiputz, Historiaurreko amildegia izango du hizketagai Biologiako doktore horrek. Hotz handiko garaiak izan dira historian atzera eginda. “Eta Euskal Herrian, esaterako, hotzaldi handia izan zen duela 18.000-20.000 urte inguru”, zehaztu du Agirrek. Aranzadiko kidearen hitzetan, dena den, Europa mendebalde guztiari eragin zion hotzaldi hartan “nolabaiteko oasia” izan zen Euskal Herria. “Gizakiak babes hartu zuen gure kobazuloetan, eta horren erakusgarri dira Santimamiñen [Kortezubi, Bizkaia], Ekainen [Deba], Alkerdin [Urdazubi, Nafarroa] edo Altamiran [Kantabria, Espainia] agertu diren pinturak”. Gizakiek ez ezik, kobazulo horietan babes hartu zuten hainbat aberek ere. “Eta horien artean bisonteak eta elur oreinak ziren esanguratsuenak”.

Hain zuzen ere, Munibe taldeak Mutrikuko Kiputz leizean aurkitu zuen “animalia horien inguruko aztarnategi atlantiarrik garrantzitsuena”, eta Castaños hamar urtez aritu zen indusketa lanetan, Xabier Murelagarekin batera. “Nolabaiteko jakiontzi bat izan zen Kiputzekoa, dozenaka animalia erori zirelako amildegian behera, eta bertan gordeta egon direlako haien hezurrak. Ezinbesteko lekukoa da Mutrikukoa”. Horren jakitun, aurten horregatik eman nahi izan diote garrantzi berezia Kiputzeko amildegiari. Horren harira, San Telmo museoan bertan ikusgai dago Kiputz, amildegia historiaurrean erakusketa. Iazko azaroan aurkezpena eginda, salgai dago Aranzadiren Kiputzi buruzko liburua, eta BERRIAren harpidedun txartela erakutsita eskuratu ahal izango da otsailaren 6an, klima aldaketari buruzko mahai inguruaren ondoren.

Azken eguneko saio horretan, hiru ikuspegi elkartuko dituzte mahai beraren bueltan: Jesus Mari Lazkano artistarena —”euskal artisten artean izotzak eta hotzak zein eragin daukan ondoen islatu duena da”—, Blanca Martinez Geologiako doktorearena —”historiaurrean izan diren klima aldaketen ikuspegia emango duena”—, eta Eñaut Izagirre glaziologoarena —”glaziarren inguruko azterketa egiten ari da”—. Asier Hilario geologoak dinamizatuko du Atzoko eta gaur egungo izotza. Gertuko aldaketa klimatikoak mahai ingurua.

Agirrek azaldu du muturreko hotza, izotza, ez zela iritsi Euskal Herriraino. “Danimarkaren eta Herbehereen ingururaino iritsi zen, Bretainiatik pixka bat gorago, baina gure kostaldean nabarmena izan zen izotzaldiaren eragina. Ikuspegi hori gerturatzen saiatuko gara, poloak, Antartika guregandik gertu zegoela ikusteko, eta animalia horiek gurean zergatik zeuden ulertzeko”. Gai horri helduta, mahai inguruaren aurretik Jesus Mari Lazkano eta Josu Veneroren Artiko dokumentala emango dute ostegunean, eta omenaldia egingo diote Adolfo Erasori, “glaziazioak eta izotzaren bidez klima aldaketa bera ikertzen aitzindari izan zen adituari”.

Aldaketaren abiadura

Agirrek azpimarratu du ezin dela egin lotura zuzenik historiaurreko klima aldaketen eta gaur egungoen artean. “Ezin da ziurtatu halakorik, baina ikerlari hauek guztiek metolodogia batzuk baliatu dituzte iraganari begira, eta etorkizuneko aurreikuspenak egiteko garatzen ari dira metodologia horiek”. Ikerlarien kasuan, iragana ulertzea izan da lehen pausoa. “Eta, begirada horrekin, klima aldaketa sakonak izan direla ikusi dugu. Estalaktitetan, Pirinioetako glaziarretan, kobazuloetan gordetako hezurretan… aztertu dugu hori guztia, eta ikerketa lan hori ezinbestekoa izan da gaur egun klima zer abiaduratan aldatzen ari den jakiteko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.