Hurrengo ikasgaia: elkartasuna

Hurrengo ikasgaia: elkartasuna

Unai Zubeldia

Keinu hunkigarri” bihurtu da duela bi hilabete ikasgela barruan irakasleek mahai gainean jarritako erronka bat. “Kirolarekin lotutako ekintza bat antolatzea, helburu solidarioa edukitzea eta ekintza inklusiboa izatea”. Peru del Barrio Donostiako Easo Politeknikoko Kirol eta Gizarte Animazio eta Irakaskuntzako bigarren mailako ikasleak zehaztu duenez, hiru baldintza nagusi horiek jarri zizkieten irakasleek ekitaldi baten plangintza egiteko, ikasgelako ariketa gisa. “Eta buru-belarri lanean aritu gara hasieratik”. Proiektuak “hasieran uste baino bide luzeagoa” eginda, Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkartearen aldeko Elkartasun Festa egingo dute, bihar goizean, Donostiako Añorga auzoan.

Ikasgelan sortu ziren bost proiektuetatik boto gehien jaso zuena aukeratuta, ikasleek eskola batean “ekitaldi xume bat” antolatu zuten lehenengo, baina kirolarien artean bereziki sortzen ari zen elkartasun giroaz jabetuta, beste pauso bat eman zezaketela ikusi zuten ondoren. “Kirol munduan gabiltza ikaskide gehienok; Realean dabiltza batzuk, Aspe eta Baiko pilota enpresetan beste batzuk, Iker Vicente aizkolariaren kuadrillako bat ere badaukagu klasean… Lotura horiei esker sortu da harremana, eta uste baino errazagoa izan da azkenerako, gehienek asko laguntzen dutelako horrelako ekitaldietan”. Ateak jo eta jo, guztien ekarpenak jasota gorpuztu dute bihar egingo duten Elkartasun Festa. Goiz guztirako egitaraua prestatu dute Donostiako Añorga auzoko pilotalekuan eta inguruko zelaian. Asteartean izan zen Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta otsailaren 15ean izango da Haur Minbizidunen Nazioarteko Eguna.

10:00etan ekingo diete tonbolari, jolasei, puzgarriei eta eskaladari. “Tonbolari dagokionez, Euskal Herriko hainbat musika talde, argitaletxe, diskoetxe eta kirol elkarteren laguntza jaso dugu”, zehaztu du Ainhitze Kalonje Easo Politeknikoko ikasleak. “650 sari inguru lortu ditugu dagoeneko, Realeko elastikoak, Petritegi sagardotegian bazkari bat, sagardo botilak, liburuak, diskoak eta jostailuak tartean”. Beroketa lan horiek eginda, 10:30ean hasiko da ekitaldi nagusia; ETB 1eko Goazen telesaileko Lorea Intxausti (June) eta Xanti Korkostegi (Igor) ariko dira aurkezpen lanetan, eta Beñat Gaztelumendi bertsotan. Ordu berean hasiko da Lasarte-Oriako Xumela abesbatzak eta Añorgako abesbatzak girotutako kantujira, eta 11:30ean Porrotx pailazoaren ikuskizuna. “Benetan eskertzen dugu Katxiporreta elkartearen laguntza, eta, bereziki, Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoarena”, zehaztu du Kalonjek. “Porrotxekin harremanetan jarri ginenean, argi ikusi genuen Aspanogiren aldekoa izan beharra zeukala ekitaldiak”.

Esker hitzen zerrendarekin jarraituta, dena den, Kalonjek ez du ahaztu nahi izan Añorga Kirol eta Kultur Elkartea. “Haien prestutasun osoa adierazi digute, auzoa bera eta ekitaldi hau egiteko behar dugun azpiegitura guztia gure esku utziz”.

Zumba saioa amaieran

Porrotx pailazoaren emanaldia amaitu ondoren, Iker Vicente eta Ruben Saralegi aizkolarien erakustaldia izango da 12:00etan —bi enbor ebakiko ditu bakoitzak—, eta zumba saioa 13:00etan, Añorgako Arkaitz dantza taldearen emanaldiaren ondoren. Alde horretatik, herritarrak “egun zoragarri bat igarotzera” animatzearekin batera, egitasmoaren “izaera solidarioa” goraipatu du Kalonjek. “Izan ere, Aspanogi elkartearentzat izango da ekitaldian biltzen dugun diru guztia”.

Ez da sarrerarik ordaindu beharko ekitaldiekin gozatzeko. “Izaera inklusiboa oinarri hartuta, jende guztiarengana iristeko helburua daukagulako”. Sarreraren ordez, hainbat kaxa jarriko dituzte bertaratzen direnek eskupekoa emateko, eta taberna txiki bat ere jarriko dute, jan-edanarekin. Easo Politeknikotik sortutako egitasmoa izaki, joan den asteartean eltzeitsu solidarioa jarri zuten lanbide heziketako ikastetxe horretan bertan, bihar festara inguratzerik ez duten eta babesa adierazi nahi duten ikasleek euren ekarpena egin zezaten.

Nekane Lekuona Aspanogiko ordezkariak “bihotz-bihotzez” eskertu nahi izan du Easo Politeknikoko ikasleen ekimenez gauzatu den proiektua. “Gure kasuan, ekarpen guztiak izaten dira ongietorriak, baina oso hunkigarria da hain ikasle gazteek horrelako pauso bat ematea. Oso aberasgarria da proiektu hau”. Lekuonak gaineratu du horrelako jaialdien helburua ez dela izaten dirua lortzea soilik, “jendea kontzientziatzea baizik; haurren minbizia errealitate bat dela eta gure elkarteko piratek eta familiek laguntza behar dutela ikustea”. Ikasturte garaian, horregatik joaten dira hainbat eskolatara hitzaldiak ematera. “Baina, kasu honetan, ikasleak eurak etorri dira guregana, eta oso berezia da hori”.

Porrotxen hitzak bere eginda, mezu argia helarazi du Aspanogiko kideak: “Umore ona da botikarik onena, eta ziur gaude Añorgan umorerik ez dela faltako”.

Gaur egun, 209 familia ekintzailek osatzen dute Aspanogi. “Eta urtean, batez beste, 25-29 kasu berri tratatzen dituzte Donostia ospitalean”, zehaztu du Lekuonak. “Minbizia hitza entzunda, heriotza etortzen zaigu denoi burura, baina, zorionez, haurren %85 sendatu egiten dira”. Oinarri-oinarrian, “minbizia diagnostikatzen dioten haurraren familiari laguntza ematea” da Aspanogi elkartearen helburu nagusia. “Ospitalean diagnostikoa jasotzen zuten momentuan, familiek arreta psikologikoa jasotzea zen gure erronketako bat, eta lortu dugu, ospitalean psikologo bat egoten baita egunero, gurasoei eta haurrei prozesu guztian laguntzeko”.

Horrekin batera, gizarte lana ere egiten du Aspanogik. “Aholkularitza eskaini, informazioa zabaldu, lantokietako baimenen eta laguntza ekonomikoen inguruan hitz egin, etxez etxeko hezkuntza zerbitzuaren kudeaketan lagundu, beste familia batzuekin harremanetan jarri eta itxaropen mezua zabaldu…”. “Elkartasunari eta haurren bizipozari” helduta, ospitalean eta ospitaletik kanpo familia horiei “ez daudela bakarrik” sentiarazten saiatzen dira Aspanogiko kideak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.