Utzikeriari aurre eginez

Hegoi Belategi

Azken bi ostiraletan aspaldiko manifestaziorik jendetsuenak hartu ditu Pasai Antxok. Ehunka lagun kalera irten dira katilu, lapiko, txilibitu eta bestelakoez lagunduta, zarataren bitartez beren ezinegona modurik argienean adierazteko. Izan ere, beldurra sumatzen da herritar askoren artean azken asteetan Pasai Antxon gertatu diren gertakarien harira. Hainbat lapurreta izan dira komertzio txikietan eta beste hainbat saiakera ere salatu dituzte. Dena dela, egoerak gainezka egitea baino ez dute eragin gertakari horiek. Esanguratsua da antxotarrek manifestazioen pankartarako aukeratu zuten leloa: herrian bizi duten “utzikeria” salatu zuten, ez segurtasun falta soilik; antxotarren haserrea segurtasunera mugatzea aferaren sakoneko arrazoiei muzin egitea litzatekeela diote.

Segurtasunarekin zerikusia daukaten aldarrikapenak ez dira berriak, azpiegiturei, ekonomiari edo ingurumenari lotutakoekin gertatzen den bezala. Bertakoek argitu dutenez, “aldaketa asko” behar dira Pasai Antxon. Herritarrek pazientzia izan dute hainbat hamarkadatan, baina askori amaitu egin zaio pazientzia, eta, hitz politen aurrean, euren bidea egiten hasiko dira batzuk, “herria bizirik dagoela erakusteko”.

Gauza txarrek onen bat ondoan izaten omen dute beti, eta azken asteetako lapurretena da adibiderik onena, gertakari horiek antxotar askoren herri sena piztu baitute. Herri batzar bat antolatu zuten ezinegona medio, herritarrek zituzten salaketa, kexu eta adierazpenei oholtza eta mikrofono bat eskaintzeko, gehienbat. Barruak hustuta, antolaketaren garrantziaz ohartu dira zenbait herritar, eta herri talde bat osatzeko erabakia hartu dute, zer-nolako Pasai Antxo nahi duten hausnartzeko.

Hastapenetan daude oraindik, baina argi dute taldearen izaera zehaztea dela lehen helburua; “Pasai Antxoren utzikeria” da oinarrian dagoen ideia, eta ez segurtasun falta. Guztiek egokitzat dute auzo elkartearen formula, horrela saihestu ahal izango dituztelako nahi ez dituzten hainbat jarrera, xenofobia eta pobreen arteko klasismoa, esaterako. Badakite “elkarbizitza” dela bidea, eta ez dute korapilatu nahi intolerantziaren sarean. Garrantzitsua da pauso hori, bizilagun asko mesfidati mantendu baitira orain arte, manifestazioen atzeko mezu zehatza zein den ezagutzeko zain. Arazoa, beraz, ez da segurtasun falta; herriak konpondu gabeko egiturazko gabezia ekonomiko eta sozialak ditu, eta gabezia horien ondorio da segurtasunik eza.

Antxotarren foro soziala izateko jaio da herri batzarra, mobilizazioetatik sortutakoak jarraipena izan dezan. Antxotarren nortasuna zabaltzea izan daiteke gakoa, elkar hartuta errazagoa baita helburuak lortzea. Urtarrilaren 29an, esaterako, zazpi hilabetez Eskalantegi kalean okupatuta egon zen etxe bat hustu zuten, jabearen esanetan “herritarrek egindako presioari esker”. Asko dago egiteko, baina lehen urratsa egin dute: herritarrak batzea.

Pasai Antxon ez dira berriak udaltzainekiko aurreiritziak, baina egun “herritar askoren babesa” dutela azaldu du Aitor Oteizak, Pasaiako Udaltzaingoaren langile batzordeko lehendakariak: “Herritarrek guk bizi dugun egoeraren berri izan dutenean, gure jarduna ez dute gehiago kolokan jarri”. Iazko abendutik, izan ere, liskar betean daude Udaltzaingoa eta Pasaiako udal gobernua. Lan poltsa hustuz joan da, eta, gaur egun, “lantaldearen heren bat” falta dela argitu du udaltzainak. 39 polizia beharko lirateke Pasaiako lau barrutiez arduratzeko, baina 26 baino ez dira gaur egun. “Sarritan, jendeak esaten du udaltzainak ez dituztela ikusten, eta hala da, arrazoi dute”, salatu du Oteizak. Bost udaltzainekin bete dituzte hainbat txanda, eta ia 17.000 biztanle eta badiak banandutako lau barruti ditu Pasaiak.

Oteizak ez du ezkutatu egungo egoerak herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuan eragin negatiboa duela. “Herritarrek pairatzen dituzte ondorioak, finean. Segurtasunaz harago, eskaintzen ditugun bestelako zerbitzuetan ere eragina du; trafikoan, konponketetan… Herritarren ongizatea jokoan dago”. Egungo aferari konponbide bat eman ezean, egoera arriskutsuak sor litezkeela gaineratu du Oteizak, eta eredu argi baten bidez irudikatu du: “Eraso bat gertatzen bada eta inor ez bada bertaratzen, herritarra egongo da arriskuan. Bi udaltzain soilik joanez gero, eta erasotzaileak labana baldin badauka, udaltzainak egongo dira arriskuan”.

Segurtasun plana

Lan poltsaren auziak konponbide zaila du egun, Pasaiak Arkautiko lan poltsa bateratutik hartzen baititu udaltzainak, Gasteiztik. Gutxi dira Pasaia ingurukoak, eta lan baldintzak ez dira onenak. “Pasaiakoak dira eskualde osoan diru gutxien irabazten duten udaltzainak”, azaldu du Oteizak. Urtea hasi denetik, egoera “zertxobait” baretu da, baina langile batzordeak udaleko lan poltsa propioa aldarrikatzen jarraitzen du, “udaltzainen egoera egonkortze aldera”.

Legealdi honetan, segurtasuna lehentasun nagusien artean kokatu du udalak, Izaskun Gomez alkatearen esanetan, herritarrak seguru sentitu ezean, ez baitago “ez eskubiderik eta ezta ongizaterik ere”. Segurtasuna bermatzeko eta delituak saihesteko plana sortu du udalak; plan horrek, besteak beste, oinezko patruila eta kaleko jantzitako polizia gehiago eta bideokamerak aurreikusten ditu. Planak talde politiko guztien eta hiritarren ekarpenak jaso ditzan, helbide elektroniko bat sortu du udalak.

Gomez, gainera, Eneko Goia Donostiako alkatearekin bildu da dagoeneko: “Kontuan izan behar da hainbat lapurreta Eskalantegi kalean, Donostiako aldean gertatu direla”. Banaketa administratiboek zaildu egiten dute lapurretak saihestea. Goiak “prestasun osoa” agertu duela zehaztu du Gomezek. Bi udalek lankidetza estuagoa hitzartu dute partekatutako eremuetan; Eskalantegi kalean eta Trintxerpeko Azkuene kalean.