Erretiratuak, erdigunera

Erretiratuak, erdigunera

Beñat Alberdi

Euskal oasiaren metaforak hamaika errealitate bil ditzake. Oro har, ekonomiari lotu izan zaio metafora hori: beste gune batzuekin alderaketan hasita, langabezia tasa baxuari, bizi baldintza duinagoei, eta abar. Gaurgeroa-Duintasuna elkarteak, ordea, ez du begi onez ikusi bizi baldintza duinen kontua. Elgoibarko adinekoen egoera aztertu dute bertako erretiratu aktibistek, eta proposamen zerrenda bat ere gehitu diote aurkeztu duten txostenari. Eragileekin eta alderdi politikoekin batzen ari dira orain. Eskura daukaten sistema bera jarri dute zalantzan erretiratuek.

Adineko horiek urteak daramatzate jada euren egoera hobetzeko borrokan. Mendekotasun eta pentsio alorrak landu dituzte batez ere. Hainbat erretiratu elkarte aritzen dira herrialde bakoitzean, baina Araba, Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoakoak batu ditu Gaurgeroak. Bakoitzak, ordea, ez du galdu bere identitatea. Hortik dator Gaurgeroa-Duintasuna izena, Gipuzkoa mailako taldea baita Duintasuna.

Koska bat behera eginda, hala ere, oraingoan Elgoibarko taldea jardun da ikerketan, eta ez Gipuzkoakoa. “Gure herria aztertzen dugu guk, baina ezin dugu ahaztu ez garela bizi hemen bakarrik”, azaldu du Jose Javier Arregi Gaurgeroa-Dintasunako kideak. Adibide gisa jarri du Mendaron eta Deban ez dagoela zaharren egoitzarik; inguruko herriek erantzun beharko diote behar horri.

Herriz herri protesta ekintzak antolatzeaz gain, datuak ere biltzen ditu elkarteak, ofizialak zein eurek lortutakoak. Zenbakiek erakutsi zieten errealitatea: 65 urte baino gehiago dituzte Elgoibarko biztanleen %22,16k, eta 75 baino gehiago %12k. Ez da %20ra iristen, berriz, 0 eta 17 urte artekoen kopurua. “65 urtetik gorakoak laster %25era iritsiko direla uste dugu”, argitu du Arregik, eta orain “erretiro aurreratuak eta bestelako erretiro asko” daudela erantsi du. Gipuzkoan, azken zortzi urteetan, batez beste 3.000 erretiratu berri egon dira urtero. Zenbaki saltsa horretan, mendekotasun egoeran daudenen kopurua ere nabarmendu dute txostenean. 2012ko datuen aldean, urtero goraka jarraitzen du kopuru horrek ere.

Egoera hori kontuan hartuta, pertsona horiei eskaintzen zaien arreta zerbitzua jarri dute jomugan. Esaterako, Duintasunako kideak nabarmendu du azken urteotan, Gipuzkoan, ez dutela askorik igo egoitzetako plaza publikoen kopurua. “Azken sei urteotan 53 toki gehiago sortu dituzte”. Ehun pertsonako bost plaza eskaintzea gomendatzen du OME Osasunaren Mundu Erakundeak, eta %2ra ere ez da iristen Elgoibarko eskaintza; 128 toki berri beharko lituzkete herrian. Gipuzkoan eta EAEn ere ez dira iristen OMEren datuetara.

Zerbitzuen kalitatea ere ez dela “berebizikoa” zehaztu du Arregik, azken urteotan “aldatu” egin dela egoera: “Lehen, ondo zegoen jendea ere joaten zen egoitzetara, baina orain, ez. Erresidentziek ez dauzkate beharko lituzketen tresna guztiak”.

Adinekoak zenbait eragilerekin batu dira txostena aurkezteko, greban dauden erresidentzietako langileekin, adibidez. Beste egoera bat azaleratu die horrek: “Zaintza lanak behar dituzte bertan daudenek”, azpimarratu du Arregik. “Eta langileek ez daukate denborarik horretarako”. Egunean artatu beharreko pertsona kopurua zehazten diete, eta, ondorioz, ezin izaten dute igaro nahikoa denbora bakoitzarekin.

Arazoak, dena den, ez dira egoitzetan bakarrik izaten, eta hainbat ideia batu dituzte egoera hobetzeko proposamen zerrendan; hala nola, adinekoen arazoetan aditua izango den udal bulego bat sortzea. Gazteen eta helduen beharrak ez direla berdinak azaldu du Duintasunako kideak, eta eskertuko luketela lan horretarako bereziki norbait jartzea. Baina, ez hori bakarrik: ofizioz jarraipena egingo dien norbaiten beharra ere azpimarratu du Arregik.

Informazio falta

Diru sarrerak bermatzeko, aldundiak errenta bidez laguntzen die pentsioa seiehun euro baino baxuagoa daukaten herritarrei, baina gertatu izan da norbaitek ez eskatzea, eska zitekeenik ere ez zekielako: “Eskatzeko baldintzak betetzen zituela esan genion pertsona horri, baina ez zekien ezer. Zergak kobratzeko jartzen dute, ba, norbait!”, salatu du Arregik. Paper kontuekin laguntzeko Gizarte Segurantzako bulego bat ere eskatu dute Elgoibarren bertan, eta baita geriatra bat ere.

Hala ere, ez dute mugatu nahi eskaera zehatz batzuk asetzera; eztabaida sortu nahi dute erretiratuen egoeraren inguruan: “Gero eta zahar gehiago gaude. Zer egingo dugu? Elgoibar zahar egoitza bihurtu? Gu ez gara teknikoak, baina zaharren gaiak zaharrekin hitz egin behar dira”. Tutoretzapeko pisuak ere aipatu ditu Arregik, bakardadeari aurre egiteko edo bakarrik moldatu ezin denari laguntzeko “hamaika modu” baitaude.

Udalari eskatu diote bilera bat antolatzeko, gaiari heltzeko. Jada batu dira EH Bildu eta Elkarrekin-Podemoseko ordezkariekin, eskatua diote bilera PSE-EEri ere, eta aurki eskatuko diote EAJri.

Leave a Reply

Your email address will not be published.