“Ikerkuntzak aurrera egiten badu, gazteen ekimenari esker egiten du”

“Ikerkuntzak aurrera egiten badu, gazteen ekimenari esker egiten du”

Jon Miranda

Bizitza erdia baino gehiago darama Xabier Artola Zubillagak (Donostia, 1957) Alkizan bizitzen. Urteko sasoi guztietan egoten da ederra inguruko parajea, baina urtaro bat aukeratu beharko balu, udaberria aukeratuko luke berak, “maiatz hasierako berde gama zabal hori”. Lengoaia kodetuaz harago, Artolak beste bitarteko batzuk baliatzen ditu inguratzen duen errealitatea azaltzeko. Hitza eta irudia ditu gustuko, literatura eta argazkilaritza.

Donostiako Antigua auzoan sortu zinen. Giro euskaltzalea izan al zenuen gaztetan?

Eskola publikoan ibili nintzen ni, eta eskola frankista zen erabat. Hori bai, etxean euskara besterik ez genuen egiten. Oroitzapen bat badut: ama bila etortzen zitzaigula eskolara eta nik ez nuela nahi izaten amak guri euskaraz egiterik. Lotsa ematen zidan besteen aurrean euskaraz bagenekiela erakusteak. Gero, pixkanaka, euskara galduz joan nintzen, eta 15-16 urterekin erabaki nuen euskara berreskuratzea. Kuadrillan esaten zidaten: “Zu zara gure artean euskaraz dakiena”. Horretaz jabetu, eta buelta ematen hasi nintzen. Orduan hasi zen euskararekiko nire pasioa.

Nolako prozesua izan zen euskaldun izateko hautuarena?

Ikasketa guztiak gaztelaniaz egin nituen nik, eta guztiz prozesu autodidakta izan zen alfabetatzea. Ikaskideei euskarazko eskolak ematen nizkien Antiguan, gau eskoletan eta Informatika Eskola deitzen zitzaionean. Neroni hasi nintzen nekien gutxia besteei irakasten eta neroni ikasten. Gogoratzen dut Azkueren morfologiaren hiru tomoak oso-osorik irakurri nituela. Ikastaro batzuk ere egin nituen. Xalbador Garmendiak eman zuen ikastaro bat dut gogoan: EUTGn izan zen, euskal aditzaren ingurukoa. Jose Ramon Etxebarriak eman zuen beste ikastaro batean ere parte hartu nuen.

Zergatik erabaki zenuen informatika ikasketak egitea?

Gure etxean dirurik ez zegoen ikasketak ordaintzeko, eta Donostian zeuden aukeren artean hori hautatu nuen, zergatik oso ondo jakin gabe. Anekdota gisa esan dezaket Informatika ikasketak bukatu nituela eskolan bertan ordenagailu bat ukitu gabe. 1979. urtea zen. Garai hartan, ordenagailuei cerebros electrónicos esaten zitzaien [garun elektronikoak]. Programak egiten genituen, eta programa horiek eskolako bedelak eramaten zituen tren geltokira, maleta batean, fitxa zulatuetan kodetuta. Madrilera eramaten zituzten, han prozesatzen ziren, eta handik hilabetera jasotzen genituen emaitzak. Orduan jakiten genuen zer akats zituen gure programak, funtzionatzen ote zuen edo ez… Atera kontuak!

Unibertsitatean irakasle hasi aurretik, euskara irakasle jardun zenuen?

Bai. Nik argi nuen enpresetako informatika hori ez zitzaidala gustatzen; beste zerbait nahi nuen. Bestalde, euskararen munduan nahikoa sartuta nenbilen, eta arlo horretan gehiago jardun nahi nuen. Euskara irakastera joan nintzen orduan, garai hartan hasi baitziren eskola publikoetan euskara eskolak ematen. 1980. urtea zen, eta Irunen hasi nintzen. Ikasturte hura bukatu zenean, Eusko Jaurlaritzako Euskara Zerbitzutik hots egin zidaten. Hiru talde muntatu nahi zituzten, euskararen irakaskuntzarako materiala prestatzeko eta maila ertainetako irakasleak trebatuz joateko. Hortik sortu zen ondorengo Irale. Hiru euskara talde sortu zituzten, eta horietako batean egon nintzen ni, Donostiakoan. Oso esperientzia ederra izan zen, eta asko ikasi nuen bost urte horietan.

Informatika Fakultatera itzultzea erabaki zenuen, ordea.

Bost urte horietan ez nuen fakultatearekiko harremana erabat eten, doktoretza ikastaroak egiten jarraitu bainuen. Erabaki bat hartu behar izan nuen orduan: informatika erabat utzi edo berriz ere mundu horretara itzuli. Hor hasi nintzen ikusten bi munduak uztartzeko aukera izan nezakeela, hizkuntzarena eta informatikarena. Kontabilitateaz, fakturez eta horrelakoez gain, informatikak gauza gehiagorako aukera ematen zuela jabetu nintzen. 1985ean, aukera izan nuen unibertsitatean sartzeko, eta, eskolak ematen nituen bitartean, tesia prestatzen hasi nintzen.

Irakaskuntza eta ikerketa uztartu dituzu unibertsitatean.

Tesia egiten ari nintzen bitartean, kezka edo gogo berdintsuak geneuzkan lagun batzuk elkartu ginen fakultatean. Euskararen alde zerbait egin nahi genuen, hizkuntzaren tratamendu informatikoan aurrera egiteko tresnak sortuz. Kepa Sarasola, Iñaki Alegria, Arantza Diaz de Ilarraza eta Xabier Arregirekin taldetxoa osatu, eta guk esaten dugu 1988an jarri geniola izena taldeari: Ixa. Orduan hasi ginen gai hauek lantzen. Berehala konturatu ginen hizkuntzalariak ere beharko genituela taldean, eta diziplina anitzeko taldea sortu genuen pixkanaka; gaur egun, unibertsitatean dagoen handienetakoa izango da.

Zer-nolako proiektuak garatu dituzue Ixa taldean?

Hasieran, hizkuntzaren tratamenduan guk bagenuen aplikazio izar bat buruan: itzulpen automatikoa. Gure herrian beti egoten da itzulpen beharra. Konturatu ginen horri ekin aurretik gauza asko zeudela egiteko; oinarri batzuk finkatu beharra zegoen. Oinarri horiek garatu ondoren etorri zen azken erabiltzaileari begirako lehen aplikazioa: Xuxen. 1994an aurkeztu genuen tresna hori. Itzultzaile automatikoaren norabide horretan, batez ere, azken urte hauetan egin dira urrats handienak. Teknologia aldetik iraultza bat etorri da. Lehen, hizkuntzan eta arauetan oinarritutako metodologiek emaitza batzuk ematen zituzten; orain, berriz, beste era bateko metodologiak erabiltzen dira, sare neuronalak eta ikasketa automatikoa, adibidez, eta horiekin ikusi da askoz emaitza hobeak lortzeko moduan gaudela. Sortuz joan diren aplikazioak ez ditugu guk merkaturatu, unibertsitatearen egitekoa ez baita komertzializazioa. Baina Elhuyarrek, esaterako, badu sarean itzultzailea, eta hor ikus daiteke arlo horretan zer aurrerapen izan diren.

Unibertsitatean baldintza egokiak daude ikerketarako?

Guk zortea izan genuen unibertsitatean gazte sartzeko, nahiz eta, beste arrazoi batzuk zirela medio, geroago lortu genuen irakasle postu finkoa. Gaur egun, gazteek oso zail daukate. Uste dut ikerkuntzan gehiago inbertitu beharra dagoela. Azpiegitura aldetik gabezia handiak daude, eta, besteak beste, laguntza teknikoa behar da ikerkuntzan aurrera egiteko. Gaur egun ikerkuntzak aurrera egiten badu, gazteen ekimenari esker egiten du, gazte gaizki ordainduen ekimenari esker. Gaur egun, oso gogorrak dira gazte batek unibertsitatean sartzeko dituen baldintzak. Orain, ia 40 urterekin hasten dira irakasle edo ikertzaile gisa, lehenago ezin izaten dute eta. Bekak eskatuta eta lan baldintza oso kaskarretan aritu behar izaten dute.

Lehen baino euskaltzaleago sumatzen al dituzu gaur egungo ikasleak?

Ez dakit esaten, baina orain ere badira ikasle euskaltzaleak. Ixa taldean ikusi dut bilakaera hori. Hasieran, euskara zen langai bakarra, baina taldea handitu egin da gerora. Beharrak beste batzuk dira, eta unibertsitatean indarrean dagoen ereduak ere argitaratzera garamatza; modu jakin batean argitaratzera, gainera.

Horrek eraman gaitu beste hizkuntza batzuetarako ere lan egitera. Hori, berez, ez da txarra. Beste hizkuntzetarako lan eginda ere asko ikasten da, eta euskararako baliagarria izan daiteke. Arazoa da beste bide hori bakarrik hartzea. Eta horren arrisku pixka bat egon, badago.

Euskaltzain urgazle ere bazara 2006tik. Zein da urgazle baten lana?

150 edo 160 euskaltzain urgazle gaude Euskaltzaindian, eta nik Informazio eta Teknologia Batzordean aholkulari gisa egin izan dut lan. Orain, batzorde horretan ez da aholkularirik behar, eta urgazle gisa ez dut ezer egiten. Badago potentzial bat, jende askok lan polita egin dezake hor, eta uste dut indar hori alferrik galtzen dela. Ez dakit zergatik den. Errelebo kontratua dut orain, ez ditut eskolak ematen, eta denbora gehiago daukat. Laguntzeko prest nago ni.

Euskara bidegurutze batean dagoela uste duzu?

Denek esaten dutena esango dut: ezagutzan aurrera egin dugula eta erabilera dela gakoa. Horretan ez dugu aurrera egiten, eta hor dago arazoa. Gure helburua euskaraz bizitzea bada, ez dago erraza, zenbait arlotan ez delako hori bermatzen. Nire arlora ekarriz, esango nuke konturatu behar dugula teknologia berriekin gero eta gehiago ari garela elkarrekintzan, eta eremu horretan euskarak presente egon behar duela. Garrantzi handia ematen diot horri. Interneten edo telefonoarekin aritzen gara etengabe, eta, tresna horiek euskaraz egiteko aukerarik ematen ez badigute, erdarara joko dugu.

Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?

Betidanik asko gustatu izan zait literatura eta hizkuntzaren mundu hori. Betidanik izan dut idazteko joera. Ez dut izugarrizko produkzioa izan, baina egin dut zerbait. Lehiaketetara ipuinak eta narrazio laburrak bidaltzen hasi nintzen, eta sari batzuk irabazi nituen. 2011n, aukera izan nuen bilduma bat argitaratzeko, Argi-itzalen neurria, eta hori izan da nire ekarpentxoa literaturaren munduan. Itzulpengintza ere asko gustatzen zait; frantsesetik literatura unibertsaleko liburu bat itzuli nuen: Marguerite Durasen Samina.

Zer gairen inguruan idatzi izan duzu?

Harreman pertsonalak dira gai nagusi. Hala ere, gaur egun gutxi idazten dut. Badaukat blog bat, Blogoetak, eta hor noizean behin idazten dut zerbait. Baditut bestelako proiektuak ere buruan, baina argi eduki arte ez naiz idazten hasten, eta horretan nabil.

Bidaiatzea ere gustuko duzu.

Beti izan dut gustuko. Oporrak baliatu ditut horretarako. Duela lau urte, eszedentzia hartu nuen lanean, eta sei hilabete eman nituen bidaiatzen; Amerika zeharkatu nuen Ternuatik Ushuaiaraino. Garraio publikoa erabiliz egin nuen bidea. Paraje ederrak dira, oso ezberdinak. Patagonia asko gustatu zitzaidan; mendian ibiltzeko aukera izan nuen han.

Argazki kamera beti sorbaldan hartuta bidaiatzen al duzu?

Kamerarik gabe ez dakit bidaiatzen, egia esan. Argazkigintza da nire beste zaletasunetako bat. 15-16 urte nituenetik daukat zaletasun hori, bi pertsonari esker, batez ere. Antiguako elizako sakristaua argazkizalea zen, eta ni meza mutil ibiltzen nintzen orduan. Hark sartu zigun barruan harra, eta argazkiak nola errebelatzen ziren erakutsi zigun. Guretzat liluragarria zen hori. Ikaskide bat ere izan nuen institutuan zaletzen lagundu zidana.

Zeri begiratzen diozu?

Gauza askori. Kaleko argazkilaritza gustatzen zait, argazkia lapurtzea. Erretratuak ere bai, baina estudioko lan gutxi egin dut. Kalean eta naturalean ibili izan naiz. Paisaiak asko gustatzen zaizkit, natura eta xehetasunak, batez ere. Denetik egiten dut.

Dantza filmaren grabazioan ateratako argazkiekin osatu duzu azken argazki erakusketa.

Grabazioan egoteko aukera eskaini zidaten, eta lehen eszenak ikusi nituenetik pentsatu nuen ezin nuela aukera galdu. Lan handia izan zen. Filmaketak luzeak izaten dira, eta nekagarriak. Material askorekin etortzen nintzen etxera, eta aukeratu egin behar izaten nuen argazkiak lantzen hasteko. Aukera ederra izan zen.

Zer du Alkizako herriak hainbeste artista bertan biltzeko?

Kasualitate hutsa dela uste dut. Aspalditik ezagutzen dut Koldobika Jauregi. Duela hamar bat urte hainbat proiektu egin genituen herrian, etnografiaren inguruan. Galtzen ari ziren lanbideak berreskuratzen eta dokumentatzen saiatu ginen. Jende askok hartu zuen parte. Orain, Fagus Alkiza interpretazio zentroa daukagu herrian, aurreko lanketaren jarraipena izan daitekeena. Hernio-Gazume kontserbazio bereziko gunean bizi gara, eta gorde eta babestu beharreko gunea da. Hor sartzen da interpretazio zentroa. Ekimen interesgarriak egin daitezkeela uste dut, herriarentzat onuragarriak direnak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.