‘Matriuska’-k hasi du bidea

‘Matriuska’-k hasi du bidea

Aitziber Arzallus

Hilabetetako lanaren emaitza lehendabiziko aldiz jendaurrean erakutsi aurretik “beti izaten diren zalantza eta beldur horiek” uxatu dituzte Amancay Gaztañagak (Guayaquil, Ekuador, 1980) eta Iraia Eliasek (Zarautz, 1980), estreinatu baitute dagoeneko euren azken sorkuntza lana: Matriuska. Lehen emanaldia hilaren 2an egin zuten Donostiako Egia auzoko Le Bukowski aretoan, eta Igeldoko Itsas Aurre kultur etxean ere izan dira harrezkero. “Oso pozik” daude publikoaren erantzunarekin, bi lekuak “erabat” bete direlako, Gaztañagaren arabera. Gaur eta bihar beste bi emanaldi dituzte, horiek ere Donostian. Gaurkoa, Martuteneko Etxarriene auzo etxean izango da, 20:00etan; eta biharkoa, Bidebietako Kontadores aretoan, 19:00etan.

Donostiako 29. Poltsiko Antzerkiaren Jaialdian hasi du ibilbidea Matriuska antzezlanak, sortu ere jaialdi horren barruan antolatu duten X. Poltsiko Sorkuntza lehiaketan sortu dutelako. “Iraiak aspaldi komentatu zidan bazeukala ideia bat bakarrizketa baterako edo”, gogoratu du Gaztañagak. “Ideia hura beste beka batera aurkeztu zuen, baina ez zioten eman. Orduan jakin genuen lehiaketa hau zegoela, eta erabaki genuen ideia hari beste buelta bat ematea eta aurkeztea”.

Emakumeen gaiak emakumeen ikuspuntutik jorratzea gustuko dute bi sortzaileek, eta antzezlaneko edukiez ezer aurreratu nahi ez duten arren, arrastoren bat eman du zestoarrak. “Matriuska komedia bat da, baina gai oso serio batez hitz egiten du: emakumeontzat erreferente diren emakumeez, hain zuzen. Guk ditugun eredu guztiak gizonezkoenak dira, eta horrela lan egiten ikasi dugu; baina hori ez da gertatu gure aurretik emakume eredugarririk egon ez delako, hori gertatu da emakume horiek ezkutatu egin dituztelako”.

Beraz, antzezlanean saiatuko dira eredu diren emakume horiek non dauden eta nolakoak diren bistaratzen. “Historia emakume handiz beteta dago, eta indartsu egiten gaitu haiei buruz jakiteak, ereduak izateak eta barrua beste emakume batzuez beteta daukagula konturatzeak”. Hortik sortu da antzezlanaren izena, matrioxka panpinak ere euren artean desberdinak diren emakumez beteta dauden emakumeak direlako.

Ezinbesteko laguntza

Buruan zerabilten ideia Poltsiko Sorkuntza lehiaketara aurkeztu zuten, eta baita saria eskuratu ere: 4.000 euroko diru laguntza eta antzezlana Poltsiko Antzerkiaren Jaialdian estreinatzeko eta lau emanaldi egiteko aukera. “Laguntza hori eman ez baligute, seguruenik, han geldituko zen ideia hura, eta ezingo genukeen obra hau egin”, adierazi du Gaztañagak. “Jendeak ez daki nolako lana eta inbertsioa egitea eskatzen duen horrelako obra batek eta zenbat ideia gelditzen diren taularatu gabe baliabide faltagatik”.

Urrian jakinarazi zieten lehiaketara aurkeztu zuten ideia hura aurrera ateratzeko modua izango zutela, eta buru-belarri jardun dute harrezkero. Inprobisazio saio batzuk egin zituzten aurrena. “Eta haietan ateratako ideiekin eta buruan zituzten beste batzuekin antzezlana idazteari ekin genion gero”. Hiru bat hilabete izan dituzte guztia prestatzeko, eta Gaztañagak ziurtatu duenez, hiru hilabete ez da ezer horrelako lan bat egiteko. “Hutsetik hasi eta den-dena sortu behar izan dugulako: testua, eszenografia…”.

Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiaren helburua da antzerkia Donostiako auzo guztietara zabaltzea, eta publikoarengana ahalik eta gehiena gerturatzeko ahalegin horretan, berez antzerkia egiteko prestatuta ez dauden lekuetan izaten dira emanaldietako asko. Gaztañagaren irudiko, poltsiko formatua “ederra” da publikoa oso gertu egoten delako. “Eta horrek ematen dizun berotasuna jasotzea polita delako”.

Baina antzerki emanaldiak antzokietatik ateratzeak dituen oztopoez ohartarazi du sortzaileak. “Beti esaten dugu arteak bere espazioak behar dituela, espazio duinak behar dituela. Oso ondo dago publikoarengana hurbiltzeko ahalegina egitea, baina horrek obraren kontra jokatzen du askotan”. Gaztañagak argi dauka ez dela egokiena norbera antzezten ari denean tabernako barra irekita egotea eta jendea hitz egiten egotea. “Publikoak kontziente izan behar du hor badagoela sufrimendu bat artistarentzat, ezohiko toki batean ari delako lanean”. Zestoarraren ustez, publikoak ere ahalegina egin beharko luke antzerkia ikustera antzokietara joateko.

Tamaina ertaineko aretoak

Matriuska lana poltsiko antzerkirako sortu duten arren, Gaztañagak ez du nahi obra formatu horretara bakarrik mugatzerik. “Oso argi daukagu beste bide batzuk ere har ditzakeela eta gure lana tamaina ertaineko aretoetan oso-oso ondo kabi daitekeela”. Izan formatu txikiko emanaldien bidez, izan tamaina ertaineko aretoetan, antzezlana “ahalik eta gehiena zabaltzea eta ahalik eta jende gehienarengana iristea” da bi sortzaileek nahi dutena, eta, noski, “ikusleek obrarekin gozatzea”. Gaztañagak uste du eskaintzen ari diren antzezlanak badituela osagaiak “ibilbide polit bat egiteko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.