Drogak aztergai, enpatiaz

Drogak aztergai, enpatiaz

Miren Garate

Kanpoan, karpa bat, mahai batekin. Haren gainean, substantziei buruzko material informatiboa eta arriskuak murrizteko materiala: filtroak, turulo-ak, seruma, lubrifikatzaileak, preserbatiboak eta abar. Alkoholimetro batzuk ere bai, autoan etorri den jendeak jakin dezan zer arriskurekin gidatuko duen. Furgonetaren barruan, berriz, substantziak analizatzeko aukera. Alde batetik, kalamua, haxixa eta bestelako eratorrien gunea; eta, bestetik, kimikoena, hau da, anfetamina, MDMA, kokaina eta bestelakoena. Itxura horixe izaten du Ai Laket Arrisku Murrizketarako Droga Erabiltzaileen Euskal Elkarteak jarri ohi duen informazioa emateko eta testak egiteko guneak. 2002an hasi zen drogen azterketak egiten, eta, urtez urte, herri askotako jaien parte bihurtu da haien gunea. Inauteriak izanik, lanez lepo ibiliko dira asteburuan ere; larunbatean, Irunen eta Bergaran egongo dira elkarteko kideak. Igandean, berriz, Tolosan. Euskal Herria plazan jarriko dute karpa, gauerditik 03:00etara.

Mikel Hernandez Aiertza elkarteko kidearen esanetan, zenbait motatako analisiak egiten dituzte furgoneta barruan. Alde batetik, eskuan dutena kontsumitzaileek uste duten substantzia ote den egiaztatzen dute: “Substantzia kimiko bakoitzak kolore bateko edo beste bateko erreakzioa izan ohi du. Horri esker, substantzia hori uste dutena den zehaztu dezakegu”. Beste analisi mota baten bidez, substantzia jakin batek zer faltsugarri dituen begiratzen dute. Kokatestari esker, berriz, kokainaren purutasuna %50etik gorakoa edo beherakoa den ikus dezakete. Halaber, unean bertan egiten dituzten analisiez gain, laginak laborategira bidaltzeko aukera ere ematen dute Ai Laket elkartekoek. “Hala, substantzia bakoitzak ehunekotan zer portzentaje duen esan dezakegu”.

Emaitzei erreparatuz gero, normalean kontsumitzaileak uste duenaren eta benetan denaren artean alde handirik ez dela egoten azaldu du Hernandezek. Substantziaren arabera, berriz, purutasunak gorabeherak izaten dituela dio. “MDMAren kasuan, kristala bada, normalean %100 izan ohi da; oso ezohikoa da faltsututa egotea. Pastillen kasuan, posible da MDMA gisa saldutako hori ez hala izatea, baina hori ere ez da oso ohikoa. Anfetaminaren kasuan, normala izaten da kafeinarekin faltsututa egotea…”.

Hurrenez hurren, marihuana, haxixa, kokaina, anfetamina eta MDMA dira Ai Laket-eko kideek gehien aztertzen dituzten legez kanpoko substantziak. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak adikzioen gainean egindako azken inkestak ere esaten du kalamua dela EAEn gehien kontsumitzen den legez kanpoko droga, eta haren atzetik, kokaina. Lehen, bi urtean behin egiten zuen txosten hori Jaurlaritzak, baina aurrerantzean bost urtean behin egitea da asmoa, “emaitza hobeak eta zehatzagoak lortzeko”. 2017koa da orain arteko azkena, eta, besteak beste, droga bakoitza kontsumitzen hasteko adinari buruzko datuak biltzen ditu: aurrena, alkoholari ekiten diote gazteek, batez beste 16,8 urterekin, eta ia adin berean tabakoari (16,9 urterekin); kalamua erretzen 18,6 urterekin hasten dira. Kokaina, 22 urte pasatxorekin, eta gizonek emakumeek baino gehiago kontsumitzen dute.

Informazioaren garrantzia

Drogak edozein izanda ere, Ai Laket-ekoen mezua ez da izaten ez kontsumitzeko. “Kontsumitzeko aukera hor dago, ez kontsumitzekoa dagoen bezala; baina kontsumitzeko hautua eginez gero, modu kontziente batean egiteko aholkatzen diogu jendeari. Eta iruditzen zaigu informaziorik ez badago zaila dela modu arduratsuan kontsumitzea”.

Dioenez, hain zuzen horregatik da garrantzitsua jaietan testak egiteko jartzen duten karpa. “Merkatu beltzaz ari garenez, ez dago inolako kalitate kontrolik; askotan, saltzailearen helburua irabaziak handitzea izaten da, eta erabiltzailearen interesak bigarren mailan geratzen dira”. Adierazi du substantziaren faltsutzeak, purutasunak eta bestelako ezaugarri batzuek asko aldatzen dutela drogaren eragina. “Adibidez, erabiltzaileak ez badaki zer purutasun duen substantziak, arrisku handiagoa du gaindosi bat izateko”. Merkatuan zer droga berri dabiltzan ikusteko ere balio du egitasmoak. “Kimikariak zenbait substantzia ari dira sortzen etengabe, fiskalizaziotik ihes egiteko. Normalean, gainera, ohiko substantzia moduan saltzen dira horiek, berriak direnez ez dutelako merkaturik eta eroslerik”. Aldatzen ari da drogen merkatua. “Kontuan izan behar dugu gaur egungo droga politiken helburua legezkoa ez den droga oro ezabatzea dela, eta, horregatik, fiskalizatuz joaten dira. Alabaina, justizia beti doa kimikariak baino beranduago, eta, fiskalizazio hori saihestu nahian, kimikariek gero eta substantzia gehiago sortzen dituzte, eta horiei buruzko informaziorik ez dago. Hori da arriskua”.

Lokaletako gazteen kezkak

Ai Laketek Tolosako inauterietan egingo duen esku hartzea ez da mugatuko igandean jarriko duen testak egiteko gunera. Kaldereroen aurretik, herriko gazte lokaletan izan ziren elkarteko kideak, gazteekin drogei buruzko lanketa egiteko eta testak lokalean bertan egiteko aukera emateko. Elkarteak orain urte batzuk sortu zuen Lonja Laket proiektua, eta urtean barrena hainbat herritako berrogei lokal ingurutan izaten dira.”Gure helburua da drogen kontsumotik etor daitezkeen arriskuak murriztea. Horregatik, lokaletara joaten garenean, informazio orriak ez ezik, turulo batzuk, kapsulak, sudurra garbitzeko gatz ura eta abar ere ematen ditugu, baita preserbatiboak eta lubrifikatzailea ere”. Tolosako kasuan, harremanetarako kontaktuak bazituzten aurrez, eta zuzenean finkatu zituzten hitzorduak. Beste herri batzuetan, ordea, kalez kale ibiltzen dira, eta gazte lokalen bat izan daitekeena ikusten dutenean, atea jo eta beren burua aurkezten dute. “Daukagun enpatia da bereizten gaituen ezaugarrietako bat. Argi eta garbi esaten diegu gu droga erabiltzaileen edo erabiltzaile ohien elkarte bat garela, eta horrek konfiantza ematen die. Ez goaz hara inor epaitzera; guk erabaki guztiak errespetatzen ditugu: kontsumitzea nahiz ez kontsumitzea”.

Gurasoek egin dezaketen lanketarekin alderatuta, Ai Laketeko kideen ekarpena bestelakoa dela dio. “Lehenik eta behin, arriskuen murrizketan eta prebentzioan trebatuta gaude. Droga bakoitzaren ezaugarri konkretuez aritzen gara; ez diegu konnotazio positiborik eta negatiborik ematen; informazio zehatza erabiltzen dugu, ez iritziak”.

Hernandezek azaldu du gazte taldearen arabera asko aldatzen direla kezkak. “Batzuek substantzia jakin batzuen inguruko zalantzak planteatzen dizkigute, ea zein dosi den egokia, zer arrisku izan ditzakeen…”. Parranda, sexua eta droga elkarri lotuta doazela gaineratu du. “Gaur egun, zoritxarrez, alkoholaren kontsumotik eraso asko etortzen dira, eta kontzientziazio lana egitea ere badagokigu. Sexologo lanetan ere askotan ikusten dugu geure burua, sexu gaixotasunei buruz hitz egiten eta abar”. Alde horretatik, gazte lokalen fenomenoa gehienbat mutilei lotuta dagoela erantsi du. “Mistoak eta neskenak bakarrik ere badaude, baina gehien-gehienak mutilez bakarrik osatutakoak dira”.

Alkohola, kezka iturri

Eta lanketa ez mugatzeko herriko gazteengana, astelehenean aldirietako trenaren bagoietan ere sartuko dira Ai Laketeko kideak. Halaber, jaiaren gune nagusietara ere joango dira, Botilzarra deitzen dioten esku hartzea egitera. Egitasmo horretan Tolosako Inmakulalada ikastolako ikasleek ere parte hartuko dute. “Ikusi zen adin txikiko ugari etortzen zela trenean. Gazte horien ohitura da oso denbora gutxian alkohol asko edatea; graduazio handiko edariak ekartzen dituzte, eta egundoko mozkorrak harrapatzen dituzte segituan”, azaldu du Amaia Karrera irakasleak.

Gazteengana joan eta jateko zerbait, ura, preserbatiboak eta halakoak banatzea izango da ikasleen zeregina; era berean, kale zurrutean aritzeko asmoarekin datozen gazteei esplikatuko diete gaindosiak nola saihestu, deshidratazioa nola saihestu, bakoitzaren pisuaren arabera alkoholak zer ondorio dituen, eta abar, baita norbait gaizki sentitzen bada nora joan behar duten ere. “Erabat orientagarria izaten da gure ikasleek egiten duten esku hartzea; alkohola kendu eta halakorik ez dute egiten”.

Jaurlaritzak adikzioei buruz egindako txostenean jartzen duen arren gazteak batez beste 16,8 urterekin hasten direla alkohola edaten, gauetan ikusten dutenagatik lehenago hasten direlakoan dago Ai Laketeko Hernandez. 15 eta 74 urte artekoekin egin zuen adikzioen gaineko txostena Jaurlaritzak; beraz, gazteen adin tarte bat ez du kontuan hartzen. “Mahaiaren atzean gaudenean, gaua beste era batera ikusteko aukera izaten dugu, eta deigarria egiten zaizkigun gauzetako bat da zenbateko alkohol kontsumoa dagoen gazte-gaztetatik. Jendeak ez du alkohola drogatzat hartzen: oso normalizatuta dago kontsumoa”. Uste du alkohola kontsumitzen dutenek “gainetik bezala” begiratzen dietela gainerako substantzien kontsumitzaileei, eta are gehiago ezer kontsumitzen ez dutenei. “Esfortzu handia egin behar da ezer ez hartzeko erabakiari eusteko. Lokaletan esaten digute hurrupa batera gonbidatuz gero asko kostatzen zaiela ezetz esatea”. Era berean, alkoholaren arriskuen berri ematen hasten direnean askok atzera egiten dutela kontatu du. “Uste dute dena dakitela, eta ez dagoela arriskurik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.