“ETE Liga klubek ordaintzen dugu; baina mugarri bat jarri dugu”

“ETE Liga klubek ordaintzen dugu; baina mugarri bat jarri dugu”

Ikerne Zarate

Maika Tameron (Errenteria, 1967) eta arrauna banaezinak dira. Hibaikako arraunlari ohia, talde horretan lanean segitzen du, eta ETE Emakumeen Traineru Elkarteko lehendakaria da. Emakumeek arraunean ikusgarritasuna lortu badute ere, oraindik “oztopo ugari” dituztela uste du, besteak beste, baliabideak eta babesleak lortzeko garaian.

Arraunaren sinonimo zarela esan daiteke, Hibaikarena bai behintzat. Nola heldu zinen arraun mundura?

Ni futboletik nentorren, txikitatik jokatu dut beti futbolean, eskolan, mutilekin, neska gutxi ibiltzen ginelako futbolean, ni eta beste bat. Lanbide Heziketa Don Boscon egin nuen; futbolean jokatzen jarraitu nuen han, eta, gerora, areto futboleko lehenengo emakume taldeak sortu ziren, Agustinetakoa eta Ipurbeltz. Azken horretan aritu nintzen, Ane Carrere, Reyes Carrere eta Ane Jaurrietarekin batera. Bi urtez aritu ginen jokatzen, eta nahiko ondo, gainera: Erreginaren Kopa eta Gipuzkoako Liga jokatu genituen, eta emaitza onak lortu. Hortik aurrera jarraitu nuen Agustinetako taldean, baina orkatilak gaizki nituen, eta edozein kolperekin lesioa egiten nuen… Eskalatzen nuen, mendira joaten nintzen, baina lehian ibili nahi nuen. Anaia bere garaian Hibaikan zebilen patroi, eta emakumeen batel bat sortu nahi zuten. Deitu zidan probatzeko, eta 1993-1994an hasi nintzen. Jendea etortzen hasi zen, zuzendaritza berria osatu, eta hasi ginen ikastaroak emateko eta harrobia osatzeko ikastetxeetara jotzen.

Nola oroitzen duzu hasierako garai hura? Zein izan da emakumeen arraunaren garapena?

Oso polita izan zen hasiera, baina ez genuen ikusgarritasunik. Joaten ginen estropada batera, eta, galdetzen zigutenean ea nongoak ginen, eta Errenteriakoak ginela erantzun, berehala esaten ziguten, ‘Errenteriakoak? Errenterian ez dago itsasorik’. Egun ez dago, baina izan genuen, baita itsasargia eta portua Foru plazan ere. Ibaia dugu, portura doana eta handik itsasora. Bitartekorik ez genuen; batel bat bakarrik genuen, eta arraunlari bat jaitsi eta bestea igotzen zen, txandaka; borroka latza egin genuen lehiaketak guretzat lortzeko. Gipuzkoako Txapelketan ez ziguten parte hartzen uzten, lau ontzi izan behar zirelako eta ez ginelako hainbeste. Komeriak.

Dena erraza.

Hori da, zailtasunak nonahi, eta une oro. Mutilen traineruarekin hasi ginenean, emakume gutxi ginen zuzendaritzan, eta ordezkarien bilerak izugarri latzak ziren. Garai hartan, Amaia Arzelus eta ni joaten ginen, eta bileretan sentiarazten ziguten ez genekiela ezer arraunaz, ez genekiela zertan ari ginen. Zuzendari gehienak nahikoa helduak eta gizonak ziren, eta bat-batean bi gazte azaltzea eta, gainera, emakumeak, pentsa! Denborarekin erakutsi genuen gure iritziak ere balio zuela, bagenekiela zertan ari ginen, eta errespetua irabazi dugu.

Errespetua garestiago ordaintzen da emakumea izateagatik?

Bai, zalantzarik gabe, baina uste dut egun erraztu dugula bide hori.

Hibaika barruan lanean segitzen duzu, baina ETE Emakumeen Traineru Elkarteko presidentea ere bazara. Nola eragiten dizu ardura horrek?

Emakumeak badira zuzendaritzetan, baina gutxi dira, eta eskarmentua dutenak utziz joan dira ama izan direlako, lanarengatik edo beste kontuengatik; nik jarraitu dut hor, eta hala erabaki zuten ni izatea presidentea. Hemen, Jone Olivan aipatu behar dut: Hibaikan arraunlari izan zen, eta egun Deustun ari da arraunean; idazkaria da ETEn, eta lan izugarria egiten du.

ETEk eta ligak zein ekarpen egin diote arraunari?

Ontzi dezente ginela ohartu ginen; Euskotren Liga osatzeko lau traineru behar ziren, eta beste guztiak kanpoan geunden. Gipuzkoako Arraun Federazioak erronka hori hartu zuen, emakumeei begirako liga bat sortzea, gehienak gipuzkoarrak ginelako, eta lan handia egin zuen. Beste rol bat hartu behar genuela ohartu ginen une jakin batean, eta, emakumeen traineruak genituen klubak elkartuta, elkartea sortzea erabaki genuen, gure iritziak, zer nahi genuen eta nola nahi genuen zehazteko. Nik uste dut mugarri bat jarri dugula, hamabost talde gara elkartean, multzo handia gara. Horietatik lauk jokatzen dute Euskotren Liga, eta gainontzekoak ETE Ligan aritzen dira.

Hirugarren urtea izango du ETE Ligak aurten; berritasunik aurreikusi duzue?

Oraingoz, ez; baina lanean ari gara. Bitartekoak behar ditugu. Ez dugu babeslerik, eta ETE Liga antolatzeko klubek ordaintzen dugu.

Emakumeen kasuan zailagoa da babesleak aurkitzea?

Bai, zalantzarik gabe, oso zaila da.

Nahiz eta Hibaikaren kasuan emakumeen ontziak eman duen elkartea eta herriaren izena gorenera…

Bai, oso zaila da, nahiz eta emakumeen traineruek lorpen handiak izan. Klub batzuek erabaki dugu estropadak aparte egitea, izateko bakarrik emakumeenak, ikusgarritasuna emateko. Lekeitioko Isuntza da bat, Zumaiak ere hala egin du, eta bestea Hibaika da; ikusle ugari izan dira estropada horietan. Guretzat arrakastatsua izan da jendea emakumeen estropadak ikustera joatea. Errenterian, antolatzen duguna antolatzen dugula, jendearen babes handia jasotzen dugu, eta hori Hibaikak izan duen beste lorpen bat da. Urteak eta urteak eman ditugu lanean, eta emakumeen trainerua ikusgarritasunik handiena lortu duena da, baina mutilena ere hor dago, eta lortu dugu jendeak esatea Hibaikakoa dela. Orain urte batzuk, San Juan edo San Pedrokoak ziren, eta, egun, 6-7 urteko haurrek esaten dute ‘Ni Hibaikakoa naiz’. Hori duela zortzi urte pentsaezina zen. Oso harro egon behar dugu egin dugunaz.

Erakundeek nahikoa laguntzen dute, bustitzen dira?

Aitorpena egiten dute, baina bitartekoak jartzeko garaian zailagoa da. Aitortu behar diet esfortzua hiru udali, saria jarri dutelako ETE Ligarako. Ondarroako Udalak saria jarri zuen, 5.000 euro iaz, baita Zumaiakoak ere, 3.000 euro; eta Errenteriako Udalak 12.000 euro jarri zituen, mutilen KAErako jartzen duen kopuru berbera. Eskertzekoa da, eta aitortu behar zaie. Gustatuko litzaiguke babesle bat izatea ere; ari gara lanean, baina ez da erraza.

Arraunlari garaian bizi izandako egoerarik zailena zein izan den gogoan duzu?

Urtea ez dut ondo oroitzen, baina 1998aren bueltan izan zen. Gipuzkoako Batel Txapelketa jokatzen ari ginen Pasaiako portuan. Emakumeen hiru ontzi bakarrik ginen, eta ezin genuen parte hartu; arraun egin bai, baina ez zuela puntuatuko esan ziguten. Ipar Euskal Herriko Endeka ontzia ere bazegoen, baina ez zirenez gipuzkoarrak, ez zuten puntuatzen. Hori ikusirik, Ur Kirolak-eko eta Hibaikako neskak elkartu ginen, eta ontzia lotu genuen buiara: esan genuen gu ez baginen ateratzen, ez zela inor aterako. Ordubete eman genuen, eta portua geldiarazi genuen. Potentea izan zen.

Beste ontzien babesa, gizonena, jaso zenuten?

Hibaikakoena bai. Beste inork ez gintuen babestu, eta ontzi batek abordatu egin gintuen esanez ezin ginela han egon, haurrak itxoiten ari zirela ateratzeko. Guk erantzun genien berdin-berdin genituela babak eskuetan eta ipurdian entrenatzeaz, eta eskubidea genuela parte hartzeko eta puntuagarria izateko; hala egin ezean, indarrik egin gabe, emakumeen arraunak ez zuela inoiz aurrera egingo. Gogorra izan zen.

Eta politena, inoiz ahaztuko ez duzun hori?

Lehenengo Kontxako Bandera, 2008an. Hibaikak ez zuen emakumeen trainerurik orduan. Gipuzkoako Selekzioko traineruan aritu nintzen patroi eta izan ginen Zaragozan. Eusko Jaurlaritzak nahi zuen emakumeen traineruak ikustea, eta Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko lehiaketa antolatu zuen; Gipuzkoak irabazi zuen. Emakumeen traineruak osatzen hasi ziren hainbat klubetan, eta ikusi genuen abagunea zela indarra egiteko: Donostiako Udalak lehenengo emakumeen Kontxa antolatu zuen. Erabaki hori izugarri pozgarria izan zen. Kataluniatik ontzi bat etorriko zela abisatu ziguten. Gure eserleku finkoaren antzeko ontzia erabiltzen dute, baina patroiak lema eramaten du, ez arrauna. Galdetu zidaten ea patroi aterako nintzen beraiekin. Opari izugarria izan zen niretzat. Hibaikan ez genuen trainerurik, ez genuen jenderik oraindik.

Nola bizi izan zenuen une hori?

Izugarria izan zen. Itsaso txarra izan genuen oso, olatu handiak, bertan behera uzteko zorian izan ziren, baina lehenengoa izanik nahi eta nahi ez egin behar genuen estropada. Nik oso ondo pasatu nuen, olatu gainean ibiltzea ikaragarri gustatzen zait, eta arrapalara iritsi eta jende pila ikustea… Gogoratuta, hunkitu egiten naiz.

Beste une polit bat, Hibaikarekin trainerua osatu genuenekoa da, 2011n. Kaikuren jaitsiera egitera joan ginen, eta irabazi egin genuen. Lehenengo aldiz atera genuen trainerua, irabazi genuen, eta ni ontzi horretan nengoen. Hori eta Kontxa bizi izanda, erretiratzeko moduan nintzen.

Errenteriara itzulita, Hibaikaren eskaera historikoa bete egin zen joan den ostiralean: Errenteriak badu ontziralekua.

Sinestezina izan da. Azkenean iritsi da, estreinatu dugu, eta zoragarria da. Hiru ontzi batera ateratzeko aukera ematen digu, erraza da haurrentzat. Haur pila erori zaizkigu beste arrapalan: Hernaniko mutiko batek aldaka puskatu zuen, gure haur pila zauritu dira, edo uretara erori dira askotan… Izugarri erosoa da ontziralekua, eta traineruak jada hemendik, Ondartxotik, ateratzen hasi gara. Orain arte, Trintxerpetik atera behar izaten genuen trainerua, hemen ez zelako modurik. Klubari beste seriotasun bat eman dio ontziralekuak, orain bai. Herriarentzat leku zoragarria da ura gertu ikusteko… Piragua, surf taularekin joan daiteke jendea; herriarentzat ere aberasgarria da.

Oiartzun ibaia ere asko aldatu da Hibaikak lehen aldiz trainerua uretaratu zuenetik, ezta?

Bueno, izugarri… [barrezka] Hasi ginenean, uretara erortzen baginen korrika dutxara joan behar izaten genuen. Gaur egun, ikusten da ibai bazterra berdea; aurretik, grisa zen. Berde horrek bertan bizitza dagoela erakusten du. Arrainak ikusten dira, arrantzaleak aritzen dira, gu bainatzen gara, eta, urtero, madalenetan kukaña egiten da. Ikaragarri aldatu da.

Plaza ez, oraingoz, baina biribilgunea badu Hibaikak, Pontika auzoan.

Pontikako auzo elkarteak eskatu zuen, eta guretzat oso polita izan da. Beti presente dugu, eta bandera bat irabazten dugun bakoitzean, beti pasatzen gara hortik; gure ibilbidearen parte da.

Arraunarekin lotuko zaituzte gehienek, baina herrigintzan ere ari zara. Besteak beste, errepresaliatuen aldeko danborradan banderadun ere izan zara.

Urteetan jo nuen danborra, eta abanderatuak ezin zuen batean, nik erreleboa hartu nion. Hiruzpalau urte egin nituen.

Korrika ere berezia da zuretzat, ezta?

Bai, noski [irribarretsu]. Korrikan laguntzaile ibili naiz, furgonetan, hiru urtez. Izugarria da, oparia. Badut leku berezi bat, Legutio. Arraunarekin lotzen nuen Legutio nik, eta egunsentian heldu ginen behin batean Korrikarekin. Behe laino handiak urtegia estalia zuen, eta bat-batean haur pila azaldu zen. Magikoa izan zen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.