Meaga egokitzea da irtenbidea

Meaga egokitzea da irtenbidea

Aitziber Arzallus

Itsas denboraleagatik kostaldean olatu handiak espero direlako, lur-jausia izan eta bidera harriak erori direlako edo errepidearen zatiren bat hondoratu delako, maiz itxi behar izaten dute Zumaia eta Zarautz arteko N-634 errepidea. Zumaiarrek eta zarauztarrek A-8 autobidea har dezakete horrelakoetan, aukera azkarra baina garestia. Getariarrak, ordea, ezker-eskuin kondenatuta daude kostako bidea erabiltzera, eta hori itxita dagoenean, Meagako errepidea dute aukera bakarra. Arazoa zein den? “Errepide estua dela Meagakoa, eta ez dagoela prestatuta trafiko handia hartzeko”, dio Haritz Alberdi Getariako alkateak. “Errepide hori hobetzea eskatzen dugu getariarrok eta Getariako Udalak”.

Beti gertatu izan dira luiziak Zumaia eta Zarautz arteko N-634 errepidean, eta aurrerantzean ere hala izango dela ziurtatu du Jesus Angel Uriarte EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia irakasleak, alde batera mendia eta bestera itsasoa dituelako. Haren esanetan, ura da arazo guztien eragilea, izan euri ura, izan itsasokoa. “Errepideak flyscha zeharkatzen du. Funtsean, arroka gogor eta bigunen txandaketa bat da flyscha. Arroka bigunak higatu egiten dira, eta, ondorioz, arroka gogorrak euskarririk gabe geratu eta maldan behera erortzen dira. Bestalde, itsasoaren eta olatuen eragina dago. Horiek labarra jaten dute, errepidea oingabetu egiten da, eta horrek ezegonkortasuna sortzen du”.

Hori guztia klima aldaketaren testuinguru batean jarriz gero, gauzek okerrera egingo dutela iritzi dio Uriartek. “Aurreikuspena da horrelakoak gero eta maizago gertatuko direla. Pentsa liteke euri jasak bortitzagoak izango direla, eta, hori horrela bada, arriskua legoke luiziak maizago geratzeko”. Silvia Perez Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepideetako zuzendari nagusiaren ustetan, baina, klima aldaketaren eragina nabaritzeko “goiz” da oraindik. “Errepide horretan beti gertatu izan dira horrelakoak, eta ez daukagu daturik esateko azken urteetan larriagoak eta sarriago gertatu direla”.

Ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiak errepide horretan egin dituen esku hartzeak eta inbertsioak bai, horiek ugariagoak eta handiagoak izan dira azken urteetan. Perezek azaldu du esku hartze horiek hainbat eratakoak direla. “Batetik, prebentziozko lanak egiten ditugu, eta horien helburua da itsasoak errepideko horman eragin ditzakeen kalteak konponduz joatea”. Lan lerro hori 2015ean jarri zuen martxan aldundiak, eta urtero 700.000 euro inguru bideratzen ditu horretara. Zerbitzua bost urterako kontratatu zuten; beraz, aurten aterako dute berriro lehiaketa publikora. “Bestetik, eusteko proiektuak egiten ditugu, mendiari dagokion aldea konponduz joateko. Hirugarren lan lerro bat ere badugu, proiektu espezifikoena, zerbait berezia egin beharra ikusten dugunerako”. Azkenik, larrialdiko esku hartzeak leudeke, zerbait gertatzen denean egiten dituztenak. “Batzuetan erorketa txikiak izaten dira eta errepidea garbitzearekin nahikoa izaten da; beste erorketa batzuk, baina, arazo handiagoen ondorio izaten dira, eta, kasu horietan, larrialdiko lanak egin behar izaten ditugu”.

Inbertitzen jarraitu beharra

Kontuak aterata, Perezek zehaztu du aldundiak urtero bi milioi euro inguru gastatzen dituela Zumaia eta Zarautz arteko errepide zatian. “Izan dira urteak ia hiru milioi euro gastatu ditugunak eta izan dira urteak bi milioira iritsi ez garenak, baina batez besteko kopurua bi milioi euro ingurukoa litzateke”.

Eta galdera da: merezi du horrenbeste diru gastatzea jakinda berriro ere puskatu egingo dela? Uriartek garbi du baietz. “Zein da beste aukera, ezer ez egitea eta errepiderik gabe gelditzea?”. Iritzi berekoa da Perez ere. “Beste erremediorik ez da errepide horretan inbertitzen jarraitzea baino”. Hala ere, uste du azken urteetako jarduteko modua emaitza onak izaten ari dela. “Erorketengatik errepidea erabat itxita gutxitan egoten da. Ahalik eta azkarrena garbitzen dugu, eta berehala irekitzen dugu, errei bat gutxienez”.

Irudipen bera du Getariako alkateak ere, alegia, azken urteetan hobetu egin dela egoera, eta erorketak gertatzen direnean azkar garbitzen eta irekitzen dutela errepidea. Beste gauza bat da itsaso handia aurreikusten dutelako itxi behar izaten dutenean. Kasu horietan erabat itxita egoten da denboraleak irauten duen bitartean. “Badakigu zer lekutan bizi garen, eta onartzen dugu errepide horrek dituen alde onak eta txarrak”. Nabarmendu du itsaso txarra espero denerako Eusko Jaurlaritzaren alerta sistemak “oso ondo” funtzionatzen duela. “Abisua pasatzen digute eta guk app baten bidez berehala jakinarazten diegu herritarrei errepidea itxi edo irekiko dugula”.

Baina hobetzekorik badela uste du Alberdik. Batetik, Lurraldebusen autobus zerbitzua aipatu du. “Transbordadore zerbitzua jartzen du herritarrak Meaga gainera eramateko, han beste autobusekin lotura egin dezaten. Lehen orduak gorabeheratsuak izaten dira, eta ordutegiak errespetatzea eskatzen dugu”. Bestetik, berriz, Meagako bidea aipatu du. “Diputazioak proiektua egin beharko luke, dirua jarri eta hobetu”. Perezek ziurtatu du hori dela aldundiaren asmoa. “Meaga gainean biribilgunea eginez hasiko gara, hori delako errepide horretako tokirik okerrena, eta gero aztertuko dugu beste zein gune hobetu daitezkeen”. Biribilgunea egiteko proiektua idatzita eta tramitazio bidean dagoela ziurtatu du, baina ez du eperik aurreratu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.