Usadioa eta jaia gal ez daitezen

Usadioa eta jaia gal ez daitezen

Mikel Orbañanos Iribar

Mendeetan, nekazari eta abeltzainek naturaren arabera moldatu behar izan dute bizimodua, eta are gehiago urtaro aldaketetan; udako beroaldietan, esaterako, artaldearekin mendira igotzen ziren artzainak, eta kostaldera jaitsi neguko elurteetan, berotasunaren bila. Apurka-apurka, eguzkia jarri zuten horren guztiaren eragile, eta neguko eta udako solstizioak aintzakotzat hartzen hasi ziren. Hala, hotzari agur esan eta epeltasunari ongietorria emateko, urtaro aldaketak jai bereziz ospatzen zituzten. Zehazki, negutik udaberrirako aldaketatik sortu zen inauteri izenez ezagutzen den festa paganoa, usadio bilakatzeraino.

Mendez mende, inauteriek kristautasunetik eta zapalkuntzatik bizirik ateratzea lortu dute. Egun, herriaren izatean garrantzi berezia izan ohi dute, sormena eta irudimena ardatz dutela, modu herrikoian zein urbanoan. Aurten ere, Gipuzkoako herri gehienek egitarau oparoa antolatu dute jaiaz gozatzeko. Hona hemen nabarmentzeko moduko zenbait ekitaldi.

ABALTZISKETA

Urtero, inauterietako igandean, Abaltzisketako Txantxoak izeneko gazte taldeak ohitura izaten du goizean goizetik baserriz baserri ibiltzeko, makil dantza dantzatuz. Musikariek, maskaradunek eta nagusi batek osatzen dute taldea. Baserrira heldu baino lehenago, adarra jotzen dute, etxekoei bisita aldez aurretik jakinarazteko. Iraganean, baserrian bizi zirenak kalera ateratzen ziren adarraren soinua entzun orduko, txantxoekin abesteko eta dantzatzeko. Makil dantza amaitzean, baserritarrek edariren bat eskaintzen diete, esker ona adierazteko. Eguerdi aldera, gazte taldea Abaltzisketako erdigunera iristen da bazkaltzera, eta, arratsaldez, falta zaizkien baserriak bisitatzeari ekiten diote. Abaltzisketan bezala, Amezketan ere txantxoak etxez etxe ibiliko dira asteburu osoan.

ANTZUOLA

XX. mendearen hasieratik, antzuolarrek sorgin dantza antzezten dute inauterietako larunbatean, sorginez mozorrotuta. Garai batean, baserriz baserri ibiltzen ziren eskean, baina ohitura hori galduz joan da. Gaur egun, Sorgin dantza taldea Antzuolako kaleetan ibiltzen da kalejiran, txistulariek lagunduta, eta, haiekin batera hartza, tximinoa eta hezitzailea ere ateratzen dira. Bihar, goiz osoan ibiliko dira kalez kale, eta, eguerdi aldera, dantzari txikiekin batera emanaldi bat egingo dute herriko plazan.

ARETXABALETA

Aurpegia eta arropa ikatzez zikinduta daramaten gazteen talde bat Aretxabaletako kaleetan ibiliko da etzi, 12:00etatik aurrera, txino dantzan. Itxura zabar horrekin, garai batean inauteriak ospatzera joaten ziren ikazkinak imitatzen dituzte. Santa Ageda eskean ateratako neska-mutilek hartuko dute parte txino dantzan. 1936ko gerraren ondoren usadioa luzaroan galduta egon zen arren, 1975ean berreskuratu zuten. Garai batean, gainera, Aretxabaletan ez ezik, Debagoieneko beste herri batzuetan ere egiten zuten txino dantza, Antzuolan eta Bergaran, esaterako.

Bestalde, 1987tik, inauterietako asteartean txinoaren hileta izeneko ekitaldia egin ohi dute. 20:00ak aldera, Mitarte kaletik herritarrak lutoz jantzita eta eskuetan kandela bana dutela aterako dira. Haien aurretik, txino dantzako neska-mutilek zerraldoa herriko plazaraino eramango dute, bertan erretzeko.

BEASAIN

Urtero bezala, mozorro tradizionalek hartuko dituzte Beasaingo kaleak eta auzoak. Bihar, esaterako, Ostadar dantza taldearen eskutik dantza desfile herrikoia egingo dute, goizetik hasita. Eguerdira arte, kalez kale ibiliko dira jai giroan, eta, ondoren, herri bazkaria egingo dute San Martin plaza azpian.

DONOSTIA

Datozen asteetarako egitarau oparoarekin dator Donostiako inauterien festa. Atzo hasi eta hurrengo egunetan mozorroak, desfileak, karrozak eta konpartsak Gipuzkoako hiriburuan auzoz auzo ibiliko dira. Antiguan auzoko dantza taldeko kideek, adibidez, garai batean menditik jaisten ziren artzainen eta herrian zeuden inudeen arteko gortea irudikatuko dute bihar, 12:00etan.

EIBAR

Festa edo kezka, Eibarko inauterietan zer nagusituko den ez dago argi. Atzoko ostegun gizena bertan behera utzi zuen udalak, Zaldibarko zabortegiko isuriengatik; eta gaurtik aurrerakoak ospatu edo ez, atzo argitaratzekoak ziren airearen kalitatearen txostenaren mende zegoen. Inauteriak egitekotan, gaur iluntzean kaldereroen konpartsa aterako da, Urkizu parketik Untzaga plazaraino. Kaldereroen kalejiran herriko hainbat eragilek hartuko dute parte: besteak beste, Kezka dantza taldeak, Txolarte Untzagako zahar etxeko abesbatzak, Kaleetan Kantuz eta Jainagaren trikiti eskolak…

ERRENTERIA

Gipuzkoako herri bakoitzak bere modura ospatzen ditu inauteriak, eta Errenterian, esaterako, kutsu urbanoa duten ekitaldiak antolatzen dituzte. Desfilea da horietako bat. Bihar, 18:30ean hasita, herriko bost konpartsa kalean barrena ibiliko dira: Alaia, Activance, Danza-rn, Coco Dance eta Lezoko Estandak.

IRUN

Puska biltzea ospatuko dute bihar Irunen. 1984. urteaz geroztik, dantzariek Bidasoko eta Behobiako baserri gehienak bisitatzen dituzte kalejiran, trikitilariek lagunduta. Batetik, Eraiki Dantza Taldeko kideak 08:30ean elkartuko dira, eta handik San Martzial gainetik igarota Bentheonea baserrian egingo dute lehen geldialdia. Egunaren bigarren, zatia, berriz, Behobiako baserrietan egingo dute, han emango baitiote egunari amaiera. Bestetik, Ibarla Meaka Dantza Taldeak Meaka auzoko baserrietan egingo du ibilbidea. 09:00etan elkartuko dira haiek. Arin-arina eta fandangoa dantzatzen dituzte, eta, sarritan, etxeetatik ez dira esku hutsik joaten.

ORIO

Larunbata biribila izango dute bihar Orion. Hasteko, urteroko inauteri festa ospatuko dute. Eguerdian, esaterako, mozorroen kalejira ibiliko da herriko kaleak alaitzen, eta, ondoren, herri bazkaria egingo dute pilotalekuan.

Horrez gain, arraunak ere izango du bere tartea. Oriako 26. traineru jaitsiera jokatuko da ibaian, 16:00etatik aurrera. Guztira, 91 ontzik hartuko dute parte, bost kategoriatan banatuta.

SEGURA

Hartzaren Esnaera da Segurako inauterietako ekitaldi nagusietako bat. Historiak dio udaberriaren etorrerarekin hartza lozorrotik esnatu eta menditik jaisten zela. Baserritarrek, ordea, janari eskasiagatik, beldur handiagoa zioten neguari hartzari baino. Hala, ataka estuan egon ostean, alaitasunez egiten zioten harrera udaberriaren etorreraren mezulari zen hartzari.

Pasadizo hori gogoratzeko, hartzaren ongietorriaren antzezpena egingo dute gaur, herriko kaleetan, 18:30ean. Herritar bat, ardi larrua erabiliz, hartz mozorrotuko da, eta hartz-zainak gerritik soka batez loturik eramango du, dantzariek eta txistulariek kaleak girotzen dituzten bitartean. Beste herritar batzuk, berriz, kantu eskean ibiliko dira.

TOLOSA

Atzo lehertu zen inauterien festa Tolosan. Mozorro irudimentsuek eta herriko txarangek hartuko dituzte kaleak asteartera arte. Igandean, Zaldunita Eguna ospatuko dute, eta aurrez prestatu eta atondu dituzten karrozak aterako ditu goizetik herriko zenbait gazte kuadrillak. Gainera, konpartsek ere desfileak egingo dituzte herritarren eta bisitarien aurrean.

Bestalde, karrozen, konpartsen eta txarangen arteko harreman ona bermatzeko, Tolosako Udalak arau berri bat jarri du aurtengo jaietarako. Karroza bakoitzak 90 dezibelerainoko muga izango du musika jartzeko, eta gaueko ordu batetik aurrera ezingo da musika jarri. Gazteen artean arau horrek ez du harrera onik izan, eta ez dute baztertzen egunean bertan bi orduko geldialdia egitea, udalak hartu duen erabakiaren aurkako jarrera adierazteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.