Tere Madinabeitia
Koltxoiak egiteko artilea Argindegi ezizenez ezaguna zen Tomas Telleria artzainari erosi ziotela gogoratzen du Brinkolako Etxeaundi baserriko Pruden Agirrek; “dezente ordaindu genuen”, dio. Hemengo ardien artileak balioa eta ospea zituen garaiak ziren. Handik urte batzuetara, zaborraren pare dago. Ez du inork nahi, eta artzainek ordaindu egin behar dute hartaz libratzeko. Gauzak, ordea, aldatzen hasi dira, Ternua kirol arropen markak artilea bere jantzietarako isolatzaile termiko gisa erabiliko duela iragarri eta gero.
Artileshell izenez bataiatu duten proiektuak urte askotako ibilbidea du, eta, Ternuaz gain, baditu ardatz gehiago: Karrantzako Muturbeltz elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Saila, Antzuolako Lamariano Azpikoa baserriko Txomin Alberdi artzaina, eta Sarako Iletegia enpresa. Guztien artean, baliagarritasuna itzuli diote ardi latxaren artileari, eta produktua merkatuan jarri dute berriz ere.
Isolatzaile paregabea
Ternuako Berrikuntza zuzendari Edu Uribesalgok azaldu duenez, 2009an hasi ziren ardi latxaren ilearekin probak egiten. Hariarekin egin zituzten lehen saiakerak, oihalak sortzeko asmoz, baina ez zuten emaitza onik lortu, ilearen morfologiagatik eta zakartasunagatik.
Beste erabilera bat posible zela ikusi zuten, ordea: isolatzaile termiko gisa “kalitate eta propietate” handikoa delako. “Artile hau lehengai baliotsua da, propietate ugari dituena: bakterioen aurkakoa da, isolatzaile termikoa eta termoerregulatzailea; airea harrapatzen du; ondo funtzionatzen du bustita, baita suaren aurka ere”, dio Uribesalgok.
Ardi latxaren ilea isolatzaile termiko gisa erabili zitekeela ikusita, hurrengo pausoa produktua sortzea zen, eta, horretarako, Iletegiara jo zuten. Enpresa horrek Saran du egoitza, eta Aña Andiazabalek eta Aitor Zubillaga legazpiarrak daramate, eta urteetako esperientzia dute artilearen lanketan, batez ere Iparraldeko manex ardi arrazaren artilearen lanketan.
Zubillagak adierazi duenez, Iletegiaren eta Ternuaren arteko lankidetza Edu Uribesalgo bertara joan zen egunean hasi zen. “Beraiek zuten ideia aurkeztu zigun, eta galdetu ea gaitasuna bagenuen kirol jantziaren isolatzailea egiteko. Guk dagoeneko oherako edredoi nordikoak egiten genituen, eta, beraz, printzipio bera denez, baiezkoa eman genion”.
Hortik aurrera, isolatzailea Ternuaren beharretara egokitzeko entseguak hasi zituzten, besteak beste metro koadro batean zenbat gramo sartu behar diren zehazteko, eta dentsitatea eta artile naparen edo isolatzailearen sendotasuna finkatzeko. Laburbilduz, “artile latxa lantzeko Iletegiaren jakitatea eta makinak jarri ditugu proiektuan, Artileshell teknika sortzeko. Orain Saran ekoitziko dira Ternuaren jantzien isolatzaile horiek.
Artilea, Antzuolakoa
Artileshell isolatzailea egiteko lehengaia, berriz, Antzuolako Lamariano Azpikoa baserriko ardiek emango dute. Txomin Alberdik eta Amaia Laskurainek latx arrazako artalde bat dute han, eta, ardien esnearekin, Amatxo markako gazta ekologikoa egiten dute. Duela hilabete batzuk jaso zuten artile hornitzaile bihurtzeko Ternuaren eskaera, eta baiezkoa eman zioten. “Oso pozik gaude egitasmo honetan parte hartzeagatik, gure sektorearentzako bultzada bat delako, eta gure proiektuarentzako laguntza handia delako”, argitu du Alberdik.
Izan ere, artzainentzat artilearena arazo bihurtuta zegoen. Urtean bi aldiz moztu behar zaio ilea ardiari, 2,5 kilo ardi bakoitzeko; Euskal Herri osoan urtean 2.000 tona sortzen dira. Gaur, artileak ez du ia erabilerarik: hondakin izaera du, eta, hondakin horretaz libratzeko, artzainek ordaindu egin behar izaten dute. Ternuaren proiektuarekin, konponbidea etor liteke.
Artileshell isolatzailea egiteko artileak profesionalek moztua izan beharko du, pieza osokoa, horrela zuntzak ez direlako hautsiko eta ilearen propietate guztiak osorik mantenduko direlako.
Jantziak, udazkenean prest
Isolatzailea fabrikatuta, orain isolatzaile hori eramango duten jantziak egitea falta da. Uribesalgok jakinarazi duenez, lagin batzuk egin dituzte dagoeneko, eta emaitza oso ona da. Kaleko jakak dira, estilo urbanokoak; udazken-neguko denboraldirako bi modelo prestatu dituzte, Artile Jacket izenarekin, eta lehen sorta irail amaieran edo urri hasieran egongo da dendetan salgai, 229 euro inguruan. Nazioartean ere merkaturatuko dituzte.
Artile Jacket arina eta beroa izango da, eta uretik eta haizetik babestuko du. Jaka ekologikoa eta naturala izango da. Kanpoko oihala plastikozko botila birziklatuekin egina dago, eta, barruan, Artileshell isolatzaileaz gain —jaka bakoitzeko 300-400 gramo artile erabiliko dituzte—, arto azukrearekin egindako mintza eta poliesterrezko forrua izango ditu.
Leave a Reply