Iritzilari neuronala

Juan Luis Zabala

Zenbat eta arreta gehiago eskaini informazioari, eta zenbat eta gehiago saiatu, orduan eta zailagoa egiten zaidan gai polemiko askori buruzko iritzi sendo bat izatea —esan nion.

—Niri ere bai —erantzun zidan—. Lekutan zeudek garai bateko nire ziurtasunak!

—Aurrekoan entzun ninan, adibidez, nekazarien eta abeltzainen protesta ikusgarri batean haien etsaiak irudikatu zituztela, eta etsaien artean zer eta… animalien defendatzaileak!

—Badik bere logika. Animalien defendatzaileak gero eta indartsuago zeudek eta gero eta gogorrago ari dituk jotzen abeltzainen aurka.

—Animaliak ondo tratatzearen alde nagon ni ere, batez ere abeltzaintza intentsiboko tratu txarren aurka, baina animaliak pertsonen pare jarri gabe. Animalia batzuek beste animalia batzuk jaten badituzte, zergatik ez ditugu guk beste animalia batzuk jango?

—Gainera, hortik jotzen hasita, non egongo da muga? Tripak jaten ari zaizkian parasitoa ez duk hilko hura ez delako hi baino gutxiago?

—Baina… beste alde batetik begiratu eta zorrotz jarrita, zerk ematen digu animalien bizitza osoa, eta heriotza, gure probetxura jartzeko eskubidea?

—Indarrak, besterik ez…

—Eta horrela beste gai askotan…

—Iruña-Veleiakoan, adibidez?

—Nola ez ba!

—Eta Zaldibarko zabortegiaren aferan?

—Hor gauza asko oso gaizki egin direla ezin din inork ukatu, baina kontu askoren inguruko galdera asko geratzen ditun, eta horiei buruz ez zeukanat iritzi garbirik.

—Eta Zubietako errauskailuari zer irizten diok?

—Txikitan edo gaztetan, etxean jasotako kristau fedea galtzen hasi nintzenean, behin pentsatu ninan neure artean: “Oso jende azkar eta jakintsua zegok Jainkoari fedea diona; baina oso jende azkarra zegok sinesten ez duena”. Eta errauskailuan antzeko zerbait gertatzen zaidan.

—Ba niri, barkatuko didak, baina askoz sinesgarriagoak egiten zaizkidak kontra daudenak, munstro horri Gipuzkoako Ingurumen Gune Berria / Nuevo Complejo Medioambiental de Guipúzcoa izena jarri diotenak baino.

—Bai, baina batzuetan errauskailuaren aldekoak hizketan entzun eta pentsatzen hasten naun ezin dela hainbesterako ere izan.

—Errauskailuaren aldeko jende azkar eta jakintsua dagoelako?

—Egia esan, oso-oso seguru ez nagon horretaz, baina pentsatzen dinat baietz, izango dela, ezta? Eta, jakina, honelako gai batean nik neuk, neure kabuz, ezin dinat esan errauskailua zer neurritan den kaltegarria osasunarentzat.

—Bai, batzuetan bertsio ofizialaren eta eskuliburuko ukoaren artean galduta sentitzen nauk ni ere.

—Oraintxe esan dun: bertsio ofizial edulkoratuaren eta eskuliburuko uko automatikoaren artean.

—Ez kezkatu. Itzultzaile neuronalak nahiko ondo funtzionatzen duela kontuan hartuta, eta hemendik urte batzuetara askoz ere hobeto, jakina, laster iritzilari neuronala asmatuko ditek gu bezalako zalantzatientzat. Oinarrizko balio jakin batzuk erantsita, eskatzen zaion edozein gairi buruzko informazioa jaso, horretarako behar diren iturriak eta haietako sarbidea emanda, eta erabiltzailearen neurriko iritzi sendo egokia lantzen duen aplikazioa. Zer irizten diok?

—Asmatzen baldin badute, ez dudarik egin nik erabili egingo dudala. Patentatu ezan ideia, inork ostu baino lehen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.