“Orri zuri bat zoriontasuna da, zerbait berria sortzeko aukera”

“Orri zuri bat zoriontasuna da, zerbait berria sortzeko aukera”

Aitziber Arzallus

Iñaki Martiarena Otxotorena (Donostia, 1967) bizikletaz iritsi da Intxaurrondoko Otxoki parkean jarritako hitzordura. Ahal duenean garraiobide hori erabiltzen du, “ekonomiagatik eta kontzientzia sozial eta ekologikoagatik”. Bere buruaz hizketan hasita, ez da atzera begiratu zale; nahiago du oraingoei eta hemendik aurrerakoei buruz aritu, jorratzen ari den esparru berriei arreta jarri. Bizitza guztia darama barrukoak marrazki bidez kanporatzen, baina hizketan ere egokia da. Badaki zer esan nahi duen, eta zer ez. Galdera entzun ostean, segundo batzuk hartzen ditu pentsatzeko, esan nahi duen hori ahalik eta zehatzena eta argiena adierazteko.

Nondik dator Mattin goitizena?

15 bat urte nituela gelakideak hasi zitzaizkidan Mattin deitzen, eta hori hartu nuen goitizen gisa, umore grafikoan oso ohikoa baita goitizena erabiltzea.

Nolako haurtzaroa izan zenuen? Zer oroitzapen dituzu?

Nire bizitzako lehen hamar urteak Matia kalean egin nituen. Giro grisa gogoratzen dut, grisak ibiltzen baitziren kalean. Eta ni lotsatia nintzen, oso lotsatia. Sormenerako estimulurik gabeko bizi ingurua genuen, eta, hazia ona izan arren, ez bada lurra emankorra, alferrikakoa da; hazia ernaltzeko baldintza egokiak behar dira. Esango nuke haurtzaro hartan ez zegoela baldintza egokirik.

Zuk nonbaiten topatu zenuen behar zenuen lur emankorra…

Prozesu bat izan da, eta, oraindik ere, nire lekua eraikitzen ari naiz, nire lekua aurkitzen.

Zergatik hasi zinen marrazten?

Marrazten nuenean, gustura sentitzen nintzen. Erreferentziak ziren pelikula batzuk, umorezko komikiak eta indio eta bakeroen komikiak. Dramatizatu gabe, baina urtean behin erosten ziguten etxean komiki bat, eta hari begira gustura egoten nintzen neure buruarekin, hor aurkitzen nuen nire bakea, nire babesa. Batetik, marraztea zen babeslekua, eta, bestetik, komunikatzeko eta adierazteko bide bat. Hitzez esaten ez nuen hura marrazkien bidez adierazten nuen. Beharbada, ez ninduten entzuten edo ez nintzen entzuna sentitzen, eta marrazki bidez adierazten nuen neure burua. Baina hori guztia inkontzienteki egiten nuen. Gerora, 16-17 urte nituela, nire lanak argitaratzen hasi nintzen, eta hori ikaragarria izan zen, egiten nuenak beste dimentsio bat hartu zuen.

Nork eman zizun lehen aukera?

Andoni Tolosa Argia-ko kolaboratzaileak proposatu zidan elkarrekin komiki bat egitea. Bocarta sortu genuen, eta Argia-n argitaratzen hasi ginen. Orduan hasi nintzen euskalgintzan murgiltzen.

Informazio Zientziak ikasi zenituen. Zer asmorekin?

Inguruari buruzko kezka nuen. Ingurua ez zitzaidan gustatzen, eta bi zalantza nituen: batetik, neure burua nola kokatu; eta bestetik, zer egin inguru horrekin, alegia, aldatu, edertu, puskatu… Zalantza egin nuen arte ederren eta kazetaritzaren artean, baina ordurako ari nintzen umore grafikoa egiten, eta ohartu nintzen dagoeneko ari nintzela kazetaritza egiten. Beraz, zentzua zuen Informazio Zientziak ikasteak. Arte Ederrak gehiago ikusten nuen barrura begirako zerbaiten gisa, eta kazetaritza gehiago da kanpokoari erreparatzea. Nire bilakaera hori izan da: lehenik, gaztetan, kanpokoari arreta eskaini; gero, urteen eta bilakaera pertsonalaren eraginez, barrukoari begira jarri; eta azkenik, barrukoari entzunez, adierazi.

Nola joan zinen garatuz Bocartarekin hasi zenuen bide hura?

Berehala heldu zen profesionalizazioa. Euskarazko prentsan langile izan nintzen. Egunkaria-n lan egin nuen hamar bat urtez, eta hura izan zen eskola niretzat. Kazetaritzako genero grafiko desberdinak landu nituen: karikatura, umore grafikoa, ilustrazioa, infografia… Gero, kazetaritzatik pasatu nintzen literaturara eta fikziora. Argitaletxeentzako ilustrazioak egiten hasi nintzen, irakurzaletasuna bultzatzeko ekinbideetan parte hartzen… eta saiatu nintzen ordura arte menperatzen ez nituen beste esparru batzuetan formatzen: kolorea, beste teknika batzuk… Prentsako erritmoa oztopo edo muga zen, beste horietan sakontzeko. Orduan, prentsa zuri-beltzekoa zen; beraz, nola ikasiko nuen kolorea erabiltzen? Liburugintzan hasi nintzenean hasi nintzen mundu hori ezagutzen, eta orduan atera zen nire alde margolaria. Horrek ekarri zidan neure buruari entzuten hastea, nire barrenak nola zeuden ikustea, kazetaritzak ez bezala.

Sekula joan zara eskolara marrazten eta margotzen ikastera?

Ez, eginez ikasi dut dakidana.

Zure lanean maiz jo duzu umorera. Zergatik?

Mina baretzeko tresna da umorea. Askotan esaten dut arkatzak mina daukala, eta minaz edo minez marraztu egiten dugula. Nire kasuan hala da, behintzat. Ezkutuan dudan eta hitzez kanporatu ezin dudan hori marrazki bidez ateratzen zait. Jakina, horrek ez du esan nahi beti horrela nagoenik; saiatzen naiz marrazkiarekin hori arintzen eta goxatzen. Egia da batzuetan sobera serio hartzen ditugula gauzak eta ez genituzkeela horrela hartu behar; min horiei ez genieke gehiegizko lekurik eman behar.

Haur, gazte eta heldu, denentzako lanak egin dituzu. Zer eratako publikoarentzat aritzen zara erosoen?

Beti euskaraz lan egin izan dut, eta nire publikoa ere halakoxea da, euskalduna edo euskaraz dakiena. Alde horretatik, iruditzen zait azpimarratzekoa dela atzean dagoen ahalegina eta lana. Zuk sortutako zerbait argitara ateratzen duzunean baduzu erantzukizun bat, eta horrek eskatzen du atzetik lan asko egitea, prestakuntza izatea. Gurea oso lan inportantea da, irudiaren eta hitzaren arteko zubigileak baikara. Irudia asko zaintzen dugu, baina baita hitza ere, eta biek eskatzen dute atzeko lana eta prestakuntza.

Bi eratara lan egin izan duzu: batetik, enkarguetatik abiatuta; eta bestetik, zeure sormenari bide emanda. Zer leku du batak, eta zer besteak?

Zenbateraino bereiz daiteke eremu pertsonala eta merkatuak eskatzen diguna? Zorionez edo zoritxarrez, egitea gustatzen zitzaidan hura profesionalizatzeko aukera izan nuen eta, zailtasunak zailtasun, horretan jarraitzen dut oraindik. Gaur-gaurkoz, errezeloa dut ez ote diodan kasu handiagoa egiten eremu pertsonalari. Guztiz irekita nago enkarguetara, baina egia da azken proiektuak oso pertsonalak izaten ari direla.

Marrazkigintza albo batera utzi gabe, azkenaldian beste bide batzuk jorratzen ari zara. Zeintzuk dira bide horiek?

Esan nezake azkenaldian bi esparrutan nabilela lanean. Batetik, daude produktuak, alegia, marrazkiak, ilustrazioak, komikiak eta horiek guztiak; eta bestetik, daude zerbitzuak, alegia, sormen lantegiak. Lantegi horiek izan daitezke hainbat eratakoak. Batetik, daude teknika zehatzen ingurukoak: komikigintza, estanpazioa… Horietan, dinamizatzaile gisa aritzen naiz. Eta, bestetik, daude ingurumenari lotutako lantegi hezitzaileak. Esate baterako, urtarrilean egin ditugu SEO Birdlife erakundearekin elkarlanean ornitologiari buruzko lantegiak. Lantegi horietan ipuinak erabili ditugu hegaztien bizimodua erakusteko, eta material hori neronek idatzi eta marraztu dut. 2018an Hendaiako Nekatoenean egin nuen egonaldian hasi nintzen kamishibai-ak sortzen, eta material hori erabili dugu lantegiak dinamizatzeko. Lantegi horietan, hezitzaile lana da nirea.

Noiztik zabiltza lantegiak dinamizatzen?

Hegaztien kontuarekin badaramatzagu pare bat urte, baina bestelako lantegiak ere egiten ditugu. Adibidez, heldu den hilean, artearen inguruko lantegi bat egingo dugu San Telmo museoan, erakusketa baten harira; hitzartua daukat beste bat egitea Aquariumean… Nire jardunaren bilakaerak horretara eraman nau, eta oso gustura nabil; oso aberasgarria egiten zait, batez ere beste batzuekin hartu-emanak izatea ahalbidetzen didalako.

Gainerakoan, marrazkilariaren bizitza oso bakartia izango da, ezta?

Bai, hala da, zeure buruarekin pasatzen duzu denbora asko.

Zerbitzuen atalak zure lanean gero eta leku gehiago duela diozu, eta enpresari ere izena egokitu diozu: Mattin Ilustrazioa zen lehen, eta Sormena gehitu diozu orain. Zerbitzuen atala gain hartzen ari zaio produktuenari?

Azken boladan zerbitzuetako lan dezente sortu zait, eta gustura nabil, baina boladak izaten ditut. Hilabete batzuetan, denbora gehiago eskaintzen diot marrazteari, eta, beste batzuetan, gehiago eskaintzen diet bestelakoei. Norbere oreka topatzea da kontua.

Enkarguz ala zeure erara marrazten duzu gehiago?

Bietara egiten dut. Oso aldi oparoan nago orain, sormen handiko garaian. Asko ereiten ari naiz, eta, beharbada, gero iritsiko zait jasotzeko garaia. Tiraderan baditut komikiari eta haurrentzako ilustrazioari lotutako bizpahiru proiektu.

Bistakoa da etorri handiko sortzailea zarela, baina 30 urteko ibilbidean sekula ez duzu izan lehorraldirik?

Askori entzun diet orri zuriak beldurra ematen diela, baina niretzat orri zuri bat zoriontasuna da, zerbait berria sortzeko aukera, hutsetik hastekoa.

30 urteko ibilbidean pertsonaje asko sortu dituzu: Bocarta detektibea, Kattalingorri, Ander + Graun… Zein duzu kuttunena?

Izarra Belardo da, eta haren azpian daude besteak. Belardo sortu nuela hogei urte pasatu dira, eta bizi-bizirik dago oraindik.

Belardoren 20. urteurrenaren harira, Belardo. Ba al zatoz? albuma argitaratu zizun BERRIAk iragan azaroan. Pozik zaude emaitzarekin?

Belardorena da nire bigarren komikia, eta euskarazko komikigintzan kristoren gailurra. 2016an argitaratu nuen Zarrakamalda, eta hura izan zen mugarri bat maila guztietan. Barren-barrenetik sortutako liburu bat izan zen, ehundik gora orriko komiki bat, eta izan zen neure burua autobaieztatzeko balio izan zidan lan bat. Ondoren etorri da Belardo, hogei urte bete dituela aitzakia hartuta. Ziklo bat itxi nahi nuen, eta, horretarako, Belardoren istorio luze bat idatzi eta marraztu nuen. BERRIAri gustatu egin zitzaion, eta argitaratu egin zuen. Esan daiteke Belardo dela nire garapenaren isla. Liburuan lantzen diren gaiak dira niri interesatzen zaizkidanak, umea ez dut tratatzen tontotzat, grafia oso berezia erabili dut eta hizkuntza aldetik ere saiatu naiz hitz jokoak-eta sartzen, eta publikoak asko eskertu dit. Urtemugaren bueltan egitasmo gehiago ere antolatu ditugu, gainera: komikigintza lantegiak eskaini ditugu, eta, orain, erakusketa txiki bat prestatzen ari gara. Aurki egongo da prest.

Horrelako album bat goitik behera egitea ez da txantxetako lana izango, ezta?

Dezenteko lana eskatzen du, bai. Zarrakamalda egitea ikaragarria izan zen, eta Belardorena egitea ere bai, baina prozesua desberdina izan da, bi ume diferenteak izan dira. Belardorena izan da urtetako lanaren bilduma moduko bat, eta arrunt pozik nago emaitzarekin. Asko gustatzen zaizkit liburuaren diseinua eta neurria, eta oso polita izan da lantegietan publikoarekin elkartzea eta jendearen iritzia bertatik bertara jasotzea. Gainera, lantegi horietan ohartu naiz Zarrakamalda bizirik dagoela oraindik, eta horrek poz handia eman dit.

Leave a Reply

Your email address will not be published.