Bi film, eta talde plana

Bi film, eta talde plana

Itzea Urkizu Arsuaga

Louie telesailak eman zion izena Bang Bang Zinema proiektuari. Fikziozko pertsonaiak bazkaltzeko hitzordua egiten du lagun batekin, eta bang bang bat egitea proposatzen dio: bi aldiz bazkaltzea, bi jatetxetan. Eta horixe da, hain justu, Bang Bang Zinema elkarteak ikusleei eskaintzen diena: bi filmez gozatzea arratsalde bakarrean.

Ohitura galdu hori berreskuratzeko gogoari tiraka hasi ziren, eta honezkero sei urte daramatzate, Donostiako Antzoki Zaharrean, zinemaz gozatzeko bestelako moduak eskaintzen. Iñaki Gabarain taldekideak dio Donostiako zinema eskaintza zabalari beste zerbait gehitu nahi izan ziotela: “Lagun talde bat gara, zinemazale amorratuak, eta beti aritzen ginen horrelako ideia batekin bueltaka. Donostian, zalantzarik gabe, zinema programazioak baditu bere indarra eta publikoa, baina tarte bat ere ikusten genuen erregistro honentzat: klasikoak eskaintzea, zinefilia hutsa ez den proposamen bati lotuta”.

Tolosan joan den azaroaren 16an antolatu zuten lehen bang bang saioa, eta antolatzaileek aurkezpen ekitalditzat jo zuten. Babarrun Eguna izaki, data ez zen aproposena izan, baina, hala eta guztiz ere, hirurogei pertsona elkartu ziren Leidorren, Indiana Jones and the Raiders of the Lost Ark (1981) eta Pulp Fiction (1996) pantaila handian ikusteko. “Tolosan proiektua errotu nahi genuke, bide bat egin; eta martxoaren 7ko saioak oihartzun handiagoa izatea espero dugu”.

Horretarako, beste bi klasiko aukeratu dituzte, Bang Bang Zinema taldeko kideek: Gremlins (1984) eta Back to the Future (1985) eskainiko dituzte, jatorrizko bertsioan, gaztelerazko azpitituluekin. “Gure artilleria astuna erabili nahi dugu Tolosako bigarren saioan, hein handi batean horrekin lotuta baitago bang bang saioen izaera eta erregistroa: 1980ko hamarkadako nostalgiarekin, hain ezagunak diren klasiko horiekin. Bi film horiek arrakasta eztabaidaezina dute, eta bikote ederra osatzen dute”.

Pelikula bat baino gehiago

Belaunaldi jakin baten klasikoak zinema aretoetan eskaintze hutsak badu nahikoa erakargarritasun film horiek sekula pantaila handian ikusi ez dituenarentzat. “Gainera, saio bikoitzaren ideia gustuko genuen, jada ez delako egiten. Erromantizismo puntu horretatik abiarazi genuen proiektua, helburu oso argiarekin: pelikula bat baino gehiago izango zen proiektu bat sortzea”. Eta lortu dute.

Bang bang saioak ez baitira zinema saio arruntak. “Giro batekin jantzitako saioak dira, parte hartze handikoak”, eta Gabarainek hori jo du beren balio erantsitzat. Zinemaren gozamena taldean aldarrikatu nahi izan dute hasiera-hasieratik, eta ederki urratu dituzte horretarako bideak: taberna zabalik egoten da saioetan; krispetak banatzen dituzte; photocall tematikoak prestatzen dituzte, lagunekin argazkiak ateratzeko; aurkezle batek gidatzen du saioa, eta tarteka aktore gonbidatuak eta esketxak ere izaten dira. “Bang bang saioetan, giroa da garrantzitsuena, lortu dugun hori sortzeko: gozatzera doan komunitate bat, zinema beste modu batean bizitzeko asmoa duena”.

Plataforma digitalen arrakastaren eta zinema klasikoarekiko nostalgiaren artean, paradoxa batean bizi da Bang Bang Zinema proiektua: “Zalantzarik gabe, uste dut ikus-entzunezkoen loraldi garaian gaudela, jendeak telesail eta film asko ikusten baititu. Ordea, zinemara joateko ohitura gain behera doa azken hamar urteotan, eta herritarrak ez dira hainbeste joaten aretoetara”.

Iñaki Gabarain eta haren taldekideentzat, banakako kontsumo hori kolektibizatzeak garrantzi berezia du, zinemaz osotasunean gozatzeko: “Batez ere, jende gazteak bestelako baliabideak hautatzen ditu zinemaz gozatzeko: bakoitza bere etxean, pantaila txikitan eta isolamendu kutsu batekin”. Horregatik, elkartearentzat garrantzitsua da zinema pantaila handian aldarrikatzea, banakakotasun horretatik irtenda. “Gure nahia jendea elkartzea da, komunitate bat sortzea, eta zinemara joateko plana erakargarria izatea. Zinemaz gozatzeko berezko esperientzia zinema aretoetan dago”.

2014tik hona, Donostiako Antzoki Zaharreko bang bang saioetan komunitate zinemazale hori sortu da, eta bi ikusle mota bereizi ditu Gabarainek: “Ikusleak askotarikoak dira, baina 30-45 urte bitartekoak dira gehienak. Batzuk oso zinemazaleak dira, friki puntu bat dutenak, eta saio guztietara fidel-fidel etortzen direnak. Beste askok, berriz, ahoz ahokoarekin jasotzen dute gure saioen berri, eta maiz etortzen dira, baina ez beti. Bang bang bizirik dagoen zerbait da, baina oinarrian badu oso fidela den publiko bat”.

Klasikoak lau haizeetara

Donostiatik kanpo, Bang Bang Zinema proiektuak martxan ditu hainbat elkarlan. Irunen bi urte daramatzate, bertako elkartearekin eta udalarekin batera; Bilboko Arte Ederren museoan egin izan dute esku hartzeren bat edo beste, eta Hondarribian ere bai.

Tolosako Leidor aretora saioak helarazteko proposamena Tolosako Udalaren eskutik jaso zuten taldekideek: “Proiektua gustuko zutela azaldu ziguten, eta ea Leidorren martxan jartzeko aukerarik ikusten ote genuen. Plaza polita iruditzen zaigu, eta erronka bat da guretzat”.Modu horretan, bang bang zinema saioek osatuko dute, Tolosan, zinema bonuen hileroko eskaintza, eta Zine Forum taldearen osteguneroko saio bikoitza. “Zaletasun handia dago, baina beharbada formatu klasikoagoan. Horregatik, guretzat sekulakoa litzateke proiektua bertan errotzea. Ilusio handia dugu, eta udala ere egitasmoa sustatzeko borondatez ikusten dugu; beraz, goazen pixkana-pixkana”, azaldu du Iñaki Gabarainek.

Sarrerak eskuragarri daude Leidor aretoko leihatilan, bost euroan, eta saioa 18:30ean hasiko da, bihar.

Leave a Reply

Your email address will not be published.