Bola eta toka berreskuratzen

Bola eta toka berreskuratzen

Aitziber Arzallus

Joan den igandean, bola eta toka jokoetan aritu ziren Zarauzko Zelai Ondo auzoko bolatokian. Hain zuzen ere, Lehendakari Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zuten. Bolatan, 70etik gora lagunek parte hartu zuten. Tokan, berriz, 31 parte hartzaile izan ziren. Bada zerbait, kontuan izanda duela urte batzuk erabat galduta egon zirela bola eta toka Zarautzen. Zelai Ondoko Bol & Tok elkartea da azken urteetan bi kirol horiek berreskuratzeko lanean diharduena, eta Txema Fernandez da elkarte horretako presidentea. Gustura dago bola eta toka herrian hartzen ari diren indarrarekin. Baina, elkarte gisa, badute udalarentzat eskaera bat: bolatoki estalia behar dute.

Garai batean Zarautzen bolarako eta tokarako afizio handia zegoela gogoratu du Fernandezek. “Izango dira berrogei bat urte Zelai Ondo auzoan bolatoki bat egin zutela”, hasi da. “Guk orduan 16-20 urte bitartean izango genituen, eta auzoko zaharrenei begira ikasi genuen jokatzen”. Gerora, ordea, galdu egin zela dio. “Materiala egurrezkoa zen, eta zaintza eskatzen zuen, eta bolatokia bera ere estali gabekoa zenez, beti geunden eguraldiaren mende”.

Duela urte batzuk, ordea, berriz hasi ziren jokatzen. “Gaztetxearen urteurren baten bueltan hasi zen dena”, Fernandezen esanetan. “Auzoan bolatokia zegoela ikusi zuten, eta urteurreneko ospakizunen artean bola txapelketa antolatzea erabaki zuten, baina inork tiratzen jakin gabe”.

Saiakera hura nahikoa izan zen, ordea, garai bateko jokalariei harra berpizteko. “Federazioarekin harremanetan jarri ziren, bolatokia konpondu zuten, eta bola eta toka jokoetan aritzeko egun bat antolatu zuten”. Horretarako, lehen ibiltzen ziren jokalariei deitu zieten, eta haiek, noski, animatu egin ziren. “Bolatokia martxan ikusi genuenean, talde bat sortzea aztertzen hasi ginen”. Lehendik ibilitako jendeaz gain, berriak ere elkartu zitzaizkien eta egun, 40 urtetik 84ra arteko 24 lagunek osatzen dute Bol & Tok elkartea.

Zein den arazoa? Tirada ofizialetan parte hartzeko bolatokiak estalia behar duela izan. Eta hain zuzen, hori da Zarautzen ez dutena. “Federaziokoei esan genien konpromisoa hartzen genuela gure bolatokia ahalik eta baldintzarik onenetan mantentzeko, eta tiradaren egunean karpa bat jarriko genuela bolatokia estaltzeko”, adierazi du Fernandezek. “Eta federazioak onartu egin zigun hori, baina ahalik eta azkarrena bolatokia estaltzeko baldintzarekin”. Ordutik, baina, pasatu dira urte batzuk. Bol & Tok elkartekoak, nolanahi ere, Zarauzko Udalarekin harremanetan daude. “Udalak badu bolatokia estaltzeko asmoa, baina ez dakigu noiz izango den hori”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.