Euskararen eusle izateko

Euskararen eusle izateko

Mikel Orbañanos Iribar

Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen egoeraren inguruan kontzientziatzea eta sentsibilizatzea da Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen helburuetako bat. Horren barruan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektu bat sortu zuen duela lau urte udalerri euskaldunetako ikastetxeetan, Hedatu izenekoa, Haur Hezkuntzatik hasi eta batxilergoraino. “Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa eratzea eta arnasguneetako biztanleriak duen garrantzia nabarmentzea da egitasmoaren helburua”, azaldu du Jokin Uranga Uemako hezkuntza arduradunak.

Hezkuntza proiektua gehiago lantzeko, Uemak udalekuak antolatzen ditu duela hiru urtetik. Hain zuzen, DBHko 3. eta 4. mailako eta batxilergoko ikasleentzat dago bideratua, udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzeko eta beraien arteko harremanetan euskara oinarri izateko. Urangak azaldu duenez, udaleku horiek Uemaren hezkuntza proiektuaren “osagarri gisa” hartzen dituzte: “Hau da, ikastetxeetatik ateratakoan ere, gazteek arnasgunearen kontzeptua lantzeko aukera dute beste espazio batean”. Izan ere, haren iritziz, gazteek hezkuntza arautuarekin lotzen dute euskararen normalizazioaren gaia, eta uste du esparru horretatik kanpo ere jokaleku zabala dagoela euskararen kontzientziazioa indartzeko.

Udalekuekin zer lortu nahi duten galdekatuta, Uranga argi mintzo da: “Guk nahi duguna zera da, gazte horiek jabetzea herri euskaldunak existitzen direla euren udalerrietatik kanpo. Ildo beretik, gazteak herri euskaldunetatik kontzientziatuak irtetea eta euskararen eusle bihurtzea da gure nahia”.

2017an egin zituzten lehen topaketak, Orion. Asteburu bateko egonaldia antolatu zuten, eta, “motz” geratu zitzaiela iritzita, erabaki zuten hurrengo urtean aste osoko udalekuak egitea, Zestoako Sastarrain aterpetxean. Urangaren arabera, ordea, egonaldi osoa leku berean igaro zutela eta, “aparte” sentitu ziren, egun batean Zumaiako hondartzara joan ziren arren. “Udalekuak antolatzen genituen lehen aldia zen, eta ez ginen oso aho zapore onarekin geratu”. Hori ikusita, Urangari eta gainerako antolatzaileei galdera berbera etorri zitzaien burura: “Udalerri euskaldunen udalekuak antolatuta, ez al zaigu komeni udalerri euskaldunetan presente egotea?”.

Hari horri tiraka eta buruari buelta batzuk eman ondoren, lehen udaleku ibiltaria antolatu zuten, 2018an. Gazteek Usurbildik Arantzarako bidea egin zuten, begiraleekin batera, eta tartean Oiartzunen eta Beran egin zituzten geldialdiak. Urangak dio beste aldarte batean egon zirela, eta aurrekoan baino aho zapore gozoagoarekin amaitu zutela astea. Gainera, nabarmendu du igaro ziren herrietako udaletako agintariak zein herritarrak “oso ondo” portatu zirela. Oiartzunen, esaterako, herriko bi gaztek musika kontzertu bat eman zuten, eta Berara iritsi zirenean, berriz, bertso bazkari bat antolatu zuten.

Udaleku ibiltariak kopuruz gazte gehiago erakartzen duela uste du Urangak. “Kanpoan ere utzi behar izan dugu jendea, eta ikusi dugu udalek ere herrian txertatzen dituztela topaketak”. Hala, hurrengoa antolatzerakoan, argi ikusi zuten bide horretatik jarraitu behar zutela.

Hizkuntza ohiturari eutsiz

Ibiltaria izango da aurten ere Uemak antolatu duen egitasmoa. Hain zuzen, Zumaiatik Lekeitiora (Bizkaia) arteko bidea egingo dute, ekainaren 29tik uztailaren 5era bitarte. Tartean, Itziarren (Deba) eta Ondarroan (Bizkaia) egingo dituzte geldialdiak. Egun horietan udalerri euskaldunak ezagutzeaz gain, arnasgunearen inguruko tailerrak egingo dituzte. “Ikusiko dute herri euskaldunetako biztanleriak zer-nolako garrantzia duen euskararen normalizazioan eta zabalkundean”, zehaztu du Urangak. Hori guztia presente egoteaz gain, aisialdirako ere tartea egongo dela gogorarazi du, egitaraua oraindik udalekin zehazteko duten arren. “Kostaldera goazela eta, seguruenik, itsasoarekin lotutako jarduerak egingo ditugu”.

Izena emateko epea martxoaren 31n itxiko dute, eta aurreratu du izen ematea, iaz bezala, “martxa oso onean” doala.

Oro har, Hego Euskal Herrikoak izaten dira udalekuetan parte hartzen duten gazte gehienak, eta Urangak sumatzen du adin horretan pare bat urte zaharragokoekin egotea “motibagarria” egiten zaiela. “Lehen egunetik nahasten dira elkarrekin”. Are gehiago, Uemako hezkuntza arduradunak nabarmendu du udalekuetatik “izugarrizko indarrarekin” irteten direla. “Gazteak jabetzen dira euskararen normalizazio prozesuan duten garrantziaz. Kontua da urtea luzea dela, eta gazteek egunerokoan egoera ezberdinak bizi dituztela. Azpeitiar batek, esaterako, hizkuntza ohitura ez du aldatuko, inguruan herri euskaldunak baititu. Oiartzunen bizi denak, ordea, Lezora, Errenteriara edo Irunera joaten bada, beste errealitate batekin egingo du topo”.

Herri batean edo bestean bizi, pertzepzio “zeharo ezberdinak” daudela dio. “Euskaldunok jabetu behar dugu zer munstro [erdara] daukagun aurrez aurre gizarte globalizatu honetan”. Horrek euskararen normalizazioaren aldeko lan gehigarri bat egiteko eskatzen duela nabarmendu du. Uema, behinik behin, hezkuntza proiektuan “buru-belarri” ari da lanean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.