Mende oso bat eliza barrua durundatzen

Mende oso bat eliza barrua durundatzen

Mikel Orbañanos Iribar

XVI. Soinurbil musika astea egingo dute datorren astean, Usurbilen. Martxoaren 9tik 15era herriko hainbat txokotan musika ekitaldiak antolatu dituzte. Aipagarriena asteazkenean Salbatore elizan egingo duten organo emanaldia izango da; izan ere, ehun urte bete dira herriko parrokiak organoa erosi zuenetik. “Usurbilen daukagun organoa ez da edozein. Bereziki konplexua da, historia luzekoa”. Juan Luis Atxega organo jotzaile eta irakaslearen hitzak dira.

1907. urtean eraiki zuten organoa, Parisen, Cavaille-Coll/Mutin lantegietan, eta Bidarteko (Lapurdi) Ilbarritz jauregira ekarri zuten, Albert de l’Espee baroiak eskatuta. “Frantziako pertsona aberatsak eta organo jotzaile ospetsuak gonbidatzen zituen emanaldietara”, azaldu du Lontxo Oihartzabal organo jotzaileak eta Atxegaren ikasleak. Areto organo hark eskuzko hiru teklatu eta pedalezko teklatu bat zituen, 62 erregistrorekin. 36 joko edo musika doinu zituen guztira.

Oihartzabalek azaldu duenez, 1912an, baroia giharretako arazoak izaten hasi zen, eta, depresioak jota, jauregia eta ondasun gehienak saltzea erabaki zuen, tartean organoa. Miarritzeko Bastida musikari eta medikuak hartu zituen bere gain baroiaren jabetzak, eta hark l’Espeeren zaletasunari eutsi zion; kalitate handiko organo jotzaileak gonbidatzen zituen, alegia. Maurice Ravel eta Camille Saint-Saens konpositoreak jarri ditu adibidetzat Atxegak.

Lehen Mundu Gerrak diru eskasia ekarri zuela eta, Ilbarritzeko jauregia erietxe bihurtu zuten. “Horregatik, organoa bera prestigiozko elementu izatetik traba izatera pasatu zen. Bastida doktorea horren jakitun zen, eta musika tresna saltzea erabaki zuen”, azaldu du Oihartzabalek. Berri hura Lapurdin lau haizetara zabaldu zen, eta Gipuzkoaraino heldu zen. Usurbilgo Salbatore parrokia organo baten beharrean zegoen, eta Guillermo Arana garai hartako apaiza berehala hasi zen Bastidarekin negoziatzen.

1920an, Salbatore parrokiak organoaren bi herenak erosi zituen, 27.000 pezetan 162 euro. “Gainera, Ilbarritzen organoa desmuntatu, lekuz aldatu eta Usurbilen jartzeko kostua 15.250 pezetakoa izan zen [90 euro]. Anbrosio Zatarain herriko Txokoalde auzoko palazioko jabeak eta medikuak ordaindu zituen”, zehaztu du Oihartzabalek.

Organoa Miarritzetik Donostiara trenez garraiatu zuten zatika, eta handik Usurbilera, berriz, idi-gurdietan. Atxegak pasadizo bat ekarri du gogora: “Muga zeharkatzeagatik zataraindarrek zergak ordaindu behar zituztela eta, haietako batek mugazainari esan zion: ‘Jainkoarekin ez zagok mugarik, beraz, utikan!’. Ez omen zuten zergarik ordaindu”.

Usurbilera iristean, organoa non jarri erabakitzeko orduan, Zatarainek eta parrokoak liskarra izan zutela dio Oihartzabalek. “Zatarainek beheko abesbatzaren lekuan jarri nahi zuen, eta apaizak, berriz, gorago nahi zuen kokatu”. Xextra horretan eliza atera zen garaile, beste behin ere. Dena den, areto organoa izanda, Fernand Prince organogileari mandatua eman zioten organoa elizara egokitzeko: organoaren harmonia lanak egiteko erregistro guztiak orekatuak egotea, baina organoaren egitura klasikoa mantenduz. Organo osoa erosi ez zutenez, aurrekoa baino zortzi joko gutxiago zituen: 28, guztira.

“Gozotasunak” bereizia

Gipuzkoa da munduan hain eremu txikian Cavaille-Coll/Muten lantegiko organo gehien dituen lurraldea. Atxegak esan du organoen eskaria momentu oso aberatsean suertatu zela, eta urte gutxian herrialdeko elizetan etxe bereko organoak erosi zituztela. Charles Mutin orduko organogileak “asko jokatu” zuen materialarekin. “Organo gehienen fatxadaren zatirik handienak eztainuarekin eginak daude, eta oso distiratsuak dira”. Usurbilgo organoaren kasua, aldiz, bestelakoa dela dio Atxegak: “Zinka materialarekin dago margotua eta eztainuak baino gehiago irauten du. Ehun urte igaro diren arren, bikain dago”.

Oihartzabalek nabarmendu du Gipuzkoan kalitate handiko organoak daudela: San Bizentekoa, Grosekoa, Loiolakoa, Azkoitikoa, Tolosakoa, Bergarakoa… “Baina Usurbilgo organoak duen gozotasunak desberdintzen du besteez. Ez da garrasirik sumatzen”. Atxegak hartu du hitza: “Edozein musika mota egiteko gai da, barrokoa zein gaur egungoa, instrumentu bezala hedadura ikaragarria baitu”. Hain zuzen, Euskal Herrian ez dago organorik Usurbilgoak adinako teklatu hedadura duenik: eskuko teklatuek 64 nota dituzte; pedalek, 34. “Beraz, organo honetan, besteetan jo ezin daitezkeen notak jo daitezke”, zehaztu du Oihartzabalek.

2007an, Salbatore elizako organoak ehun urte bete zituenean, zaharberritze handia egin zuten, Denis Lacor organoetan aditua den frantziarraren eskutik. Instrumentua piezaz pieza desmuntatu zuten, egurrezko hainbat elementu pipiak janda baitzeuden. Atxegak azaldu duenez, “helburua XIX. mendearen hasieran zuen estilo sinfoniko frantsesa berreskuratzea zen, betiere izaerari eutsita”. Besteak beste, kontsolari buelta eman zioten, organo jotzaileak organoari begira jo zezan. Zaharberritzearen ondoren, Euskal Herri osoko soinu aukerarik handiena duen instrumentu erromantikoa da Usurbilgo organoa. Egun, 46 joko ditu musika tresnak.

Etorkizuna “beltz”

Juan Luis Atxegaren iritziz, organoa musika instrumentu zahartzat jotzen du gizartearen gehiengoak, eta elizarekin lotzen du. Gainera, musika klasikoa entzuten dutenak batik bat adinekoak direla nabarmendu du. Usurbilgo organo jotzaile eta irakasleak esan du iragaanean organo kontzertu bat zenean eliza jendez lepo egoten zela, “beste ekitaldi garrantzitsurik ez baitzegoen”. Egun, ordea, horrelako kontzertu emanaldiak auditoriumetan egiten dira, elizaren “kalterako”. Atxegaren ustez, “hanka sartze bat” izan da aretoak eraikitzeko hautua egitea: “Ez dira beharrezkoak. Elizak funtzio bikoitza eduki beharko luke, hau da, ekitaldi musikalena eta liturgikoa. Nik garbi daukat hemendik urte gutxira ekitaldi liturgikorik ez dela egongo”. Horren ondorioz, organoaren etorkizuna “beltz” ikusten du.

Atxegak, oro har, ikasle adinekoak dituen arren, datorren urtean Usurbilen pare bat gazte organoa jotzen hasiko diren itxaropena badauka. “Gazte bat lotu nahi dut, hemendik hamabost edo hogei bat urtera niri erreleboa hartzeko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.