Estalita ala estali gabe, pintxoa beti pintxo

Estalita ala estali gabe, pintxoa beti pintxo

Hegoi Belategi

Biztanleriaren egunerokotasunean izan dezakeen eragina erakutsi du aste honetan koronabirusak. Erakunde publikoek hartutako neurri gogorrak eta hainbat ekitaldi jendetsuri ezarritako murrizketak ikusita, badirudi COVID-19 gaitzak populazio osoaren aisialdi ohiturak alda ditzakeela. Gipuzkoan janariari lotuta joan ohi da sarri aisialdi hori, tartean, tabernako barran dagoen pintxoari lotuta. Hari ere eragingo diote koronabirusa kontrolpean mantentzeko neurriek, gutxienez Donostian.

Udalaren arau berri baten arabera, tabernetan, barra gaineko pintxoek estalita egon beharko dute, larrialdi sanitarioak —hala izendatu dute agintariek egungo egoera— iraun bitartean. Estali gabeko pintxoen afera ez da berria. 2000ko hamarkadaren hasieran, eztabaida sutsua izan zen gai horren inguruan, eta Donostiako Udalak araudia sortu zuen, ezerezean geratu zen arren. Baina birusaren hedapenak eta, batez ere, hari lotutako izuak eragin du udalak jarrera tinkoagoa izatea, eta, dirudienez, ostalariek zorrotz beteko dute: “Osasun egoerak hala eskatzen du”, esan du Carlos Nuez Oquendo tabernako sukaldariak. Asteartean Pasai Donibaneko Kulturgunean egindako VI. Gipuzkoako Bakailaozko Pintxoen Txapelketaren finalean garaile izan zen Nuez, Bombas-bombas izeneko pintxoari esker. Goi mailako sukaldaritza egiten du, baina haren lana barrako pintxoen tradizioari dago lotuta. Izen bereko kalean dago Oquendo taberna, Viktoria Eugenia antzokiaren aurrean, eta gune hartan “pintxo barra luzeena duen taberna” da, sukaldariaren esanetan.

Prebentzio neurri gisa bada ere, Oquendon pintxoak estalita egongo dira, baina Nuezek argi du tarte baterako betebeharra soilik izango dela. “Arduratsu jokatuko dugu. Lehentasuna osasuna da. Baina argi dugu: egoerak modua ematen duenean, berriz ere estali gabe jarriko ditugu”. Donostian behintzat debekuak eragin handia izango duela esan du Nuezek. “Aurreko debekua ezarri zenean, zenbait kasutan etekinek %50 egin zuten behera”. Oquendorentzat, etxekoak zein turistak erakartzeko ezinbesteko amua da pintxoz betetako barra. Nola estali da tabernari askok duten zalantzetako bat. “Plastikoa ez da aukera bat. Gero eta jende gehiagok du plastikoaren kontrako iritzia. Azkenean, beirazko estalkiak jarri beharko ditugu denok”.

Ohitura aldaketak

Donostiako egoera oraingoz ezin da alderatu Gipuzkoa osoarekin, tokian tokiko udalek hartzen baitituzte neurriak. Gaiari buruz galdetuta, Izaskun Gomez alkateak azaldu du Pasaiako Udalak ez duela ezarriko osasun arloko murrizketarik tabernen jardunean, arduradunek agindu zehatzik eman ezean. “Ez dugu beharrik sumatu. Inongo irizpiderik gabe neurriak hartzeak alarmismoa baino ez luke sortuko”. Pintxo Txapelketaren finalean bertan, esaterako, ez zen aparteko neurrik hartu —zilarrezko paperarekin estalitako pintxo batzuk salbu—, eta bertaratutakoen artean ere lasaitasuna izan zen nagusi. Plater beretik jan zuten askok.

Dena dela, gero eta gehiago dira pintxoak estaltzea erabakitzen dutenak. Alde batetik, higienea bermatzeko, baina, bereziki, elikagaiaren kalitateari mesede egiten diolako. Ziaboga sukaldaritza eredu tradizionalari lotutako taberna bat da, baina, aspalditik, unean bertan prestatzen dituzte pintxoak. Jon Pinilla taberna horretako kolaboratzailearen iritziz, pintxoz betetako barrak taberna eredu bati lotuta doaz. “Donostiako Parte Zaharreko tabernetan ikusten dira horrelako barrak. Gipuzkoan barrena, ordea, ez daude hain beteak, edo zuzenean bezeroek eskatutakoan egiten dira, nahiz eta sukaldarientzat lan handiagoa izan”. Pinillak ulertzen du barra bete horiek “Euskal Herriko tradizioren parte” izan direla, baina, egungo egoeran, beharrezkoa iruditzen zaio barrak hustea, “koronabirusaren mehatxuari aukerarik ez emateko”.

Bide beretik jo dute Irungo Callejon tabernako Marianek eta Josemak ere. Are gehiago, haien iritziz, koronabirusik gabe ere, bezeroek eskatzen dute pintxoak estalita egotea: “Pintxoak estaltzen hasi ginenetik, bezeroek esker ona adierazi ziguten. Nahiago dute”. Duela zortzi hilabete hasi ziren pintxoak estaltzen, eta Callejonen ez dute ondorio ekonomiko negatiborik sumatu. “Irunen behintzat ez da arazo izan. Baina gerta daiteke Donostian, bezero mota ezberdin bat duten tabernetan, eragina izatea. Tokiaren arabera, errealitatea ezberdina da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.