Kontalaritza ere birusak jota

Kontalaritza ere birusak jota

Irati Saizar Artola

Ahozkotasunaren bueltako artistak elkartzeko eta haien lana sustatzeko helburuarekin abiatua zen hamahirugarrenez Ahoz Aho jaialdia, baina, COVID-19 birusaren hedapena dela kausa, bertan behera utzi dute. Intujai Teatroak antolatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako eta Ordiziako udalen laguntzaz. Joan den asteburuan hasi zen, eta, martxoaren 28ra bitartean, askotariko ipuinak zuzenean ematekoak ziren, nola haurrentzat hala helduentzat. Gipuzkoako sei herritan aritzekoak ziren kontalariak: Arrasaten, Tolosan, Albizturren, Amezketan, Ordizian eta Ibarran. Euskal Herrikoak dira emanaldiak eskaini behar zituzten kontalarietako batzuk; beste batzuk, berriz, atzerrikoak, Kolonbia, Grezia, Frantzia, Polinesia eta Nikaraguako kontalariak gonbidatu baitzituzten antolatzaileek.

Egitarau zabala zeukan Ahoz Aho jaialdiak, eta Ipuin Narrazioen Lehiaketa, Ahozkotasunaren Gala Nagusia eta Euskal Narratzaileen Lehiaketa ziren ekitaldietako batzuk. Hain zuzen, joan den asteburuan egin zen Ipuin Narrazioen Lehiaketako lehen saioa. Sei kontalarik hartu zuten parte, eta horietatik hiruk lortu zuten finalerako sailkatzea: Ester Povedak, Ane Arrugaetak eta Joxe Aldasorok. Epaimahai lanetan, Iñaki Carretero, Itziar Rekalde, Irati Goikoetxea, Imanol Arabaolaza eta May Gorostiaga aritu ziren. Martxoaren 27an zen egitekoa finala, Ordiziako Barrena jauregian egitekoa zen Ahozkotasunaren Gala Nagusian, eta irabazleak kalabaza bat jaso behar zuen sari moduan.

Hurrengo egunean, martxoaren 28an, IV. Euskal Narratzaileen Topaketa egitekoa zuten Tolosako Amarozko auzo etxean. Mahai inguru batekin ekin behar zioten egunari, eta Joxemari Karrere kontalaria aritzekoa zen gidari lanetan. Hori guztia, baina, bertan behera utzi du koronabirusak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.