Langileen arteko aldeak, ituneko gako

Langileen arteko aldeak, ituneko gako

Miren Garate

Udazken aldera gerta daitekeenak kezkatzen ditu, batetik, Asteasuko Siemens Gamesa enpresako langileak, eta Asteasun bertan jarraitu ahal izango dutela lanean bermatu nahi dute. Bestetik, ez daude ados txandaka lan egiten duten langileen eta lanaldi zatikatua duten langileen artean dauden diferentziekin. Bi horiek dira negoziatzen ari diren lan hitzarmeneko puntu nagusiak. Zuzendaritzaren aldetik mugimendurik ez dagoela iritzita, astelehenean mugagabeko grebari ekin zioten.

202 langile ditu enpresak, eta horietatik 132k egiten dute lan erreleboan. Lan taldearen bi heren horiexek ari dira greban. Astelehenean, enpresak Sarrigurenen (Nafarroa) duen egoitzaren aurrean egin zuten protesta. “Guardia zibilak bidali zizkiguten, eta identifikatu egin gintuzten, legez kanpoko bilera egiteagatik”, azaldu du Josu Zubillagak, LAB sindikatuak langile batzordean duen ordezkariak. Herenegun, berriz, Zamudion (Bizkaia) izan ziren, enpresaren egoitza sozialaren aurrean protesta egiteko. “Giza baliabideen saileko bat harrapatu genuen, eta bost minutuan egon ginen hizketan. Esan zigun ezin zigula ezer eskaini”. Gainerakoan, egunero biltzen dira Asteasuko lantegiaren aurrean, eta, gaur, Adegiren egoitza aurrera joatekoak ere badira. Bozketan, 79 langilek bozkatu zuten greba egitearen alde, 32k aurka eta hiruk zuri. “Langileek eskatuta iritsi gara honaino. Geuri ere izugarrizko bertigoa ematen zigun, baina ez da geratu beste aukerarik. Urte askoan egingo dugun lehen mugagabeko greba da”.

Echesa izena zuen bere garaian enpresak, eta engranajeak egiten zituen; 2001ean, Gamesa Eolica bihurtu zen; orain dela bizpahiru urte, berriz, Siemensek erosi zituen haren akzioen erdiak baino gehiago, eta Siemens Gamesa izena hartu zuen. “Siemens Gamesa izanda, konglomeratu handi bat gara. Aurtengo udazken-negu partean, gainera, Siemens Energy bihurtuko gara, hau da, oraindik eta enpresa handiagoa izango gara”. Gaur egun, egoitza soziala Zamudion du enpresak, baina langileek uste dute, aldaketa horrekin, Alemaniara eramango dutela. “Asteasun jarraituko dugun ziurtasuna nahi dugu. Lortu genuen enpresak lan bermea sinatzea, baina soilik lan hitzarmenak irauten zuen bitartean”. 2018 bukaeran iraungi zen ituna, eta 2019 hasieran hasi ziren berria adosten.

Negoziazioetan, beste eskakizun bat ere jarri zuten langileek: txandaka aritzen diren langileen eta lanaldi zatikatua duten langileen arteko aldeak murriztea. “Ez da posible batzuek izugarri baldintza onak izatea, eta besteek merezi baino okerragoak”. Besteak beste, honako eskaera hauek dituzte txandaka lan egiten dutenek: soldatarik txikienak dituztenei igotzea gehien lansariak; txandaka lan egiteagatik plus bat izatea, batik bat lanpostu “zikinenetan” aritzen direnek; eta txanda hasi aurretik eta ondoren beste txandakoekin informazioa trukatzen pasatu behar izaten duten denbora kontuan hartzea eta denbora hori langileen atsedenerako izatea. Egunean “hogei minutu inguru” ematen dituzte kontuan hartzen ez zaien lan horretan. “Gauez ere lan egiten dugu, eta jatorduak eta loa nahasita ditugu. Ikerketek erakutsi dute horrek eragina duela gure bizitzaren iraupenean, eta hori ere konpentsatzeko eskatzen dugu”.

Batzuek babesa, besteek ez

Zubillagak zehaztu du lanaldi zatikatua duten guztiak ezin direla zaku berean sartu, baina haietako batzuek oso baldintza onak dituztela. “Eta pozten gara horrengatik. Gainera, enpresak dirua badu, baina tristea zera da: ez duela nahi langileok eskatzen dugun bezala banatzea; batzuentzat bakarrik du dirua”. Aldeak murriztu beharrean, enpresak “betikoa” egin duela salatu du: “Pribilegiatu horiei plus batzuk eta ordutegi askoz hobea eman dizkie, eta guri ezer gutxi aitortu digu”. Besteak beste, lanaldi zatitua dutenek 07:30etik 09:00etara arte sartzeko aukera izaten dutela azaldu du, eta 16:30erako irteten direla. Ostiraletan eta udan, berriz, 14:00etan amaitzen dute lanaldia. Egunean 10,5 euroko gainsaria ere agindu die enpresak orain. Lanaldi zatikatua duten lankide batzuek erakutsi diete babesa grebalariei; beste batzuek, berriz, ez. “Esaten dute enpresak emandakoarekin nahikoa dugula”.

LABeko ordezkariak esan du protesta hasi zutenetik egun batzuk joan diren arren oraingoz negoziazioek ez dutela aurrera egin, eta datorren asteko mobilizazioak prestatzen hasita daude dagoeneko. Mugagabeko grebari ekin aurretik, martxoaren 3an eta 5ean ere egin zituzten lanuzteak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.