Autoak, orduko 30 kilometrora

Autoak, orduko 30 kilometrora

Miren Garate

Eusko Jaurlaritzak eta Europako hainbat hirik eta herrialdek egin duten bezala, Donostiako Udalak ere klima larrialdian dagoela aitortu du aste honetan, eta, horrekin batera, zenbait neurri iragarri ditu. Mugikortasunari lotutakoak dira horietako batzuk. Besteak beste, orduko 30 kilometrora mugatu nahi du abiadura hiriko ia auzo guztietan, aurrez Iruñeak eta Bilbok egin izan duten moduan. Donostiara sartzeko eta hiritik irteteko erabiltzen direnak izango dira salbuespena.

Enrique Ramos Ekologiako eta Osasun Publikoko zinegotziak emandako datuaren arabera, trafikoak eragindakoak dira CO2 isurpen guztien %60. “Gehien gastatzen dugunetik aurrez daiteke gehien. 30eko abiadurako guneen bidez, oinez egiten diren joan-etorriei eman nahi diegu lehentasuna”. Udalaren helburua da, hain zuzen, orain autoz egiten diren joan-etorrien erdiak oinez edo bizikletaz egitea geroan.

Zinegotziak uste du autoen abiadura murrizteak hainbat onura ekarriko dituela. “Abiadura gutxitzeak kontsumoa gutxitzea eragingo du, eta, ondorioz, baita isurpenak gutxitzea ere. Eta zarata ere gutxitu egingo da”. Neurri horrekin batera, udalak isurpen gutxiko eremuak finkatu nahi ditu. Gune horietako batzuetara ezingo da autoarekin joan, edo egoiliarrek bakarrik izango dute aukera. “Beste hiri batzuetan egin duten bezala, eraztun moduko batzuk sortzea izan daiteke aukera bat, ibilgailu partikularrak murrizteko”.

Donostiak hainbat eredu ditu begiz jota, besteak beste Milangoa: “Eraztun moduko batzuk dituzte antolatuta, eta, erdiguneko eremu bat ere bai. Donostian Parte Zaharra izan daiteke hori, igual Bulebarreraino…”. Ramosek esan du oraindik ez dutela erabaki zein izango diren isurpen gutxiko eremuak, eta udalak ikerketa bat egiteko eskatuko duela, erabaki hori hartu ahal izateko. “Auzo bakoitzak trataera ezberdina izango du; Bulebarrean eta Intxaurrondon edo Aieten ez ditugu neurri berberak hartuko, baina auzoetan ere egin beharko dira trafikoa lasaitzeko guneak eta isurpen gutxiko guneak”.

Datak, zehaztu gabe

Data zehatzik ez dute mugikortasunari lotutako neurri horiek. “Ez ditugu egun batetik bestera hartuko, legegintzaldi honetan eta hurrengoetan baizik, baina bide horri jarraitu beharko diogu”. Ohiturak aldatu eta parkingetan aldaketak egiteko aukera ere mahai gainean dagoela iragarri du Ramosek: “Kontzesioak amaitzen direnean, akaso parking batzuei planteatu beharko diegu egoiliarrentzat bakarrik izan behar dutela, txandakakoak izanda trafikoa sortzen laguntzen dutelako”. Udalak hartu nahi dituen neurriek aldaketa handiak ekar ditzakete mugikortasunean. “Baina jendea dagoeneko konturatzen da aldaketa hori badatorrela; San Martin inguruko obrekin, esaterako, jende askok onartu du autoa hartu beharrik ez duela gauza batzuk egiteko. Ari da aldatzen edozein txikikeria egiteko autoa hartzearen kultura hori”. Metroa martxan jartzeak, gainera, autoa etxean uztea are erakargarriago egingo duela uste du, donostiarrentzat nahiz inguruko herrietakoentzat. “Jakinez gero metroa edo topoa dagoela 5-7 minutuan behin, eta gainera ordutegi zabala duela, segituan ikusten da autoa hartzea ez duela merezi”.

Klima larrialdiaren adierazpenaren harira, Donostiako Udalak beste arlo batzuetan ere zehaztu ditu helburuak. Ramosen esanetan, hirigintzako proiektuetan eraginkortasun energetikoa kontuan izatea eta ingurumenari lotutako irizpideak betetzea, 2025. urterako birziklatze tasa %60ra iristea eta eguzki energia sustatzeko panel fotovoltaikoak jartzen joatea dira horietako batzuk. “Orain pare bat urte, DSS 2050 plana onartu genuen, eta plan horrekin bat datorren neurri sorta bat bultzatuko dugu”.

Zinegotziak azaldu du udaleko alderdi politiko guztiei eta gaiaren inguruan lan egiten duten erakundeei eman dietela neurrien berri. “Eta egindako ekarpen guztiak kontuan hartzen saiatu gara”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.