Konfinamenduetan ikasitakoa

Leire Narbaiza

Konfinatuta gaude etxean. Batzuondako ez da aurten bizi izan dugun lehenengoa. Oraingoa, ostera, orokorragoa da, eta askoz ere zorrotzagoa. Aurrekoan, gure osasunagatik egin genuen, eta hau gure osasunagatik ez ezik, osasun kolektiboagatik ere bada. Otsailean, furano eta dioxinek etxeratu gintuzten Eitzaga ingurukook; martxoan, aldiz, koranabirusak erretiratu gaitu. Lehenengoan, ezin genituen leihoak zabaldu, eta bigarren honetan, terraza edota balkoirik ez dugunok besteon inbidiatan gaude, halakoak izateak askatasun pixka bat ematen duelako.

Katastrofe bi bizi (izan) ditugu 2020aren hasieran. Fuerte hasi dela urtea, Iñigo lez, esan genezake. Hondamendi biek konpondu barik jarraitzen dute. Zaldibarkoak hor segitzen du, nahiz eta komunikabideetatik desagertu. Joaquin eta Alberto zaborpean daude, eta pentsatu nahi dut bila dabiltzala oraindik. Zarama pilatuta A-8aren bazterrean, eta kamioikadak ateratzen, zabortegia husteko, jakin barik nora daramaten bertatik irteten dena.

Birusarena konpontzeko ez dakit zenbat beharko den. Egia da halako egoeran ezin garela luzaroan egon; hau da, honek (etxetik irten barik, lana eta lanpostua kolokan…) ezin du hileak iraun.

Egunen batean normaltasunera itzuli arren, kontu asko kanbiatu beharko ditugu. Begitantzen zait tragedia biek hausnarrarazi beharko liguketela gure munduaz eta bizimoduaz. Eta sakonki eragin gugan, ezin dugulako jarraitu orain arte moduan. Ezinezkoa da dirua eta negozioa pertsonen gainetik jartzea. Ezin liteke gure modeloa etenbako hazkundean oinarritzea. Hazkundea ekonomian kontu positiboa da; zenbat eta gehiago hazi herrialdea, orduan eta hobea. Hobea norendako? Haztea mugarik gabe, gigantismoa litzateke. Noraino handitu liteke produkzioa? Zertarako? Zeren eta noren lepotik?

Pertsonen gainetik dago beti produkzioa, hori hala da. Egitea da garrantzitsuena gure ereduan. Egin, dirua irabazteko. Berdin dio nor zapaldu behar den, noren osasuna jarri jokoan. Gauzak fabrikatu, kontsumi ditzagun. Arin, bizkor. Komuneko paper barik gera ez gaitezen. Bete dezagun erosketako orgatxoa mukururaino, badaezpada. Bost kilo arroz, zazpi oilasko, lau pakete makarroi, eta hogeita hamar jogurt!

Erdia, gero, iraungitze data pasatuta zaborretara botatzeko. Ai, eneka jardungo dugu gastatutako diruaz damututa. Psikosiak jota egon diren supermerkatuetan ibiliz gero, denok kutsatu gara kontsumismo konpultsibo horrekin, koronabirusarekin kutsatu ez bagara, behintzat.

Baina zein gizarte mota nahi dugu? Zertan aldatu beharko genuke? Nik, adibidez, asko eskertuko nuke jendartea hain konpetitiboa ez izatea. Ez dadila izan nork gehien eduki, nork azkarren egin. Dena berdintsuago, bizitza ez delako Egunean Behin, nor lehenengo geratu rankingean.

Era berean, bizitza jarriko nuke erdigunean, zaintza denaren muina izan dadin. Laguntzak iragarri dituzte enpresendako, baina zaintzarako zer? Zaintza barik ez dago bizirik, konturatu ote gara? Zaintza jaiotzetik hil arteko ekintza da, aurrera egin, eta ondo elikatuta eta jantzita ibiltzen laguntzen diguna, kariñoa eta oinarrizko euskarria dena. Zergatik dira garrantzitsuagoak, esaterako, futbolariak zahar-etxeetako zaintzaileak baino?

Pertsonak aurretik beti, makalenak batez ere. Hau ez da onkeria, zentzuna besterik ez. Ea ikasi eta lortzen dugun!