Ahalduntzen, mugez gaindi

Ahalduntzen, mugez gaindi

Beñat Alberdi

Egoera aldatzeko grina igarri zuten Shazya Maryam pakistandarrak eta Oihane Aizpurua oñatiarrak Baltistanen, Pakistan iparraldeko eskualdean. Grina ez ezik, egoera aldarazten laguntzeko bitartekoak ere bazeuzkatela igarri zuten Mondragon Unibertsitateko (MU) ikasleek. Horrela sortu zuten bertako hogei gazte ahalduntzeko proiektua. Otsailaren hasieran jarri zuten abian, eta, berez, abuztura arte zen irautekoa proiektua. Burokrazia kontuek eta koronabirusak, ordea, ez diete erraztu bidea.

Aizpuruak argi zeukan Euskal Herritik kanpo landuko zuela gradu amaierako lana. MUk aspalditik dauka harremana Baltistan fundazioarekin, eta hartu-eman horri esker ari dira Pakistango bi gazte masterra Oñatin egiten. Horrela ezagutu zuten elkar Maryamek eta Aizpuruak; Maryamek jada bukatu ditu ikasketa horiek.

Aizpuruak jakinarazi du pakistandarra jarri zela berekin harremanetan: “Jakinaren gainean zegoen kanpora joan nahi nuela metodologia batekin, eta ideia hobea zen biok elkartzea bakoitza bere aldetik jardutea baino”. Horrek beste galdera bat sorrarazi zion, ordea: zer metodologia baliatuko zuten? “Gauzak eginez ikastea da kontua”, azpimarratu du oñatiarrak. “Liburu batekin asko ikasten da, baina frogak eginez eta esperimentatuz hobeto ikasten da”.

Baina, Maryamen herrialdea dela jakinda ere, zergatik Baltistan? “Uste dut hasi direla ohartzen aldaketa bat behar dutela”, zehaztu du Aizpuruak. “Baina aldaketaren zain daude, eta bultzada bat behar dute”.

Proiektua diseinatzen

Oinarriak finkatuta, proiektuan hogei lagunek parte hartuko zutela erabaki zuten, hamar emakumezkok eta hamar gizonezkok. “Argi geneukan bertako matxismoagatik neskak izan behar zutela hamarrek”. Otsailean aurkeztu zuten prozesua, eta orduan aukeratu zituzten hautagaiak. Ondoren, martxoan eta apirilean ziren erakustekoak gazte horiei, Mondragon Unibertsitateko metodologiari jarraikiz, enpresen munduan proiektu bat nola garatzen den.

Apirila igarota, Baltistanera joatea eta bertako inguruak ezagutzea zen erronka. Lehenik eta behin, Islamabad Pakistango hiriburua bisitatzeko asmoa zeukaten, hilabete eta erdiz. “Gazte horietako asko ez dira irten Baltistanetik, eta beste errealitate batzuk ezagutzea zen helburua”. Hiriburuko nondik norakoak ezagututa, burua astinaraztea litzateke gakoa, gauzek beste modu batera funtziona dezaketela ikusita ideiei buelta bat ematea.

Lahore hirira joatea zen azken pausoa. “Unibertsitate garrantzitsuak daude han, eta enpresek indar handia daukate”, nabarmendu du Aizpuruak. Lankidetza hitzarmen bat sinatuta daukate bertako unibertsitateek eta MUk, eta hogei gazteek hamabost egunez han lan egitea zen erronka. Baltistanera itzuli eta proiektua gauzatzea zen azken pausoa, edo, ahal zen neurrian, gauzatzen hastea.

Diseinua erabat finkatuta, Baltistanen izan ziren Maryam eta Aizpurua, eta proiektua gauzatzen ere hasi ziren, tartean hainbat arazo sortu zitzaizkien arren. Casting antzeko bat egin zuten lehenengo. Mezu bat bidali zuten euren burua eta proiektua aurkeztuz, eta interesa zeukatenei noiz eta non egongo ziren argituz. Hamasei bat saio antolatu zituzten, eta jolasak eta hainbat dinamika prestatu zituzten partaideak ezagutzeko: “Borobilean jarri eta galdera bat egiten genien. Horrelakoetan ikusten da, adibidez, jendea ausarta den edo ez”. Seiehun pertsona inguruk parte hartu zuten azkenerako.

Otsailean bertan sortu zitzaizkion, ordea, lehen arazoak Aizpuruari. Turista bisarekin joan zen Baltistanera, Baltistan fundazioko kideek hara lanera joateko egin izan duten gisan. “Baltistanera iritsi ginenean hasi ziren arazoak; ni nintzen turista bakarra”. Polizien kontrol zorrotza jasaten zuen egun guztian. Esaterako, lotan Maryamen etxean zegoen arren, hotel batera joatera behartu zuten.

“Turista bisa batekin proiektu bat garatzen ari nintzela ohartu ziren gero”. Eta egoerak ez zuen hobera egin. Bizkartzain bat jarri zioten; polizia bat ondoan izaten zuen egun guztian. “‘Turismoa egin, edo joan etxera eta saiatu bisa aldatzen’, hala esan zidaten”. Otsailean bertan itzuli zen etxera.

Bisa aldatzeko lanetan ari zela hasi zen zabaltzen, ordea, koronabirusaren gaitza, eta Pakistanen ere hasi dira agertzen kasuak. Ondorioz, lehen fasean dago oraindik Aizpuruaren proiektua, baina ez daukate gelditzeko asmorik. Oñatitik ari da harremana mantentzen, Internet bidez. Argi dauka, dena den, Pakistanera itzuliko dela: “Zer behar dauzkaten eta nondik hasi behar duten ikusi behar dute; ausartu egin behar dute daukatena aldatzera”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.