Hondarribian salbu, edonon

Hondarribian salbu, edonon

Rebeka Ruiz

Non gogoa, han gurpila. Halakoa izaten da autokarabana erabiltzaileen oporraldia. Askatasuna da etxe gurpildunen ezaugarri nabarmenetako bat. Oporrak non eta nola igaro erabakitzeko aukera zabalak turismo mota horren hazkundea eragin du urtetik urtera, eredu askeagoa eta alternatiboa baita.

Hondarribian, ordea, oso bestelakoa da egoera. Bisitariak maite ditu herriak, eta, horregatik, tokiko merkataritza zerbitzuen sektorera bideratuta dago batez ere. Hala ere, urte asko igaro da udalak autokarabanen presentzia murrizteari ekin zionetik, isunekin hasieran, eta debeku zehatzagoekin ondoren. 5,5 metroko luzera eta 2,2 metroko altuera baino gehiagoko ibilgailuak eragozteko 2017ko udaren ondoren jarritako debeku seinaleena izan da horien artean neurri murriztaileena. Legez kanpoko neurria, Donostiako Auzitegiaren arabera.

Hondarribiko EAJren udal gobernuak, koronabirusaren krisian murgilduta dagoela eta, ez du gaiari buruz adierazpenik egin nahi izan; bai, ordea, Sorbeltz autokarabana erabiltzaileen elkarteak. Otsailaren erdialdean eman zuen elkarteak Donostiako Auzitegiak kaleratutako epaiaren berri: seinaleak kentzera derrigortu zuen epaileak Hondarribiko Udala, legez kanpokoak zirela ebatzita. Ontzat jo dute epaia Sorbeltzeko kideek, eta uste dute epaileak bat egin duela beren tesiarekin: “Ezinbestekoa da udal ordenantza baten bidez erregulatzea tamaina jakin bateko ibilgailuak aparkatzeko debekua”.

Hamarkada bat baino gehiago igaro da Hondarribiko Udalarekin gatazka piztu zenetik. Azken hiru urteetan, ordea, auzia “gogortu” egin dela iritzi diote Sorbeltzeko kideek. “Garai ezberdinak” izan direla onartu dute: “Batzuk, oso laxoak gizabidearen aurkako jarrerekin, eta beste batzuk non autokarabana oro aparkatzea debekatzen zuten”. Alde horretatik, onartu dute inoiz ez dutela bat egin gizalegezkoak ez diren jokamoldeekin, eta zirkulazioaren, aparkatzearen eta kanpatzearen inguruko arauak errespetatzearen alde azaldu dira. Are gehiago, www.sorbeltz.org webgunean denen eskura dago Autokarabanista Onaren Jokabide Kodea, jokamolde egoki eta ezegokien berri ematen duena.

Lehen neurriak, 2016an

2016ko udaren ondoren, gurpil gaineko etxebizitzek hondartza inguruan soilik egunean zehar aparka zezaketela erabaki zuten Hondarribiko Udalak eta Portu Agintaritzak. Gaua iristean udaltzainen bisita izaten zuten denek, eta lotarako leku bila hasi behar izaten zuten orduan. Saihesbidearen inguruan geratzen ziren horietako asko, baina irtenbide hori ez zen inoren gustukoa. Egoera horretan zenbait auzotar kexu agertzen hasi zirela azaldu du Igor Enparan Abotsanitz udal taldeko bozeramaileak. Autokarabana gidariek, berriz, kezka adierazi zuten, zenbait erabiltzaileren jokabide okerraren erruz denak kaltetuak izatearen beldur zirelako. Bestalde, jabetu ziren urtetik urtera gero eta bisitari gehiago iristen zirela Hondarribira etxe gurpildunetan.

Errealitate horrekin, erabiltzaileen elkartearekin hainbat bilera egin zituzten Hondarribiko alderdiko ordezkariek, gaia arautzea ezinbestekoa zela iritzita. Hala, 2016ko urriko osoko bilkuran bi gai nagusi zituen mozio bat aurkeztu zuen Abotsanitzek: lehena, autokarabanak aparkatzeko gune berezi bat egokitzeko eskatzen zuena; eta bigarrena, euren beharrak asetzeko zerbitzugune bat atontzea galdegiten zuena. Udalbatzak aho batez onartu zuen mozioa. “Baina gaurdaino ez da urratsik egin”, deitoratu du Enparanek.

Bozeramailea “kezkatuta” azaldu da egoerarekin. “Autokarabanek ez dute toki zehatzik, eta urteak pasatu ahala gero eta debeku zorrotzagoak ezarri ditu udalak, bide alternatiborik eskaini gabe”. 2016an onartutako mozioarekin, 2017rako egoera bideratzea espero zuten Abotsanitzek eta Sorbeltzek. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa izan zen, eta 2017ko udaren ondoren udal gobernuak herriko hainbat gunetan jarri zituen debeku seinaleak.

Ildo horretan, Abotsanitzek idatzi bat aurkeztu zuen udalean 2017ko urrian, argudiatzeko ezinbestekoa zela “espresuki” egindako araudi bat sortzea debeku seinale horien legezkotasuna bermatzeko. Enparanek ez du argitu zer departamentuk egin zuen seinaleen eskaera, “baina udal gobernu taldearen onespena zeukan”. Are gehiago, dekretu bidez jakin zuten seinaleek 4.000 euroko kostua izan zutela.

Udal agintariekin elkarlanean aritzeko prest agertu dira Sorbeltzeko kideak. Etxe gurpildunetan iritsitako bisitariek udalerrian aparkatu ahal izatea eskatzen dute, eta ziur dira lagungarria izango litzatekeela zerbitzugunea ahalbidetzea. Alde horretatik, udaleko Mugikortasun Departamentua horren inguruko zirriborroa prestatzen ari dela uste dute, eta itxaropentsu agertu dira. Bien bitartean, trafiko legearen interpretazioa “muturrera” eramanda udaltzainak erabiltzaile ugariren aurkako isunak jartzen ari direla salatu dute, eta soilik Guadalupen uzten dietela lasai gaua igarotzen. Erabiltzaile horiek gainontzeko bisitariak bezala tratatuak izan daitezen, “denak asetzeko moduko irtenbide bat” bilatzearen aldeko jarrera berretsi dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.