Konfinatuta egoten entrenatuta

Konfinatuta egoten entrenatuta

Miren Garate

Herritar gehienen bizitzak goitik behera aldatu ditu COVID-19 gaitzari aurre egiteko alarma egoerak, eta egoera berrira egokitzea tokatzen da orain. Errutinak mantentzea eta egunaren gutxi gorabeherako plangintza bat egitea gomendatzen dute aurrez ere isolatu samar bizitzen ohituta daudenek.

JULEN ARRAZOLA

Itsasontziko lehen mailako ofiziala

“Jakin behar dugu geure buruarekin entretenitzen edo ondo egoten ere”

Lurrean harrapatu du Julen Arrazola (Zestoa, 1985) koronabirusak ekarri duen anabasak. Oporrak amaituta, itsasoan behar zuen dagoeneko, baina esan diote Aste Santua amaitu arte, behintzat, ez dela lanera itzuliko, tripulazio aldaketak ekar ditzakeen arriskuak saihestu nahi dituelako enpresak. Itzultzen denean, beste konfinamendu bati ekin beharko dio, ohi bezala, bi hilabete eta erdi egon beharko baitu ontzitik atera gabe. “Azken boladan ondo eramaten dut egoera; dudan lanpostuagatik lanpetuta egoten naiz, eta denbora azkarrago pasatzen laguntzen dit horrek”. Lehen mailako ofiziala da gasontzi batean. 26 lagunek egiten dute lan ontzian, eta, besteak beste, hura gidatzea da Arrazolaren eta beste bi lankideren zeregina. “Egun osoan egoten gara guardian. Lau orduko bina txanda egiten ditugu: hamabietatik lauretara batek, lauretatik zortzietara nik, eta zortzietatik hamabietara hirugarrenak”. Lan egitea tokatzen zaien ordu horietan ezin izaten dute mugitu ezertarako. “Hori bai dela konfinamendua. Itsasoari begira egoten gara lau ordu jarraian, egunean bi aldiz. Eskerrak paper kontuekin-eta lanpetuta egoten naizen”.

Portuetan geldialdiak egiten dituztenean, lankide batzuek izaten dute ateratzeko aukera, baina Arrazolak ez, dituen ardurengatik. Beraz, lankideekin bakarrik izaten du harremana itsasoan ematen dituen hilabeteetan. “Irekia izaten jakin behar da, dena txarrera ez hartzen, alaia izaten, detaile txikiekin disfrutatzen… Ni gustura nago nire lanarekin, dinamika hori ondo eramaten dudalako, baina ezagutzen dut aguantatu ezinda lana utzi duen jendea ere”.

Azaldu du etxean egon beharreko aste hauetarako eman dituzten gomendioak itsasoan ere baliagarriak direla: “Errutina bat mantentzen saiatzen naiz: jaiki, gosaldu, prestatu, ordu batzuk okupatuta mantendu… Gauza bereziagoak, berriz, astebururako gordetzen ditut, nahiz eta orduan ere lan egiten dugun”. Gogorrena zer egiten zaion galdetuta, alde batetik, janarena aipatu du. “Jatea asko gustatzen zait, eta etxean nahi dudana jan dezaket; itsasontzian, ordea, ez. Han ere ez da txarra egoten, baina bai nahiko monotonoa”. Bestetik, berriz, askatasun falta aipatu du. “Une batzuetan beste zerbait gustura egingo genukeen arren, han sartuta egon behar izaten dugu”.

Laguntzat ditu lankide asko, eta alde horretatik zorte handia izan duela uste du, ondo konpondu izan delako ia guztiekin. Hala ere, uste du tripulazioarekin ondo konpontzea bezain garrantzitsua dela norbere buruarekin ondo egotea eta egoera txarrei aurre egiteko tresnak bilatzen jakitea. “Oso izaki sozialak gara, baina jakin behar dugu geure buruarekin entretenitzen edo ondo egoten ere, une batzuetan behintzat”.

AIORA GOIKOETXEA

Artzaina

“Konfinamenduaren kontua ez dugu ia antzeman ere egin”

Urte erdia mendian, eta urte erdia baserrian. Halaxe bizi da Aiora Goikoetxea artzaina (Ataun, 2000). Mendian dagoen hilabete horietan, inguruko artzainen batekin edo besterekin hitz egiteko aukera izaten du noizbehinka, baina azaldu du aste oso bat edo bi ere eman ditzakeela ia inorekin egon gabe. Oinez joan behar izaten dute txabolara, ez baitute biderik haraino, eta egunero gora eta behera ibiltzea ez dela erosoa dio. “Hala ere, ez dut sentitzen isolatuta nagoenik. Badakit hilabete horietan jendearekin gutxiago egongo naizela eta animaliekin gehiago, eta etxean gaudenean kalera joateko aukera gehiago izango dudala”.

Momentuan momentukoa bizi duela dio. “Diferenteak dira bi garaiak, baina nik nahiago dut mendiko bolada”. Bakardade hori ez zaiola gogorra egiten azaldu du. “Txikitatik ikusi dudana da, eta, niretzat, hauxe da normalena”. Lasaitasunarekin lotzen ditu Aralarren igarotzen dituen hilabeteak. “Etxean gaudenean, berriz, produkzioari begira egoten gara gehiago: esnea atera, arkumeak… Ez dugu izaten denborarik siesta eder bat egiteko ere”.

Maiatzean hasi ohi dute mendiko sasoia. “Zurrumurrua dago aurten ez digutela utziko maiatzean igotzen, koronabirusaren kontu honengatik. Ikusiko dugu, baina artzain eta ganaduzaleontzat izugarrizko kaltea litzateke mendira joan ezinda geratzea”. Goikoetxeak baditu beste kezka batzuk ere: “Guk, orain, zentralari saltzen diogu esnea, eta abisatu digu enpresan norbaitek koronabirusarekin positibo ematen badu, berrogeialdian jarriko dituztela langile guztiak, eta ez digutela bilduko esnerik. Produktua izango genuke, baina ez inori saltzeko moduan”.

Halako zerbait gertatuko balitz, berrehun familiarengan izango luke eragina. “Geratu beharra izango bagenu, gastuak izaten jarraituko genuke, baina irabazirik ez. Nor egingo litzatekeen horren erantzule, horrexek kezkatzen gaitu”. Enpresak itxiz gero, abereentzat elikagairik gabe geratzeko arriskua ere ikusten du. “Oraingoz belarra badaukagu, baina udaberria hasi bakarrik egin da oraindik”.

Azaldu du, ordea, etxean egon beharrak ez diola aparteko buruko minik sortu. “Konfinamenduaren kontua ez dugu ia antzeman ere egin; bestela ere etxean pasatzen dugu eguna”. Alabaina, arduraz jokatzeko eskatu die alarma egoerari jaramonik egin gabe mendira joaten diren herritarrei. “Ikaragarria da zenbat jende etortzen den. Kargu ere hartu izan diet. Konfinamenduan gaudela eta ez dutela etortzerik esaten diet, gu gure etxean gaudela”.

COVID-19aren eraginez tokiko produktuak gehiago estimatzen hasteko aukerarik ikusten al duen galdetuta, oraingoz, behintzat, ezetz erantzun du. “Oraingoz, kezka bakarrik ekarri digu koronabirusak; aurrerago igual ekar dezake zerbait positiboa, baina ez dakit… Ikusiko dugu”.

FERNANDO ARBURUA

Preso ohia

“Jendeak ikusiko du badituela ezagutzen ez zituen gaitasun batzuk”

Baikortasunez mintzo da Fernando Arburua (Zugarramurdi, Nafarroa, 1953): “Pertsonok, zorionez, badugu egoeretara egokitzeko gaitasuna, eta honetara ere egokituko gara”. 23 urte egin zituen preso, eta badaki zerbait isolamenduaz eta kalera atera ezinaz. Etxeko konfinamenduak eta espetxeratuta egoteak zerikusi gutxi dutela dio. “Baina funtsean biek eskatzen dute egokitu beharra, eta mekanismo berberak lantzen dira halako egoera berezi batean. Askotan, konturatu gabe joaten gara egokituz; erreferentzia batzuk eta egunero funtzionatzeko pauta batzuk hartuz eta abar”.

Egokitze prozesu horri lotuta, azaldu du, ahal den heinean, garrantzitsua dela errutinei eustea eta egunaren gutxi gorabeherako planifikazio bat egitea. “Bat-batean 12:00etan jaikitzen hasten bazara, horrek bai nahasten zaituela”. Gaur egun, gainera, etxeko egonaldia samurtzeko baliabide asko daudela nabarmendu du. “Jendeak esaten du aspertu egiten dela, baina nahi adina baliabide ditugu konektatzeko, irakurtzeko, filmak ikusteko… Espetxekoa bai, hura erabateko isolamendua zen; han ez genuen ezer”. Uste du jarrera kontua ere badela konfinamendua, eta, modu positiboan hartuz gero, ez dela hain gogorra. “Beste kontu bat izango da nolabaiteko nahasmenen bat izatea, horrelako momentuetan posible baita nahasmen hori piztea”.

Preso daudenentzat ingurukoak nola ote dauden izaten da kezka nagusietako bat, bai eta momentu zailetan haien ondoan egon ezina ere. COVID-19 gaitzaren alderdirik ilunenetako bat ere horixe ari da izaten: bakarrik hil beharra eta hilzorian dagoena agurtzeko aukerarik ez izatea. “Ni espetxean nengoela ama eta lau anai-arreba hil zitzaizkidan, eta ez nuen izan bakar bat ere ikusteko aukerarik”. Azken une horietan pertsona horrekin egon ez izana oso gogorra dela kontatu du. “Baina aurre egin behar diozu egoerari, ez dago beste aukerarik. Askotan badugu ezagutzen ez dugun barne indar bat; badakizu non zauden, zergatik zauden hor, zer inguru duzun, eta horrek laguntzen du aurrera egiten”. Psikologo batekin egon berri da, eta esan dio presoak eta preso ohiak direla konfinamendua jasateko ondoen prestatuta daudenetako batzuk.

Egoera honetatik indartuta ateratzeko aukera ere ikusten du, “jendeak ikusiko duelako barnean badituela ezagutzen ez zituen gaitasun batzuk; elkarbizitzari dagokionez ere, lortzen badugu egoera hau nahiko modu txukunean gainditzea, oso positiboa izango da, konfiantza handia lortuko dugulako ingurukoekin”.

GENOBEBA ZABALA

Klausurako moja

“Lehen egiten genuena egiten jarraitzen dugu”

Genobeba Zabalarentzat (Bedaio, 1939) “okerrena” eliza itxita edukitzea da. “Guk gure otoitzak egiten jarraitzen dugu, baina jendea etortzeak eta jendea elizan ikusteak poz ematen digu. Orain, eliza ez irekitzeko agindua dugu”. Klausurako mojak izango dira, beharbada, eguneroko martxan konfinamenduaren eraginak gutxien igarri dituztenak. “Lehen egiten genuena egiten jarraitzen dugu guk”.

06:30 aldera hasten dute eguna Tolosako Santa Klara komentuan; 07:30etik 08:00etara izaten dute lehen otoitz saioa, eta 08:00etan, meza. “Aste hauetan mezarik ez dugu, ordea, koronabirusagatik”. Etxe barruan ordu erdiko errezoa egiten dute segidan, eta 09:30ean gosaltzen dute; handik aurrera, bakoitzak bere lanak egiten ditu, 13:00 arte. Bazkalostean, pare bat ordu libre izaten dituzte; eta 16:00etan hasten dira berriro otoitzean; 19:00etan, bezperak izaten dituzte, eta 20:00etan, afaria. “21:00etan albistegiak ikusten ditugu, eta horrela enteratzen gara koronabirusaren kontuez”. 22:00etan joaten dira ohera. “Kalera? Beharra dugunean bakarrik, norbait gaixotzen denean eta halakoetan”.

Bost moja bizi dira gaur egun komentuan. 52 urte ditu gazteenak, eta 70 urteren bueltan dabiltza beste gehienak. “Koronabirusak kezka ematen digu, baina beldurra ematen digunik ez nuke esango; gehienez ere heriotza etorriko da”. Jendeak ematen diela pena azaldu du, askok esan dietelako beldurrez daudela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.