“Zaindu norberaren gogo aldartea; zer eta nola esaten den”

“Zaindu norberaren gogo aldartea; zer eta nola esaten den”

Unai Zubeldia

Gipuzkoako Psikologoen Elkargoa joan den astean hasi zen eskaintzen telefono bidezko arreta behar hori sentitzen ari diren herritarrei. Gaur egun, 1.317 kide dira elkargoan; horietatik seiehun inguru dira osasun arlokoak, eta, oraingoz, laurogei psikologo ari dira parte hartzen telefono bidezko arreta psikologikoan. “Baina kopuru hori handitzen ari da pixkanaka”, zehaztu du Uxue Doñate Arregik (Donostia, 1975), Gipuzkoako Psikologoen Elkargoko Gobernu Batzordeko kideak eta GIPEC larrialdietan eta hondamendietan espezializatutako taldeko ordezkariak. 692-56 61 60 da arreta psikologikoa eskatzeko telefono zenbakia.

Zein dira horrelako berrogeialdietan gehien sufritzen duten herritarrak?

Lehen astean, bakarrik sentitzen diren adineko pertsonenak izan ziren dei gehienak, egoerak gainezka egiten baitie. Erreferentziak galtzen dituzte, hala nola eguneko zentroa, ohiko zaintzaileen bisitak, edo beste senide batzuen bisitak. Ohiko gizarte harremanik ezak ere antsietatea eta beldurra eragiten die. Euren kargu pertsona ezinduak dituzten senideen deiak ere jaso genituen, eta baita arazo psikiatrikoak dituzten pazienteen eta konfinamenduaren ondorioz estres handia duten pertsonenak ere.

Antsietatea, beldurra, bakardadea, larrimina, tristura, haserrea… Horrelakoak antzemango dituzue deietan, ezta?

Hala da, bai. Gehienek beldurra, antsietatea, ziurgabetasuna, bakardadea, larritasuna eta tristura sentitzen dituzte; batez ere, konfinamenduan bakarrik daudenek eta bisitatu ezin diren adinekoen senideek. Gero eta jende gehiago dago ingresatuta ospitalean, eta, ondorioz, gero eta bakardade sentsazio handiagoa dago gizartean.

Alarma egoera, agintarien mezuak, kutsatutakoen eta hildakoen datuak… Etengabe mezu ezkorrak iristen ari dira alde guztietatik. Nola kudeatu behar da informazio uholde hori?

Ondo dago egunean behin, edo gehienez bi aldiz, komunikabideen bidez informatuta egotea, baina denbora librea izan behar dugu, informazio gehiegi jasotzeak antsietatea areagotzen baitu beharrik gabe. Funtsezkoa da informazio iturri fidagarrietan oinarritzea, eta sare sozialetan, Whatsapp taldeetan eta familiarekin etengabe koronabirusari buruz ez hitz egitea.

Zenbat denbora iraun dezake pertsonak itxialdi egoera horretan nolabaiteko orekan?

Hamabost eguneko konfinamenduaren ondoren, egoera berrira egokitzeko denbora izan dugu. Egoera nola bizi dugun, halakoa izango da oreka. Beste egoera batean egingo ez genituzkeen jarduerak egiteko aprobetxatu behar dugu aukera, eta eguneroko bizimodua egin. Uste baino moldagarriagoak gara, baina ez da ahaztu behar kolektibo ahulak daudela, hala nola adinekoak, buru osasuneko arazoak dituztenak eta ezinduak, non egokitzapenak zailagoak izan daitezkeen, eta antsietatea edo depresioa eragin dezakeen.

Etorkizunean, umeengan bereziki, ondoriorik izan dezake egoera berezi honek?

Egoera berria da guztiontzat, orain arte ez baititugu bizi izan konfinamendu baldintza hauek; beraz, ezin dugu jakin berrogeialdiak haurrengan ondorio psikologikoak eragingo dituen ala ez. Haurrak erraz egokitzen dira hainbat ingurutara; errutinetan eta ohituretan oinarritutako izakiak gara, eta, beraz, errealitate berrira egokitu beharko dugu lehenengo. Konfinamendu egoera hori nola bizi izan dugun, horrek baldintzatuko du dena: gaixorik egon garen, familiako kideren baten heriotzarik izan den…

Adinekoen, gaixo kronikoen edo haur txikien kasuan, oso zaila izan daiteke etxeko oreka psikologikoa mantentzea. Zein dira gakoak kasu bakoitzean?

Egoera ahalik eta ondoen eraman behar da. Garrantzitsua da familiak edo zaintzapean dauden pertsonek eguneroko errutinak sortzea, segurtasuna eta lasaitasuna transmititzea eta dituzten emozioei buruz hitz egitea.

Egoerarik gogorrenean, heriotza kasuetan, atzeratzen ari dira hileta elizkizunetako asko, eta oso mugatuta egiten ari dira beste zenbait. Nola kudeatu behar da egoera hori?

Gomendagarria litzateke ekintza sinboliko bat egitea, agur erritu bat, galeraren aurrean ditugun sentimenduak adierazten laguntzeko. Eskutitz bat idaztea edo aldarea sortzea izan daitezke, adibidez, erritu horietako batzuk. Horrelako ekintzek karga sinboliko eta emozionala dutenez, gure minarekin konektatzeko aukera ematen digute; gertatu dena eta bizimodu berria barneratzen laguntzen digute.

Indarkeria matxistako kasuak ere gordinagoak izan daitezke etxe askotan, erasotzailearekin bizitzera kondenatuta daudelako biktimak. Nola kudeatuko dituzue egoera horiek?

Horrelako kasuetan, 016ra edo 112ra bideratzen ditugu deiak.

Kirol jarduerak aholkatzen ari dira batean eta bestean, baina herritarrek nola landu beharko lukete buruko osasuna? Hori ez baita inon entzuten…

Nork bere burua zaintzea —argi naturala hartzea, dieta orekatua mantentzea, lo ordu egokiak izatea, eta umorea ez galtzea—, ariketa fisikoa egitea eta errutinak ezartzea funtsezkoa da buruko osasuna zaintzeko. Oso garrantzitsua da senide edo lagunekin harremanetan egotea ere, bakarrik bizi direnen kasuan, bereziki. Aprobetxa dezagun aldi baterako izango den egoera berri hori ia inoiz bizi ezin izaten ditugun gauzez eta uneez gozatzeko.

Eta garrantzitsua da elkarrekin egoteko, irakurtzeko eta lan egiteko espazioak sortzea ere. Seme-alabekin jolasteko guneak egokitzea; mahai jokoak, antzerkia, musika bideoak edo filmak baliatzea… Ingurukoen konplizitatea bilatu behar da. Zaindu norberaren gogo aldartea; zer eta nola esaten den, haurrak etxean baditugu, batez ere. Zaindu ditzagun gure pentsamendu eta emozioak.

Herritarrei laguntza psikologikoa eskaintzeaz gain, kasurik larrienetan ere esku hartzen ari da GIPEC Gipuzkoa?

Bai. Elkargoak duela urte batzuetatik dauka larrialdietan eta hondamendietan espezializatutako talde bat, kasu konplexuagoei heltzen diena: besteak beste, Donostia ospitalean COVID-19arekin dauden pazienteen senideak artatzea. Ospitaletik zuzenean bideratzen dizkigute horiek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.