“2008koa baino askoz gogorragoa izaten ari da kolpea”

“2008koa baino askoz gogorragoa izaten ari da kolpea”

Unai Zubeldia

Turismoaren sektorearentzat urteko egunik oparoenetakoak izaten dira Aste Santukoak, baina erabat itzalita iritsi da aurtengo opor garaia. Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak (Zarautz, 1973) aitortu du koronabirusaren eraginez “oso garai zaila” bizitzen ari dela herrialdea. “Eta are gogorragoak etor daitezke”. Baina ziur dago Gipuzkoako ekonomiak krisi giro horri aurre egiteko nahikoa indar badaukala.

Aste Santu bete-betean, etxean sartuta jarraitzen dute herritar gehienek. COVID-19 gaitzak eragindako krisiak zein ondorio utziko ditu Gipuzkoako ekonomian, eta, bereziki, turismoaren sektorean?

Ondorio latzak utziko ditu. Lehenik eta behin, ikusiko dugu ea arlo ekonomikoan sortuta daukagun sare hori guztia mantentzeko gai garen edo ez. Baina ondorio horien artean ikusiko dugu, baita ere, turismoak oinarri sendoa daukala gurean; azkenaldian bilakaera batean geunden turismoaren sektorean; Gipuzkoan, egun, Barne Produktu Gordinaren %7 ordezkatzen du turismoak, eta, nahiz eta egoera latzean ari gauden, sektoreak oinarri sendoa daukala esan nahi du horrek. Beraz, zailtasun askorekin, baina garai honi ere aurre egingo diogu.

Koronabirusaren krisiak aurrez aurre jarri ditu bi ikuspegi: ekonomiarena eta giza arloarena, bizitzena. Zein da zure iritzia?

Horrelakoetan ere ika-mikak izaten dira beti, baina uste dut denok bat egiten dugula lehenetsi beharrekoa osasuna dela esatean. Beste gauza bat da osasun hori bermatzeko ea ez den posible, aldi berean, neurriak hartzea eta ekonomia jarduerari ekitea. Batzuek uste dugu enpresa askotan badaudela protokoloak eta segurtasun neurriak, eta horiek zorrotz errespetatuta posible dela jarduera ekonomikoa eta osasuna bermatzea. Baina berriz diot: kasu guztietan, beti-beti, osasuna da lehenetsi beharrekoa.

Aldunditik hainbat neurri hartu dituzue jada krisiari aurre egiteko, enpresei, langileei eta autonomoei bideratutakoak tartean. Neurri gehiago iritsiko dira?

Bai, bai. Baina beste lanketa bat egin beharra daukagu aurretik. Joan den astean, aldundia Gipuzkoako alkate guztiekin elkartu zen, eta lehen analisian argi ikusi genuen gaur egun onartuta dauzkagun aurrekontuak moldatu egin beharko ditugula; ikusi egin beharko dugu zer den lehentasunezkoa eta zer ez. Etxe barruko lehen erabaki horiek hartzen ari gara orain, horrek erakutsiko baitigu zerekin topo egin dezakegun gerora. Lehen inpaktua besterik ez da izango hori, ordea, martxan hasten garenean ikusi beharko dugulako denok egin ahal izan dugun aurrera, edo batzuek jada ateak itxi dituzten. Aldundiaren diru sarrerak, Eusko Jaurlaritzarenak eta udalenak aintzat hartuta, balizko aukera guztiak aztertzen ari gara orain, eta krisiaren aurkako plan bat ere garatzen ari gara. Aste Santua igarota aurkeztu nahi ditugu krisiari aurre egiteko egitasmoak.

2008ko krisi ekonomikoaren mamuak agertu dira jada? Edo are gehiago gordindu daiteke egoera?

Hasiera batean, 2008koa baino gogorragoa izaten ari da krisi hau, bat-batean asko jaitsi direlako gure diru sarrerak. Ez dakidana da behera egin dugun bezala, behin enpresak irekitzean gora egiteko aukera edukiko dugun edo ez. Baina, oraingoz, 2008koa baino askoz gogorragoa izaten ari da kolpea.

Nekazaritzan digitalizazioa bultzatzeko eta ekonomikoki sektorea sendotzeko konpromisoa hartu zenuten martxoan, baina krisiak gogor jo du lehen sektorea ere. Zer neurri hartuko dituzue suspertze lanerako?

Lehen sektorea krisian zegoen aurretik ere. Besteak beste, gazteen falta nabari zen, errelebo falta, eta krisi honek ez dio batere lagundu, noski. Guk argi daukagu jarduera ekonomikoa lehenetsi beharra daukagula; ezinbestekoa da gure baserritarrei eta ustiapen guztiei euren jardueran laguntzea. Horregatik, aurten, beharbada, beste proiektu batzuk ezin izango ditugu gauzatu, baserri bideak konpontzea, esaterako; jarduera ekonomikora bideratu beharko ditugu diru laguntza guztiak. Lehentasunak zehaztu beharko ditugu lehen sektorean ere, baina argi daukagu, inork ematekotan, lehen sektore horrek ematen diola oreka Gipuzkoari.

Aldunditik turismo orekatua defendatu izan duzue sarritan, baina Gipuzkoako kostaldean eta Donostian bereziki ezinegon handia sortu da alde horretatik Zer da turismo orekatua?

Bai guk eta bai alderdi politiko gehienek betidanik defendatu izan dugu Gipuzkoan, oro har, turismo orekatu eta jasangarri baten alde egiten dugula. Hori esanda, denok onartzen dugu Gipuzkoara eta Euskal Herrira etortzen diren askok Donostia daukatela lehen ate gisa. Beraz, turista horiek Donostiatik irten daitezen eta beste elementu kultural, paisajistiko eta turistiko asko dauzkagula ikus dezaten lortu behar dugu.

Azken urteotan ahalegin berezia egin dugu horretan, eta pauso hori eman duten turistak oso gogobeteta geratu dira. Txakolindegiak, sagardotegiak, Idiazabal gazta egiteko prozesua, herri kirolak, museoak, Arantzazu… Turistengan zirrara handia sortzen dute horiek guztiek. Ez nuke esango gauzak gaizki egin direnik, baina hobeto egin daitezkeela uste dut.

Aurreko belaunaldiek ez bezala, gaur egun gehienek kanpora joatea erabakitzen dute opor garaian; oporrak ez dira ulertzen beste modu batera. Krisi honek lagundu dezake zurrunbilo horretatik ateratzen?

Guk txikitan askotan entzun izan genien gurasoei geureari eutsi behar geniola, eta oraintxe bertan horixe aldarrikatu behar dugula uste dut. Ea zenbat ikasi dugun berriz ere gure inguruko denda txikietan erosketak eginez, gure etxe ondoko okindegiko langilearekin hitz eginez… Gure herriko txokoak ezagutzen ez baditugu, ez gaitezen joan munduko ez dakit zein txokotaraino.

Krisi giro betean, zer mezu bidali nahiko zenieke herritarrei?

Gogorrak gara euskaldunak; oso ondorio latzak bizitzen ari gara eta biziko ditugu, baina egoera okerragoetatik ere atera izan gara. Ikasgai asko izango ditugu; gure bizimodua aldatu egingo da arlo askotan, baina indartsuago aterako gara elkarlanean arituz gero.

Leave a Reply

Your email address will not be published.