Agurrik gabeko agurrak

Agurrik gabeko agurrak

Miren Garate

Koronabirusagatik hildako gizonezko heldu baten ehorzketa: barrura sartzea debekatuta, eta senideak kanpoan, esanez baietz, bazekitela han ere isuna jasotzeko arriskua zutela, baina aitonarengandik ahalik eta gertuen egon nahi zutela. Juan Anaya Donostiako hilerriko kapilauak izan ditu alarguna bakarrik joan den agur ekitaldiak ere; baita alabaren azken agurrera joaterik izan ez duten gurasoenak ere. “Blokeatuta-edo” ikusi ditu zenbait familia; izan ere, jende gehiagok ere nahi zuen haiekin egon, eta ez dakite hori nola bideratu.

Hil berria zen beste emakume baten kasuan, berriz, ehorzketara ez zen inor agertu. Madrilen zituen senide guztiak, eta ez zieten utzi etortzen. Ehorztetxeko langile batek bidali zien hilaren senideei argazki bat, apaiza haren alde otoitzean agertzen zena. “Haientzat kontsolamendua izan zen jakitea izebaren ondoan norbait egon zela otoitzean eta maitasun keinu bat egiten”, dio Anayak, eta azaldu du “egoera delikatu asko” ari dela ikusten azken egunotan.

Heriotza ekarri du lehen lerrora COVID-19 gaitzak, eta heriotzari lotutako errituak, protokoloak eta abarrak aldarazi dituzte pandemiari aurre egiteko hartutako neurriek. Jendea etxean konfinatuta edukitzeaz gain, ospitaleetako eta zahar etxeetako bisitak mugatuta edo galarazita daude, eta, ondorioz, ingurukoak ondoan izan gabe ari da hiltzen jendea. Eta hil ostean ere ez dago gorpua ikusteko aukerarik —ezta heriotza koronabirusak eragin ez badu ere—. Arrasateko Ojanguren ehorztetxeko arduraduna da Aitziber Ojanguren, eta hark ere azaldu du beilatokira joateko aukerarik gabe eta besarkadarik gabe “berez tristeak diren egoerak are tristeago” bihurtu direla. “Familia batzuek esan digute ospitalean sartu zenetik ezin izan dutela ikusi senidea, eta oso gogorra da hori”.

Horren harira, apaiz lanetan ikusten dituen adibide ugariez gain, bere kasu propioa kontatu du Anayak. Toledokoa (Espainia) da, eta anaia bat eta lehengusu bat ditu koronabirusarekin. “Bakardade sentimendu handia eragiten du gaixotasuna urrutitik bizi beharrak, eta berez gertu egonda ere antzera da, atean egonda ere ez baitizute uzten gaixoarengana hurbiltzen”. Aitak, berriz, osasun arazoak ditu, eta uste du, semea gaixorik egonik, berari ere iritsiko zaiola. “Gaixotu eta hil egingo dela uste du. Aurrekoan deitu nionean, negarrez hasi zitzaidan, atsekabe handia eragiten diolako hilko dela pentsatu eta ni gertu ez egoteak”.

Heriotzaren bueltan sortu ohi diren sentimenduei buruz badakite zerbait Bidegin elkartean ere. Oso gaixorik dagoen jendearekin nahiz hurbilekoen heriotzari aurre egin nahi dioten pertsonekin egiten dute lan. Itsaso Rodriguez dolu terapeutaren esanetan, gaixoarentzat eta hurkoentzat “gogorra eta mingarria” da azken une horietan elkarrekin ez egotea. Hala ere, zehaztapen bat egin du: “Askotan esaten da jendea bakarrik ari dela hiltzen, baina bereizi egin behar ditugu bakartuta hiltzea eta bakarrik hiltzea. Gertutasun fisikorik ez egoteak ez du esan nahi gertutasun emozionalik ez dagoenik”. Alde horretatik, osasun arloko langileak egiten ari diren ahalegina goraipatu du Bidegineko terapeutak, gaixoaren eta familiaren arteko kontaktua bermatzen saiatzen direlako teknologiaren bidez. “Haien lana oso garrantzitsua ari da izaten, eta daukan balioa eman behar diogu”.

Hiltzear denaren beharrak

Pertsona bakoitzak bere beharrak dituen arren, oro har, hiltzear dagoenak “lasaitasuna, zainketa eta lagun egitea” nahi izaten dituela kontatu du. “Eta horiek baditu —nahiz eta agian ez izan guk nahiko genukeen bezala—, modu batera edo bestera”. Gaitza hedatzen hasi zenetik, pixkanaka murriztuz joan dira agurrei lotutako jarduerak. Ospitaleetako eta zahar etxeetako bisitak mugatu ziren aurrena; hiletak debekatzea izan zen hurrengo urratsa. Gorpua beilatokian jartzeko debekua etorri zen gero, eta ehorzketan eta errausketan egon zitekeen jende kopurua ere hiru lagunera mugatu zuten azkenik —horiek ere segurtasun neurriak bete behar dituzte, gutxieneko distantzia bat mantentzearena tartean—.

Martxoaren 29ko dekretuak dio tanatoestetika eta tanatopraxia egiterik ere ez dagoela. Gorpuak ikusterik ez dagoenez, aurrera begira ingurukoentzat lagungarri izan daitekeelakoan, hildakoei argazkiak ateratzeko eskatu izan diete Ojanguren ehorztetxekoei; baina ez dutela horretarako aukerarik azaldu du arduradunak. “Hasieran, baten bat prestatu genuen, baina orain ez da posible, ez ditugu jartzen beilatokian. Hildakoa prestatzen dugunean, lo dagoela ematen du, eta jendea pozik geratzen da. Lasai ikusteak lagundu egiten du. Orain zailagoa da dena”.

Buzoak, maskarak, eskularruak eta beharrezko neurri guztiak hartuta ari dira lanean ehorztetxeetan ere. Erabat hermetikoak diren zaku berezi batzuetan sartzen dituzte koronabirusagatik hildakoak. “Erizainek sartzen dituzte gorpuak zakuetan, ez guk, eta, itxi ostean, desinfektatu egiten dituzte. Hozkailuetara jaisten dituzte, eta guk handik hartzen ditugu. Kutxa horiek jada ezin dira zabaldu, eta zuzenean erraustera edo ehorztera eramaten ditugu”.

Lehen, gutxienez 24 ordu itxaron behar ziren norbait hiltzen zenetik erraustu edo ehortzi arte. Orain, familiak baimena ematen badu, azkarrago ere egin daiteke. “Pilaketak saihestea da helburua. Madrilen, adibidez, hildako asko daude, eta lanez gainezka dabiltza. Handik Gipuzkoara ere ari dira ekartzen gorpuak erraustera”. Lan kargaren igoera nabaritu dute, baina Ojangurenek ez du ikusten hemen halako arazoak sortzeko arriskurik.

Izan da egoerari etekin ekonomikoa atera nahi izan dionik ere. Hala, Espainiako Gobernuak erabaki du ehorztetxeei prezioak igo ditzaten debekatzea. Martxoaren 14a baino lehen aplikatzen zituzten prezioak kobratu beharko dituzte orain ere, eta dekretua argitaratu aurretik gehiegi ordaindu duten familiek dirua erreklamatzeko eskubidea dute. “Ez da batere zuzena familiak jasaten ari diren egoeraz aprobetxatzea”, gaitzetsi du Ojangurenek.

Dena hain azkar joateak eta aurrez aurre agurtzeko aukerarik ez edukitzeak doluari begira zer eragin dituen galdetuta, Rodriguezek azaldu du badagoela doluak konplikatzeko arriskua, baina zehaztu du horrek ez duela esan nahi dolu guztiak konplikatuak izango direnik. “Sentipen minak izango dira: frustrazioa, haserrea, inpotentzia, irrealtasuna… Sentsazio horiek oso normalak dira, bat datoz egoerarekin, baina ez dira betirako hor egongo. Dolua ere landu daiteke”.

Beste egoera batzuetan ere bizitzen dira halakoak; esate baterako, norbait bat-batean hiltzen denean istripua izanda edo bihotzekoak jota. Oraingo berritasuna da halako heriotza asko ari direla izaten aldi berean. “Shock momentuak izaten dira, eta denbora gehiago behar izaten da asimilatzeko; egoera honek asimilazio hori zaildu dezake”. Besteak beste, konfinamenduagatik. “Etxera joan behar duzu, eta etxean ere irrealtasunak hor jarraitzen du. Iritzi pertsonala da, baina uste dut irrealtasun hori, agian, gehiago baretuko dela konfinamendua amaitzen denean”.

Zer egin aurrera egiteko?

Dolua bizitzen ari diren pertsonei hainbat gomendio ematen dizkiete Bideginen. “Horietako bat da fokua jartzea egin ditzakegun gauzetan, eta ez egin ezin ditugunetan”. Ondo jatea, deskantsatzea eta norbere burua zaintzea ere beharrezkotzat jotzen dituzte. Bakarrik egoteko momentuak ere komeni izaten diren arren, “ahal den heinean bakarrik ez geratzea” da beste aholkuetako bat. “Asko laguntzen du sentitzen duguna adierazteak: idatziz, artearen bidez… Bakarka, eta jendearekin, lagun baten telefonoa eskura izanez, familiarekin Whatsapp bidezko bilerak antolatuz…”.

Koronabirusari buruzko informazio jario handia dago egunotan, eta horrek alarma handitu besterik ez duela egiten azaldu du Rodriguezek. “Iturriak aukeratu behar dira. Informatuta egotea ondo dago, baina informazio batzuek informatu baino gehiago kutsatu egiten dute. Eta gomendio hori doluan daudenentzat eta ez daudenentzat da baliagarria”. Era berean, “intentsitate maila altuko emozioak sentitzen badira”, profesionalei laguntza eskatzeko aholkatu du. Bideginen bertan, Zurekin izeneko programa dute martxan, eta astean behin elkartzen dira, Internet bidez, jendeak bere egoera partekatzeko aukera izan dezan. Gaixorik dagoenarekin edo hildakoarekin “konektatuta” sentitzeko moduak bilatzeko ere gomendatzen dute Bideginen.

Orain debekatuta egon arren, eskela ugaritan irakurtzen da egoerak modua ematean egingo direla hiletak. Halakoak oso beharrezkotzat jotzen dituzte heriotzari lotuta lan egiten duten profesionalek. Rodriguezen esanetan, agurrak bizitzeko modu asko egon daitezke, eta hori agerian geratu da azken asteotan, jendea bere agur prozesuak ari baita sortzen, agur indibidualak nahiz agur kolektiboak. “Etxean gauden egun hauek ere egokiak izan daitezke hil den horri nolako agurra egin nahi diogun pentsatzeko.

Gipuzkoan, ohikoenak hileta erlijiosoak dira oraindik. “Senideentzat arindua izaten da azken etapa nolakoa izan den eta hildakoak gaixotasuna nola bizi izan duen kontatu ahal izatea. Sentimenduak azalarazten laguntzen die. Mezan, pertsonek topo egiten dute, eta maitasuna adierazten diote elkarri, eta horrek ere laguntzen die, baita sinestunak ez izanda ere”, esan du Anayak. Adierazi du oraindik ez dakitela nolakoak izango diren gerorako utzi diren hileta elizkizun horiek. “Donostian ekitaldiak parrokietan egiteko ohitura dago; akaso, egun batzuetan hileta bat baino gehiago egin beharko dira batera, baina oraindik ez dakigu”.

Gaixoen oliadura da —lehen, azken igurtzia zena— kristauen sakramentuetako bat, eta hileta elizkizunak egitea bezalaxe, apaizek hori ere debekatua dute azken asteotan. “Horrek egonezin handia sortzen dit niri. Azken batean, hori ere laguntza bat da, laguntza erlijiosoa. Utziko balidate, beharrezko segurtasun neurriak hartu eta zalantzarik gabe joango nintzateke. Bakardade handia ikusten dut, eta horrek min egiten dit”.

Anayak beharrezkotzat jo ditu bakardadeari aurre egiteko beste neurri batzuk ere. “Maite duzuna hiltzen ikustea eta bakar-bakarrik geratzen zarela ikustea, hori da niretzat gertatzen ari den gauzarik gogorrenetako bat”. Zahar etxean bizi zen adineko bikote baten kasua kontatu du. “Emaztea hil da, eta lur jota dago gizona, eta semeei ez diete sartzen uzten, atean dauden arren. Neurriak behar dira halakoak ez gertatzeko. Pertsona horiek behar dute gu beraiekin egotea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.