Argia ikusteko prest

Argia ikusteko prest

Aitziber Arzallus

Bost urte luzeren ostean, aurki prest izango dute Korosagasti filma. “Bukaera-bukaerako fasean” daudela ziurtatu du Asier Sustaeta zuzendariak (Azpeitia, 1979), “soinu banda sortzea bukatzen eta azken ukituak ematen” ari direla, eta hamabost bat egun barru filmaren aurrerapena eskaintzeko moduan izango direla. Emaitzarekin “ezin gusturago” dago azpeitiarra; are gehiago, tamaina horretako lehen lana duela kontuan izanda, aurretik lan txikiagoetan parte hartutakoa baita; Oinaze egoitzak, Aio eta Kronos film laburretan, besteak beste. “Hasi ginenean, ez genuen irudikatu ere egiten non sartzera gindoazen, eta ezta horrelako film bat egiteko gai izango ginenik ere”.

1926an Beizamako Korosagasti baserrian gertatutako krimenetan oinarrituta dago Erabaki Produkzioak-en azken lana. Ama-alabak indarkeriaz hilik topatu zituzten baserrian, eta krimena ez zen inoiz argitu. Sustaetak eta haren ingurukoek bazuten Beizaman gertatutakoaren entzutea, baina “kasualitate” batek bultzatu zituen istorio harekin film bat egitera. “Azpeitian udalak eta Kultur Mahaiak sormen beka bat abiatu zutela jakin eta egun berean, sarean nabigatzen ari nintzela, eskaintza batekin topo egin nuen: norbait duela 90 urteko egunkari bat saldu nahian zebilen. Egunkaria begiratzen hasi, eta han zegoen dena: Los asesinos del crimen de Beizama, argazkiak…”. Sustaetak eta haren lagunek artean ez zuten proiekturik, baina sormen bekak horretarako aukera eman ziezaiekeela pentsatuta, heldu egin zioten.

Egunkariaren argitaratze datatik abiatuta, hainbat hemerotekatan ikertzen ibili ziren, eta kronika osatzen hasi ziren. “Dokumentazio lan sakona” egin ondoren, Miren Gorrotxategiri eta Alaitz Olaizolari eman zieten filmaren gidoia sortzeko aukera, eta bi idazleek 2017ko negurako idatzi zuten istorioa. Lokalizazioak topatu eta prestatu, aktore taldea osatu, eta beste hamaika lan egin ostean, 2018ko urrian hasi ziren grabaketekin. Sei hilabeteren ostean, 2019ko apirilean bukatu zituzten grabaketak, eta, harrezkero, muntatze, etalonage, soinuaren postprodukzio lanetan eta beste hainbat kontutan aritu dira.

Sortze prozesuan “era guztietako uneak” bizi izan dituztela adierazi du Sustaetak. “Bost urteko ekoizpena izan da. Egon dira momentuak sekulako motibazioarekin ibili garenak eta gauza asko ondo ateratzen zitzaizkigunak, eta izan dira bestelakoak ere”. Zailena, dudarik gabe, agendak antolatzea izan dela aitortu du azpeitiarrak, “modu ez-profesionalean egindako lan profesionala” delako Korosagasti. “Denok egiten dugu beste lanen bat. Beraz, filma egiteko geure denbora librea baliatu behar izan dugu, eta horrek asko zailtzen ditu gauzak. 30 bat lagun elkartzea oso zaila egiten zitzaigun, benetako erronka”. Dena dela, argi du hori zutela modu bakarra proiektua gauzatu ahal izateko, eta, horregatik, eskerrak eman dizkie era batera edo bestera euren aletxoa jarri duten guztiei. “Argi geneukan bakarrik ezingo genuela hau dena egin, lau lagunen artean eta gure denbora librean. Ez genukeen izango ez filma ekoizteko, ez aurrera ateratzeko baliabiderik”. Azaldu du ikus-entzunezkoekin lotutako ikasketak egin dituzten gazte askok parte hartu dutela proiektuan: aktoreek, gidoilariek, arte zuzendariek, soinu eta argiztapen arduradunek… “Denbora librean, bai, baina zertan zebilen bazekien jendea aritu da lanean”, eta emaitza horren isla dela ziurtatu du. Horiei figurante gisa aritu direnak eta momentu jakin batean mesederen bat egin dieten guztiak batuta, berrehun bat parte hartzaile zenbatu ditu Sustaetak.

Azkoitia eta Zestoara

Sortze prozesua luzea izan bada ere, azkenetara iritsi dira. “Gure asmoa zen hil honetan azken ukituak ematea eta filmean parte hartu duen jendearekin ateak itxitako emanaldi bat egitea. Handik aurrera hasi nahi genuen herriz herri erakusten”. Koronabirusak eragindako ezohiko egoerak, baina, ez die horretarako aukerarik emango. Beraz, ikusteko dago Korosagasti-k noiz ikusi ahal izango duen argia. Hori bai, estreinaldia Azpeitian izango dela baieztatu du Sustaetak, eta lana Azkoitian eta Zestoan ere erakutsiko dutela ere bai. “Ikusiko dugu hortik aurrera filmak zein ibilbide egiten duen. Gure ustez, filma bada leku gehiagotan erakusteko modukoa; aztertzen ari gara banatzaileren batek lana zabaltzeko aukera eduki dezakeen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.