“Egoera honek balio dezala sortzaileen lana baloratzeko”

“Egoera honek balio dezala sortzaileen lana baloratzeko”

Unai Zubeldia

Kolpetik iritsi den krisiari nola aurre egin asmatu nahian ari dira Euskal Aktoreen Batasunean (EAB). Bertako antolakuntza idazkaria da Eneko Olasagasti (Donostia, 1960), eta irakasle lanetan ere aritzen da EHUn, Aktore Zuzendaritza ikasgaiarekin. Olasagastik neurri zehatzak eskatu dizkie erakundeei, eta elkartasuna herritarrei. Eusko Jaurlaritzak kultur arlorako aurkeztu dituen neurriak “sektoreko langile jakin batzuentzat bakarrik” direla zehaztu du, eta gogoratu du ia seiehun kulturgilek greba digitalera deitu dutela apirilaren 21erako eta 22rako.

Harridura, beldurra, etsipena, haserrea… COVID-19 gaitzak eragindako egoera berrian, zer fasetan zaudete orain?

Erreakzionatzen ari gara oraindik. Gure arloaren berezitasuna dela eta, neurri guztietatik kanpo gelditu ginen hasieran. Baina, agian, beste egoera batzuetan lortu ez duguna lortzen ari gara orain: elkartzea, bat egitea. Reset plataforma sortu dugu aktoreek, musikariek, dantzariek, zirkuko langileek, kaleko antzerkian aritzen direnek eta enpresek. Beharrezkoak iruditzen zaizkigun neurriak zehaztu ditugu hor, eta erakundeekin harremanak izatea da helburua, gure arloko berezitasunei erantzun bat emateko.

Duela hamabost egun egin genuen lehen bilera; bertan behera utzi zuten joan den astekoa, eta harrituta gelditu ginen joan den astean Joxean Muñozen [Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea] adierazpenak irakurrita; gure arloan neurri berezirik ez dela hartuko esan zuen. Asko mindu gintuen horrek. Orain hainbat neurri iragarri ditu Jaurlaritzak, baina egia erdiak esan dituzte. Bingen Zupiriak [Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua] bere agerraldian esan zuen autonomoentzat eta artistentzat izango zirela laguntzak, baina ez da hala; autonomoentzat bakarrik dira laguntza horiek, eta babesik gabe geldituko dira larrialdi egoerara deitu zenean kontratua sinatuta zutenak baina altan emanda ez zeudenak. Nahi dutena egin dute.

Pentsatzekoa da, beraz, egoera horretan are indar handiagoa hartuko duela apirilaren 21erako eta 22rako iragarri duzuen greba digitalak, ezta?

Bai, baina itzalaldia ez da unean uneko erantzun zuzen bat, baizik eta aurrera begira sektorean gauzak beste modu batera egin behar direla azaltzeko modu bat.

Zuzendaririk onenak ere ez zuen prestatuko gidoi hoberik, ezta?

Tira… Steven Soderbergh zuzendariak 2011n aurkeztu zuen Contagion filma [Kutsatzea], eta bizitzen ari garena zen istorioa. Fikzioa zena errealitate krudel bihurtu da. Mundua gelditu egin da; ikusten ez dugun zomorro batek gelditu du. Tira, zomorroak, eta herritar eta agintari batzuen axolagabekeriak, eta Osasunaren Mundu Erakundearen aurreikuspen faltak.

Aktore, zuzendari, gidoilari, ekoizle… Zein da sektorearen benetako argazkia?

Oso beltza. Enpresek ez daukate diru sarrerarik; ezin da ezer ordaindu, zorrak pilatzen hasiko dira, eta gure kasuan zailenetakoa da egoera honetatik ateratzeko aurreikuspena. Futbol partida bat jokatu ahal izango dute ateak itxita, baina antzerki emanaldi bat ezin da egin ateak itxita, eta metro eta erdiko distantzia utzi beharko da ikusleen artean. Baina nola lortzen da hori aktoreen artean? Normaltasunerako bidea hartzen azkenetakoak izango gara gu. Eta zer gertatzen da bertan behera gelditu diren emanaldiekin? Aurrekontuak onartuta zeuden, ezta? Gastatu, bada, diru hori, edo erdia gutxienez; ordaindu kontratatuta zeuden eta atzeratu diren emanaldien %50, eta egingo ez direnen %30.

Egoera baretutakoan jendeak antzokietara eta zinemara joateko erreparo pixka bat izango ote duen beldurrik baduzue?

Bai, noski. Azokatik etorri berria naiz, eta kalean denok saihestu egiten dugu parean datorrena. Barruraino sartu zaigu beldurra, eta ez dakigu zer ondorio izango dituen geroko giza harremanetan. Beldurrez dago jendea, eta, zenbat eta gehiago luzatu egoera hau, beldurra areagotu egingo da.

Txinan neurri zorrotzekin ireki zituzten hainbat antzoki eta zinema, baina itxi egin behar izan zituzten berriz ere. Erakundeen aldetik are laguntza handiagoa beharko duzue, ezta?

Bai, baina gainerako jardueretan ari direnen neurri bereko laguntza behar dugu guk; ez gehiago, baina ezta gutxiago ere. Krisiak gu gehiago jotzen bagaitu, ahalegin bereziren bat egin beharko da, baina gizarte osoari datorkio kolpea, eta pieza bat gehiago gara gu. Arantxa Tapia egunero ikusten dut telebistan bere arloa defendatzen, baina gure kontseilaria ez dut ikusten gure arloa defendatzen, eta horrek kezkatzen nau gehiago, agintariek kultur arloarekin daukaten axolagabekeriak. Frantzian, Alemanian, Portugalen… Herrialde askotan ezinbestekotzat deklaratu dute kultura, eta hemen ez dakit zeri begira dauden.

Euskal Aktoreen Batasunak “arduragabekeria eta enpatia falta” leporatu dizkie ETB, Mediapro eta K2000 ekoiztetxeei, Alardea ekoizpenaren grabaketan COVID-19 gaitzarekin izandako gorabeherak tarteko. Nola dago auzi hori?

Hizketan ari gara, eta Mediaprorekin harremanetan jarri gara gutxienez ERTEak aplika ditzaten. Alardea-ren kasuan, martxoaren 13an, ostiralean, grabaketak egin zituzten, eta ordurako jakina zen pertsona bat kili-kolo zebilela. Iñigo Urkulluk [Eusko Jaurlaritzako lehendakaria] ostiralean hitz egin zuen, eta Pedro Sanchezek [Espainiako Gobernuko presidentea], larunbat iluntzean. Igandean 21:30ean jakinarazi zuten, ordea, asteleheneko grabaketa bertan behera gelditu zela; askok tentsio ikaragarriarekin bizi izan zuten asteburua. Asteartean jakin genuen hamar pertsona gaixorik zeudela, horietako bat edo bi koronabirusarekin. Argi dago grabaketa horretan kutsatu zirela.

Zer mezu bidaliko zenieke herritarrei?

Horrela segitzeko. Herritarren zati handi bat jabetzen da kultur arloaren egoera larriaz, eta kontzientzia hori zabaltzea gustatuko litzaiguke; honek balio dezala kultura lehen postuan jartzeko eta sortzaileen lana baloratzeko. Makina erremintak kulturak baino askoz laguntza handiagoa jasotzen du, eta ez dut ukatuko arlo horren garrantzia, baina… Horregatik, apirilaren 21erako eta 22rako deitu dugun itzalaldian parte hartzeko dei egiten diet herritarrei, erakundeak ere jabetu daitezen gure arloaren garrantziaz. Elkartasuna behar dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.