Zahar etxeak, birusaren bazka

Zahar etxeak, birusaren bazka

Miren Garate

Telefonoz “zer moduz?” galdetu orduko lehertu da. Arnasa hartu du, eta “gaizki, baina hitz egin nahi dut” erantzun du. “Jendeak jakin egin behar du zer ari den gertatzen”. Zahar etxe bateko langilea da (ez du izenik eman nahi). Koronabirusak gaixotuta, etxeko logelan dago bakartuta. Kontatu du birusak ez diola oso gogor erasan, buruko mina eta sukar pixka bat dituen arren, eta “gaizki” hori psikologikoa dela batik bat. “Deprimituta nago; pertsona koitadu horiek [egoitzako erabiltzaileak] nola dauden pentsatzen hasten naiz, eta ezin diot negar egiteari utzi”. Emakumeak bular bistan, ez dagoelako batarik; serumak zeloekin itsatsita, eskegitzeko burdinak falta direlako; baliabide aldetik, ia ezer gabe gelditzen; eta jangela nagusia, “Ifema moduko zerbait” bihurtuta. Horiek dira eman dituen adibideetako batzuk. “Gauza oso larriak ari dira gertatzen. Guk pertsonak ikusten ditugu, baina goikoek, dirua bakarrik”.

Apirilaren 2ko Berria FM podcastean ere elkarrizketatu zuten langile bera. Orduan ere kontatu zuen beharrezko baliabiderik gabe ari zirela lanean: besteak beste, maskara bakarra izaten zutela aste osorako eta beren burua babesteko bestelako ekipamendurik ere ez zutela. Hori dela medio, langileak eta erabiltzaileak gaixotzeko beldur zirela azaldu zuen. Bada, azken asteotan gertatutakoek erakutsi dute bazutela funtsa haren kezkek. Zahar etxe horretan 38 langile daude gaixorik, eta erabiltzaileetako asko ere bai.

Antzekoa da egoera beste egoitza batzuetan ere. Gipuzkoan, 177 lagun hil dira koronabirusagatik, eta horietatik 117 zahar etxeetako egoiliarrak ziren —asteazkenekoa da adinekoen datua—; beste era batera esanda, hamarretik zazpi inguru. Guztira, adinekoen 65 egoitza daude lurraldean, eta 5.425 laguni ematen diete zerbitzua. Horietatik hamaseitan daude baieztatuta koronabirus kasuak, eta, ELA sindikatuak emandako datuen arabera, egoera bereziki larria da hirutan: Tolosako Iurreamendin, Ordiziako San Josen eta Arrasateko Iturbiden, egoiliarren %80 gaixotu dira, eta langileen herenak. Sindikatuak horietako biren —Iurreamendi eta San Jose—, Zumarragako Argixaoren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurkako salaketa jarri du aste honetan, langileen osasunerako eskubidea eta bizitzarako eskubidea urratu direla iritzita.

Ez du horietan lan egiten Gipuzkoako Hitza-rekin hitz egin duen langileak, baina azaldu du babes aldetik “gabezia handiak” dituztela lan egiten duen zentroan ere. “Otsailean hasi zitzaizkigun geure burua babesteko ekipamenduak nola jarri erakusten, baina nik ez dut ikusi halako ekipamendurik. Zergatik ez dute jarri baliabiderik eta bitartekorik? Bagenekien zer zetorren”. Gogoratu du, zerbitzu publikoa ematen duten arren, kudeaketa pribatuko enpresak direla gehienak. “Eta enpresa horiek dirua badute. Erabiltzaileak, ordea, dirua egiteko tresna huts moduan tratatzen dituzte”.

Kopuruei dagokienez, berriz, estatistika ofizialak errealitatetik urrun daudela uste du. “Baina ezin dugu frogatu, hori da arazoa. Hasieratik haserretzen nintzen: esaten zuten ‘hainbeste langile gaixotuta, eta erabiltzailerik ez’. Jakina, ez zietelako egiten testik”. Azaldu du orain hasi direla sintomaren bat duten adinekoei probak egiten. “Eta ia guztiek positibo ematen dute”.

Gipuzkoan, martxoaren 26an baieztatu zuten koronabirusagatik zahar etxe batean hildako baten lehen kasua, orain dela hiru aste eskas —ordurako, konfinamenduaren neurriak ia bi aste zeramatzan indarrean—. “Nire solairuan, martxoaren 4an, gizonezko bat hil zen. Koronabirusaren sintomak zituen, eta ospitalera eraman zuten. Esan zidaten arnas aparatuko infekzio batengatik hil zela, baina berez ez zuen arnasketa arazorik. Bi egun lehenago ondo zegoen. Ez zioten probarik egin. Urte asko daramatzagu honetan lanean, eta gutxi gorabehera suma dezakegu jendea nola dagoen”.

Aurreko astean gaixotu zen langilea; bezperan, 38 adinekori hartu zien tenperatura, eta erdiek baino gehiagok zuten sukarra. “Eta ni gaixotu nintzenetik asko okertu da egoera. Ni ez naiz ari bizitzen orain nire lankideak bizitzen ari direna, eta, hala ere, asko ari naiz sufritzen. Laguntza psikologikoa beharko dugu guztiok”. Izan ere, harreman estua izaten dute langileek egoiliarrekin. “Guretzat oso garrantzitsuak dira; maite ditugu, asko egoten gara haiekin, haien familiak bezalakoak gara. Sekulako deskontrola dago; izugarria da gertatzen ari dena”.

Otsailaren amaieran lehena

Zahar etxeetan dauden adinekoei erasan die, batik bat, koronabirusak Gipuzkoan, baina ez haiei bakarrik, noski. Otsailaren amaieran baieztatu zuten lehen positiboa lurraldean, eta ordutik 2.230era igo da gaixotu direnen kopurua. Horietatik 279 ospitalean daude. Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeetan baino hobeak dira datuak: Bizkaian, 489 dira hildakoak; Araban, 290; eta Nafarroan, 261. Aste honetako asteartea izan da orain arteko egunik beltzena Gipuzkoan, 25 lagun hil baitziren egun bakar batean.

Biztanleriaren eta gaixotutakoen kopuruaren arteko proportzioa kontuan hartuta, badaude aldeak herri batzuetatik bestera. Herri txikiak aparte utziz gero, Arrasate da batez beste gaixo gehien dituzten herrietako bat: 22.000 biztanle ditu, eta 191 gaixotu dira (%0,9 inguru). Horren arrazoia zein izan daitekeen galdetuta, pandemia “oso azkar” hedatu dela erantzun dute udaleko iturriek. “Baina oraindik ez dakigu ziur zergatik eragin duen eremu batzuetan era batera edo bestera; oso zaila da daturik gabe balorazio bat egitea”.

Ordizia, Zumarraga, Tolosa eta Eibar dira batezbesteko handienak dituzten beste herrietako batzuk. Kontrako aldean, proportzioan gaixotu gutxien dituztenen artean, Azpeitia, Azkoitia eta Deba dira adibideetako batzuk. Azpeitiak, adibidez, 15.000 biztanle ditu, eta zortzi kasu baieztatu ditu oraingoz (%0,05). Hamasei herrik, berriz, garbi jarraitzen dute: Abaltzisketak, Altzagak, Baliarrainek, Beizamak, Berrobik, Elduainek, Errezilek, Gabiriak, Gaintzak, Gazteluk, Ikaztegietak, Larraulek, Leintz Gatzagak, Orendainek, Orexak eta Zerainek. Guztiak ere 650 biztanle baino gutxiagoko herriak dira.

Donostiari dagokionez, orain arte 514 kasu daude baieztatuta (biztanleen %0,28). Aste honetan beste datu bat ere eman du Eneko Goia alkateak: martxoaren 14tik apirilaren 13ra bitartean 172 heriotza erregistratu dira Polloeko hilerrian, iaz epe berean baino %43 gehiago. Horietatik 29k zuten koronabirusa diagnostikatuta (%17). Beraz, gaixo horiek alde batera utzita ere, iaz baino 23 heriotza gehiago izan dira. Posible da hildakoetako batzuek koronabirusa izatea baina baieztatu gabe egotea.

Herritarren osasun egoeraz gain, egoera ekonomikoa bihurtu da udalen beste buruko min nagusietako bat. Egoera berria izanik, inprobisatzea tokatu zaie. Gizarte larrialdietarako laguntzak indartzea eta haien tramitazioa erraztea, etxez etxeko laguntza ematea, zerga hobari batzuk ematea, merkataritza sustatzeko kanpaina bat egitea, ekonomia berraktibatzeko bonuak sortzea (10 euro herritarrak jartzen ditu eta 20 udalak) eta beste hainbat neurri hartu dituela kontatu dute Arrasateko Udalean. Eta antzeko neurriak hartu dituzte gainerako herri gehienetan ere, tokian tokiko errealitatera egokituta.

Enpresa askok, berriz, enplegua erregulatzeko espedienteetara jo dute. 8.524 espediente aurkeztu dira jada, eta 55.015 langileri eragiten diete. Aurrera begira ere ziurgabetasuna da nagusi. “Seguru asko beste mota bateko espedienteak beharko diren garaietara ari gara hurbiltzen”, esan zuen herenegun Jon Azkue Jaurlaritzako Lan sailburuordeak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.