“Lentillen ordez, etxean betaurrekoak erabiltzea komeni da”

“Lentillen ordez, etxean betaurrekoak erabiltzea komeni da”

Unai Zubeldia

“Ez ukitu aurpegia, sudurra eta begiak”. Horixe izan da Jose Ignacio Rekalde (Eibar, 1952) Bilboko Oftalmologia Institutu Kliniko Kirurgikoko eta Eibarko Recalde klinikako oftalmologoaren lehen aholkua. Begiak arrisku gune bihurtu dira COVID-19 gaitza zabaltzen ari den garaian, eta, alde horretatik, aholku argiak eman ditu Rekaldek. “Erosoak” direla onartuta ere, bereziki gazteei eskatu die lentillen erabilera neurtzeko. “Gazteek kalitate oneko malkoa daukate; ez dute nekerik nabaritzen, eta abusatu egiten dute. Denborarekin, ordea, murriztuz joaten da malkoaren kalitatea”. Eibartarrak berebiziko garrantzia eman dio begiei tarteka atseden emateari ere.

Itxialdia, telebista, sakelakoa, ordenagailua, lentillak, berogailua… Begientzat ekuazio arriskutsua da hori, ezta?

Hala da, bai. Gailu elektronikoek lehortu egin ditzakete begiak. Etxe barruan gaudenez, normalean baino askoz gehiago erabiltzen ari gara ordenagailuak eta, eta komenigarria da neurri batzuk hartzea. Garrantzitsuena da ordenagailu aurrean postura ona hartzea, eta pantailaren eta begien arteko distantzia errespetatzea. Tarteka atseden hartzea eta begiekin ariketa batzuk egitea ere komeni da, ikusmen lausoa, begietako lehortasuna, buruko mina, lepoko mina eta nekea sortzen baitira bestela; Ordenagailuaren Ikusmen Sindromea deitzen zaio neke horri.

Begiak zaintzeko, zer neurri gehiago har daitezke etxe barruan?

Ahal den neurrian, hezetasuna mantendu beharko genuke etxean; lehortasuna baztertzen saiatu beharko genuke. Berogailuek eta haize egokituak asko lehortzen dute ingurua, eta ez dira gehiegi erabili behar.

Begiak aipatuta, lentillen erabilera izango da arazo nagusietako bat, ezta? Lentillen erabilera okerra.

Jendeari zalantza bat sortzen zaio beti: etxe barruan zer da hobea, lentillak jartzea edo betaurrekoak erabiltzea? Zalantzarik gabe, betaurrekoak; etxe barruan betaurrekoak erabili beti. Betaurrekoek babestu egiten dituzte begiak, eta, horren erakusgarri, tailerretan, adibidez, langileek betaurrekoak erabiltzen dituzte. Kasu batzuetan, ordea, derrigor erabili behar izaten dira lentillak, eta, beste erremediorik ez badago, kasu horretan hobe da erabilera bakarreko lentillak aukeratzea; garbiagoak dira. Erabiltzekotan, gainera, bai jartzean eta bai kentzean, garbiketa neurri zorrotzak behar dira. Lentilla normalen kasuan, berriz, hidrogeno peroxidoarekin desinfektatu behar dira, eta COVID-19arekin kutsatuta bagaude edo kutsatuta gauden susmoa badugu, debekatuta daude lentillak; kasu horretan oso arriskutsua litzateke erabiltzea.

Zein dira begiko nekearen sintoma nagusiak?

Begi gorriena da sintometako bat, baina ordenagailua gehiegi erabili izana, alergiaren bat, etxea garbitzeko produktuen eragina edo antzeko arrazoiren bat egon daiteke atzean; gehienetan ez da hain larria izaten. Begi gorriez gain, inflamazioa, malkoa edo makarra agertzen badira, ordea, kasu horretan konjuntibitisa bada koronabirusaren sintometako bat. Gaitza, normalean, ez da hasten konjuntibitis batekin, baina gerta daiteke hori ere. Konjuntibitisa agertzean, beraz, medikuarengana joan beharra dago badaezpada ere.

Ba al dago larritzen hasteko bestelako sintomarik?

Tira… Gerta liteke birusaren eraginez bat-batean diplopia agertzea, dena bikoiztuta ikusten hastea. Arazo neurologiko bat dago horren atzean, eta galdu egiten da begien arteko koordinazioa. Anosmiarekin edo usaimen arazoa daukatenekin ere gertatzen da hori; kasu horretan ere arazo neurologiko bat egoten da atzean. Birusaren eraginez, esklerotika eta konjuntiba biak batera inflamatzea ere gerta liteke, eta baita inflamazio intraokularra ere. Oftalmologoak aztertu behar izaten ditu kasu horiek. Baina kontua da birus hau ez dugula ondo ezagutzen oraindik.

Hainbeste ordu etxe barruan igarota, begientzat zer ariketa dira egokienak?

Pantailei begira igarotzen dugu egunaren zatirik handiena, aspertuta gaudelako eta zerbait egin beharra dagoelako, eta oso garrantzitsua da noizbehinka burua altxatzea, leihora joatea eta urrutira begiratzea. Ziliako giharrak atseden hartzea da ariketa horren helburua. Horrez gain, ona da tarteka begiak ixtea ere, horri esker malko geruza bat sortzen delako begietan eta lubrikazioa hobetu egiten delako. Alde horretatik, badago 20-20-20 izeneko arau bat: hogei minututik behin urrutira begiratzea eta hogei segundoz mantentzea da kontua; eta orduero hogei segundoan begiak itxita mantentzea.

Kolirioarekin edo begietako tantekin neurri berezirik hartu beharrik ba al dago?

Bai. Muturreko garbitasuna behar da kasu horietan, leku guztietan baitago birusa. Garbitasunari dagokionez, ezinbestekoa da bai betaurrekoak eta bai sakelakoak garbitzea, etengabe ukitzen baititugu egun guztian. Eta, noski, sukarra, eztula edo arnasa hartzeko zailtasunak izanez gero, medikuari deitu behar zaio berehala. Ez ahaztu etengabe eskuak garbitzea, oso erraza baita, eta oso garrantzitsua, xaboiak eta urak desegin egiten baitute birusa.

Konfinamendu betean, bertan behera gelditzen ari dira oftalmologiako hitzordu asko. Arriskurik eragin dezake horrek?

Klinikan gaude gu, baina larrialdiei edo tratamendu jakin batzuei bakarrik erantzuteko agindu digute, begietan indizioak behar dituzten pazienteei, esaterako. Gainerako errebisioak bertan behera gelditu dira, jendea ahalik eta gutxien mugitzea baita kontua. Baina argi utzi nahi dugu edozein arazo larriago izanez gero Osakidetzara edo edozein klinikatara joan daitekeela beharra daukana.

Alergien garaia izaten da udaberria, baina pentsatzekoa da etxe barruetan egonda begiek gutxiago sufrituko dutela alde horretatik, ezta?

Bai… Eragina txikiagoa izango da, ziurrenik, baina airean daude polena eta, eta nahikoa da balkoira ateratzea eragina nabaritzeko. Oraindik ez dugu askorik nabaritu, baina laster iritsiko da alergien garaia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.