“Kendu diguten hori behar du dantzak: toki fisikoa eta kontaktua”

Unai Zubeldia

Dantzaren sorkuntza eta formakuntza prozesuak sustatzeko eta laguntzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzu bat sortu zuen 2009an: Gipuzkoako Dantzagunea. Gari Otamendik (AƱorga, Donostia, 1980) sei urte daramatza jada egitura horretan. Donostiako Arteleku zentroan sortu zen proiektua; 2014an, Errenteriako Udalaren Niessen eraikinera igaro zen, eta, koronabirusaren gaitzak eraginda, gune fisikotik sarerako jauzia egin du orain, dantza gela birtualarekin. Jendearen erantzuna ikusita, jarraipena ematea aztertzen ari dira arduradunak.

11 urteko ibilbidean, Gipuzkoako Dantzagunea pixkanaka ari da bidea egiten. Zer balorazio egiten duzue barrutik?

Euskal kultur planaren barruan sortu zen Gipuzkoako Dantzagunea, nahiz eta Araban eta Bizkaian ez zen garatu proiektua. Gipuzkoako Foru Aldundiko kultur teknikariek, ordea, borondatea izan zuten hasieratik. Bere txikitasunean, prekarizazio egoeran eta baliabide gutxirekin, oso arrakastatsua izaten ari da bidea. Dantza komunitate bat sustatzea lortu dugu, helburua profesionalizaziorako baliabideak ematea dela kontuan hartuta. Lau areto dauzkagu Errenterian, eta doan uzten dizkiegu dantzariei eta konpainiei, nahiz eta irizpide batzuk badauzkagun. Konpainia eta sortzaile askok toki bat izan dute Gipuzkoako Dantzaguneari esker, eta aholkularitza zerbitzu bat ere badaukagu, Bulego Irekia deitzen dioguna. Horrelako gune gutxi daude gure inguruan.

Erakustaldiak, tailerrak, egonaldiak, ikastaroak, aholkularitza… Dantzarako gune soil bat baino askoz gehiago da, beraz, Gipuzkoako Dantzagunea.

Gure ahalmenaren barruan, guneari bai, baina sareari ere garrantzia ematen diogu. Esaterako, hitzarmena sinatuta daukagu Donostiako Musika Eskolarekin, Donostia Kulturarekin ere bai… Gureaz gain, sortzaileei beste gune batzuk ere eskaintzen saiatzen gara, Gipuzkoa osorako zerbitzua baita. Dantza garaikidera bideratuta egoteko konnotazioa dauka Dantzaguneak, baina dantza mota guztiek dute tokia gurean. Adibide gisa, Dantzan Ikasi programa ere badaukagu, dantza tradizionaleko irakasleentzako formakuntza programa. Guretzat oso garrantzitsua da sektore guztiarekin elkarlanean aritzea.

Koronabirusak eraginda, Gipuzkoako Dantzaguneak ere egokitu egin behar izan du bere jarduna. Garrantzitsua izango zen erabateko etenari ihes egitea, ezta?

Berezkoak dituen ezaugarriengatik, kendu diguten hori behar du dantzak: toki fisikoa eta kontaktua. Aldaketak aldaketa, idazle batek jarrai dezake etxean idazten; musikariak ere aritu daitezke etxean grabaketak egiten, pistak baliatuta; baina dantzak behar du zuzeneko hori, zuzenekoa izan beharra dauka dantzaren sorkuntza prozesuak. Dantzariarentzat gorputza bera da idazlearentzat ordenagailua dena edo musikariarentzat biolina dena. Baina dantza nolabait mantendu beharra geneukala ikusi genuen, eta, telelana egiten ikasi dugun moduan, areto birtualean aritzen ere ikasi dugu.

Egunero izaten da ordubeteko saio bat, ezta? Eta, ondoren, hausnarketa hitzaldi modukoak antolatzen dituzue ostiraletan.

Hala da, bai. Argi utzi behar da Dantzagunekoak ez direla aerobik klaseak. Saio fisikoak dira, baina koreografoak ari dira klase horiek ematen; teknika koreografikoen mantentze saioak dira. Lengoaia koreografikoa lantzeko klaseak izaten dira astelehenetik ostegunera artekoak, koreografo bakoitzak bere lana erakusteko saioak. Eta sortzaileen leihoa irekitzen dugu ostiraletan; hizketaldi modukoak izaten dira saio horiek, sorkuntza prozesuari eta diskurtsoari bideratutakoak.

Konfinamendu egoera aukera gisa baliatu duzue azkenerako, nazioartean ari diren hainbat artista bertaratzeko aukera eman dizuelako sareak, ezta?

Ateak itxi dizkigute, baina leiho bat ireki dugu. Fisikoki oso zaila da Berlin eta Errenteria momentu berean batu ahal izatea, baina aste hauetako telelanak aukera hori eman digu, behintzat. Jone San Martin, esaterako, Berlinetik aritu zen zuzenean. Bestalde, gaur egun sarea erabat beteta dago horrelako dantza saioekin, baina uste dugu Gipuzkoako Dantzaguneak mantendu edo sendotu egin behar duela berezko ezaugarri eta bokazio hori.

Iker Arrue, Eneko Gil, Sophie Sarrote eta Aritz Lopez izan dira aste honetako sortzaileak. Nola aukeratzen dituzue irakasle birtual horiek?

Gipuzkoarra izatea, Gipuzkoan erroldatuta egotea edo azken hiru urteotan Gipuzkoako Dantzagunearekin proiekturen batekin lotura izatea jarri dugu irizpide gisa. Eta, tira, baita fakturatu ahal izatea ere. Hasieratik argi eduki dugu ez dugula indartu nahi kulturaren doakotasuna. Izan ere, denok euforiarekin hasi genuen itxialdia, nolabaiteko autoerrealizazio artistiko pertsonal batean sartu ginen, eta ez dakit zenbat liburu irakurri eta kantuak grabatu beharra geneuzkan. Hortik ihes egin nahi izan dugu, eta horregatik ordaintzen ditugu saio guztiak.

Edonork parte har dezake saioetan? Edo dantzari eta dantza irakasle profesionalentzako da eskaintza?

Sartu, edonor sar daiteke [Jitsi aplikazioa erabiltzen dute], eta oso pozik hartuko dugu, gainera, Dantzagunearen helburua badelako publiko berria erakartzea ere. Baina Dantzagunearen berezko bokazio horren barruan, saioak ez dira egokitzen ezer ez dakitenen erritmora. Nolabait profesional diren horiengan jarri dugu lehentasuna; baina, berriz diot, inori aterik itxi gabe.

Laugarren astea bete duzue jada. Zer-nolakoa izan da orain arteko erantzuna?

Oso ona. 30 lagun elkartzen dira gehienetan, eta berrogei ere elkartu izan dira saioren batean. Izugarrizko kultur eskaintza dago gaur egun; olatu horren gainean gabiltza igeri, eta badakigu dantzaren erakarpen gaitasuna ez dela izaten handiena. Horregatik da hain positiboa egunero hainbeste jendek gurekin bat egitea.

Etorkizunerako bidea zein izan daitekeen erakutsi dizue, agian, konfinamenduak…

Batek baino gehiagok aipatu du hori, eta ikusiko dugu. Arrakasta handia izaten ari da proposamen berria, eta, azkenean, beste leiho bat da hau. Opera House eta beste hainbat proiektu antzeko bideari helduta dabiltza Facebooken eta Youtuben, eta, gure txikitasunean, ikusiko dugu zer egin dezakegun.