Komunikazioa inkomunikazioa

Leire Narbaiza

Joan den apirilaren 22an hil zen Jose Luis Zumeta pintorea. Pinturaz eta arteaz gutxi dakidan arren, Zumetaren koadroek barruan zerbait eragiten didate, kontu definiezin bat. Gustuko ditut, berba baten. Lan askotako kolorearen erabilera ausart horregatik, beharbada. Ezin jakin zer sortzen duten artelanek guregan, baina esan nezake usurbildarraren koadro askok konektatu eta komunikatu egiten dutela nire gogoarekin (gogo, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lehenengo adieran: gizakiaren buru ahalmenen egoitzatzat edo iturburutzat hartzen den gauza), azalezina, ez bada artearen magia bidez. Komunikazioa.

Aitortu behar dut Zumeta Mikel Laboaren diskoen karatulen bidez ezagutu nuela, jende askok bezala. Konexioa sortzen da artista bien artean: musikaria eta margolaria. Pintura musika osatzen; konektatu eta komunikatu. Lekeitioak. Komunikazio-inkomunikazioa Lekeitioa. Diskoan hain gordina dena entzuteko, ulergarria bihurtzen zen, zentzua hartzen, bere eszenografia biluzian oholtza gainean, gitarra, egurrezko aulki bat, musika diapositibez lagunduta, oihu eta ahotsek azaltzen zituzten binomio horren nondik norakoak: komunikazioa, inkomunikazioa.

Komunikazioa zein garrantzitsua den etxean denok konfinatuta behar dugun sasoi honetan, eta zein gaitza den ganorazkoa lortzea! Inkomunikazioa sustatzen dute komunikazio nahi horiek, komunikatzaile eskasen eskuetan dagoelako transmisioa.

Transmititzaile onak behar dira, egoera bakoitzerako egokiak. Komunikazio kabineteez gain, soseguz eta argi esaten dakiten agintariak behar ditugu. Ez bakarrik plantak egiteko, edota itxurakeriatan jarduteko, herritarrei egoera zertan den, zer egiteko asmoa dagoen, eta hori guztiori zertarako egin esplikatzeko. Ziurtasuna eta konfiantza helarazi ez ezik, garbi ere adieraziko dituztenak arauak eta eginbeharrak. Inkomunikazioa. Papera irakurtzea ez da nahikoa —eta irakurri behar bada, ahots goran irakurtzen ere jakin behar da: pausak, intonazioa, ahoskera, erritmoa…—, oratoria ere landu, adierazpena, gorputz jarrera, keinuak, begirada… Erretorika, azken baten. Gure aurreko euskaldunek erretorika hitza ikasi, eta erretolika asmatu zuten. Zientzia fikzioa ez balitz, esango nuke etorkizunerako bidaia egin zutela, eta gaur egungo politikariak ezagutu!

Izan ere, jasaten duguna ikaragarria da: poliziak eta militarrak “balentria belikoak” kontatzen (40 kilo laranja atzeman ditugu!); prentsaurreko eternalak (orduak neurri berri bat aurkezteko) ematen dituzten lehendakari tenplatu eta patxadatsuak, baina jario infinitua dutenak; lorazepama baino lo eragile eraginkorragoak diren presidente monokordeak; ileak aurpegia estalita, eta paperetik begirada altxatu gabe (txarto eta monotono) irakurtzen duten sailburuak… Eta %90 gaztelania hutsez! Betiko lez, euskaldunok elebakar erdaldunak baino askoz azkarragoak garenez, lau hitz gaizki leiturekin nahikoa dugulako, itxuraz.

Hizkuntza gutxi dakizkit, baina beste herrialde batzuetako prentsaurrekoak ere ikusi izan ditut tutik ulertu gabe. Askoz gehiago komunikatu didate, benetan, moduak, jarrerak eta dekoratuak ere asko komunikatzen dutelako.

Laboak Lekeitioetan bezala, agertokian atrezzo gutxi baina egokia erabilita, asko adieraz daitekeelako. Zumetarengandik ikasiko balute, eta kolorez bete jarduna, inkomunikazioa komunikazio bihurtuko lukete.

Leave a Reply

Your email address will not be published.