“Oraindik ez dugu asmatu heriotzaren heziketa sanorik”

“Oraindik ez dugu asmatu heriotzaren heziketa sanorik”

Unai Zubeldia

Hil Argi elkartea duela urte eta erdi sortu zen, herritarren artean heriotzaren inguruan hausnartzeko eta ezagutza zabaltzeko helburuarekin. COVID-19 gaitzak errealitatea asko gordindu duen garaiotan, elizan edo beilatokian egiten diren agur sozialetara mugatu gabe, agur intimoak eta herri mailakoak ere proposatu ditu Hil Argiko kide Nere Erkiagak (Lekeitio, Bizkaia, 1973). “Animalia sozialak gara, eta, heriotza kasuetan, talde izaera hori behar dugu bakardadea apurtzeko. Agurrek asko laguntzen dute heriotza barneratzen, baina agurrerako formatu asko daude”.

Zein hausnarketa dago Hil Argi elkartea sortzearen oinarrian?

Oso zaila da heriotzaren inguruan hitz egitea. Baina kontraesana da geure buruaren jabe izan nahi dugula esatea eta, aldi berean, heriotza ezjakintasunean eta isilunean mantentzea. Geure bizitzaren jabe gara; kontzientzia hori badaukagu, baina heriotzaz ez dugu hitz egiten. Heriotzaz hitz egiteko, ordea, ez dago profesionala izan beharrik. Heriotza kasuetan orain arte elizan elkartzen ziren herritar gehienak, baina egun ez du balio elizaren formulak, eta herri txikietan, batez ere, hil denari agurra egin nahi dioten pertsona guztiak elkartu ahal izateko formulak eta lekuak sortu behar dira. Gogorra da agur esatea, baina, berez, ondo eramanda, bizitzaren muina da heriotza, eta handia izan daiteke momentu hori. Zenbat eta burujabeago eta jakintsuago izan eta lasaiago egon, orduan eta errazago biziko dugu heriotzaren handitasun hori. Azkenean, kanpotik etortzen da gogortasuna, koronabirusarekin gertatu den moduan.

Gizartea zergatik bizi da heriotzari bizkarra emanda?

Askotan esaten da lehen hobeto bizi izaten zutela heriotza, baina, neurri batean, errazago zeukaten, etxean hiltzen zirelako, gune intimoan. Eliza katolikoak, ordea, ez du askorik lagundu heriotzaren gaian, beldurra sartu baitu, infernuarekin, arimekin, linboarekin… Hiletetako kantuak aztertuz gero, infernuaren beldur ziren beti; inor ez zen joaten zuzenean zerura, purgatorioan gelditzen ziren denak, eta errezatu egin behar izaten zen zerura iristeko; emakumeen egitekoa izaten zen hori, otoitzekin, mezak antolatuta… Oraindik ez dugu asmatu heriotzaren heziketa sanorik, eta guri dagokigu lan hori egitea, bai haurrekin eta bai helduekin.

Lagun batek hau kontatu zidan behin: minbiziarekin hil zitzaion aita, eta prozesua igarota esan zidan heriotza ederra izan zela, aita bakean joan zela, dena eginda eta maitasun guztia adierazita. Denek lortu zuten heriotzari beldurrik ez izatea. Horregatik da hain garrantzitsua heziketa.

Parean jarri dituzue heriotza agurrak eta omenaldiak. Bizitzako bidaia gogoratzeko ekitaldiak izan daitezke hil ondorengo omenaldi horiek?

Bai… Oso interesgarria da ikustea nola bizi duten heriotza herrialde anglosaxoietan; aurreratuago daude han, edo, tira, gu gaude, agian, oso atzeratuta. Herrialde anglosaxoietan badaukate elkarte humanista bat, laikotasuna zabaltzeko, eta agurreko ekitaldiak sortzeko lanketa bat eginda daukate, hiletena tartean. Han bizi ospakizunak deitzen diete agur horiei. Agurrerako modu asko daude, baina agurtzea eta omentzea da garrantzitsuena.

COVID-19ak, ordea, ezinezko bihurtu ditu ohiko agur ekitaldi gehienak.

Celebrant figura daukate britainiarrek; agurrak gidatzen dituena litzateke, ospatzailea. Bada, Mallorcan [Herrialde Katalanak] bizi den celebrant batek orain dela gutxi hitzaldi batean aipatu zuen une honetan ezin direla egin ohiko hiletak, baina badaudela agurrerako beste bide batzuk. Celebrant hori, esaterako, familia bateko hiru kiderekin geldituta zegoen beilatokira joateko, gorpua errausteko eta senidea agurtzeko. Baina, beilatokiak lanez lepo zebiltzanez, berak gidatuta ekitaldia Zoom plataformaren bidez egitea proposatu zien, Internetez. Gorpua erraustera zihoazen momentuan bertan Zoom bidez egin zuten ekitaldia, eta hurbileko senide guztiek parte hartu zuten; poemak, kantuak… Beilatokikoek, gainera, whatsapp bat bidali zuten senitartekoa erraustera zihoazen unean bertan, gidariak argazkia erakutsi zien Zoom bidez, eta zoragarria izan omen zen dena; aukera eman zuen fisikoki egon ezingo zirenak bertan egoteko.

Hori litzateke distantziara egindako agur soziala, bideratzaile baten laguntzarekin egindakoa. Distantziara egin daitezkeen agur intimoak proposatu ditugu guk, isolamendu egoeragatik elkartu ezin diren hurbilekoenek egin ditzaketenak, geroago egin beharko duten agur sozialaren lagungarri gisa. Ahalik eta sinpleen proposatu ditugu, inoren laguntzarik gabe egin ahal izateko eta teknologia kudeatzen ez duen pertsona batek ere erraz parte hartu ahal izateko. Isolamendurik gogorrena bukatu da orain, baina berrogeialdian daudenentzako baliagarri izan daiteke oraindik.

Agur intimoez gain, sozialak eta herri mailakoak ere bereizi dituzue, ezta?

COVID-19ak eragindako krisiari erantzuteko proposatzen ditugu herri mailakoak, isolamendua bukatu eta ezer gertatu ez balitz bezala egitea ez delako ona. Bakardadean eta egoera gogorrean hil diren herritarrei omenaldia egitea ona izango da denontzat, familiei babesa emateko, eta gertatutakoa denon artean partekatzeko. Herritarrek egindako ekitaldia izatea proposatzen dugu, herriko taldeek parte hartuta, musika eskolak, dantza taldeak, bertso-eskolak… Eta ederra litzateke ikastetxeak ere parte hartzeko aukera izatea, haurrak ere kontuan hartzeko. Komunitatea edo kolektiboa indartzeko balioko dute ekitaldi horiek, eta familiei ere babesa jasotzeko balioko diete. Herri humanoagoak sortzeko pausoak dira guztiak.

Helduek eurek askotan ez dute asmatzen heriotzaren gaia ondo lantzen, baina nola landu behar da haurrekin?

Gure proposamenaren barruan daude umeak, baina zaila da norbera beldur denean haurrari beldur horiek ez transmititzea; beraz, gure beldurrak uxatzea da lehen helburua. Mar Cortinak asko daki gai horri buruz, eta hark esaten du haurrek, berez, guk beldurrik transmititzen ez badiegu, heriotza ulertzeko gaitasuna daukatela, baina garrantzitsua dela haiei entzutea; sentitu dezala ondoan zaudela. Antzeko iritzia zeukan John Muirrek ere, XIX. mendeko AEBetako naturalista handi batek. Natura bera da bizitza eta heriotza ulertzeko irakaslerik onena. Eskola askok heziketa prozesuaren barruan sartu dute jada heriotzarena, beldurra uxatzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.